2025(e)ko martxoaren 9(a), igandea

Zalduondo

Powered by Wikiloc

 


Zalduondo Arabako ipar-ekialdeko udalerri bat da, Arabako Lautadako kuadrillakoa. Gipuzkoarekin muga egiten du, eta hurbil ditu Nafarroa Garaiko Ziordia, Olatzagutia eta Altsasu. 1025. urteko Donemiliagako goldea agirian, Zalduhondo izenaz ageri da.


Zalduondo

Ingurune naturala

Gipuzkoako mugan dagoen Urkilla mendilerroa du herriak iparraldean. Handik, Lizarrate edo San Adriandik barrena zetorren antzinako bidea Zumarraundira, eta hortik Zalduondora. Lizarratek alde batean ditu Urkilla eta Aizkorriko mendilerroak, eta bestean Altzaniako mendiak.


Iturria

Historia

Esan bezala, 1025. urtean jada bazen Zalduondoren berri ematen zuen agiririk; beraz, uste da haren sorrera lehenagokoa dela. Garai haietan hasita, Zalduondotik pasatzen da Donejakue bidea. Udalerriko aztarna zaharrenak, hala ere, Aistra izeneko biztanlerik gabeko herrixkan aurkitu dira: VI. eta VII. mendeetako Erdi Aroko herrixka baten aztarnak. Euskal Autonomia Erkidegoan ezagutzen den Erdi Aroko herrixkarik zaharrena da. Ingurunea pinudiz estalita zegoen, eta Aistran nekazari talde bat bizi zen. Zerealak hazten zituzten.


Zalduondo

Inauteriak

Otsailaren 3an, inauteri-igandean, Markitos pertsonaia gaiztoa epaitu eta erretzen dute. Markitos beltzez jantzitako panpina gorbataduna da, eta gaitzak sinbolizatzen ditu. Horregatik erretzen dute: gaitzak deuseztatzeko. Harekin batera, herriko inauterietako beste pertsonaiak hauek dira: pregoilaria (erreketa baino lehen sermoia botatzen duena), porreroak (Lantzeko Ziripoten antzekoak), errauts banatzaileak, elkarrekin doazen atsoa eta agurea, artzaina eta ardiak (pertsonek irudikatuak) eta kale garbitzailea.


Bolatokia

Ondasun nabarmenak


Andoin-Luzuriaga jauregia

Andoin-Luzuriaga jauregia Arabako Zalduondon dagoen barroko estiloko 1683. urteko eraikina da. Herriaren hego-ekialdean dago, Uyar ibaiaren bazterrean, latsategiaren (garbitokia) eta Txaroste errotaren eta zubiaren ondoan. 1999an kultura ondasun izendatu zuten jauregia, monumentu sailkapenarekin.


Andoain-Luzuriaga jauregia

Errota eta Garbitokia

Eraikina isolatuta dagoen jauregia da, oinarri laukidun baten gainean eraikitakoa. Beheko solairuaz gain, lehenengo solairua eta ganbara ere baditu, eta azkeneko honek hegoaldeko fatxadan argia sartzeko leihoak ditu. Horma harriz egina dago; fatxada nagusiko paretak harlanduxkaz eta gainerakoak kare-junteatuko harlangaitzez. Teilatua lau isurialdekoa da eta fatxada nagusiaren hegalean landutako zurburuak ditu.


Garbitokia

Lazarragatarren jauregia

Lazarragatarren jauregia edo Lazarraga jauregia Arabako Zalduondoko herriko erdialdean, elizaren ondoan dago. Herrian Gizonen jauregia ere deitzen zaio ("Casa de los guizones", gaurdaino heldu den bezala), aurrealdeko armarriaren alde bietan gizon handi bana agertzen delako, gerlariak. Herriko museoa dugu gaur egun, Museo Etnografikoa, alegia. Jauregia XVI. mendeko bigarren erdialdean eraikia da. Jatorrian, Lazarragatarrak Oñatitik etorritako sendia izan zen, eta horren seinalea ate nagusiaren armarrian dugu. Zalduondoko Museo Etnografikoaren egoitza da egun.


Lazarragatarren jauregia. Museo etnografikoa

Oro har, esan daiteke eraikinak oin karratua duela; etxaurrea hareharrizko harlanduz egina dago eta besteak harri-hormazkoak dira. Solairu nagusiaz gainera beheko solairua dauka. Teilatua neurri handikoa da; lau uretara du isuria eta zeramikazko teilaz estali.


Lazarragatarren jauregia. Museo etnografikoa

Larreatarren etxea

 XV. mendekoa.


Larreatarren etxea

Udaletxea

Zalduondoko Udaletxea Arabako Zalduondo herriko instituzio-eraikin garrantzitsuena da. 1746an eraiki zuten. Eusko Jaurlaritzak Kultura Ondasun gisa monumentu izendatu zuen 2008an. 2006ko azaroan erabat kiskali zen istripuz, eta zaharberritu berri dute, eraberritze-lanak 2009ko ekainean bukatu dituztela.


Udaletxea

Eraikin zibila eta zerbitzuetakoa da, soila eta apaindura urrikoa. Eraikina oinplano angeluzuzenekoa da, fatxada nagusia albokoak baino txikiagoa da eta sakonera handiko bolumena osatzen dute; zeramikazko teila arabiarrez egindako bi isurkiko estalkia du eta ertzak harlanduzkoak. Gailurra fatxada nagusiarekin paralelo dago. Behe solairua, lehen solairua eta teilatupeko solairua ditu.


Udaletxea

Aistrako San Julian eta Santa Basilisa ermita erromanikoa

Aistra Zalduondoko herri hustua da. Zalduondoko kaskotik hurbil dago, 1.30 Km ipar-ekialdera. Bertan, baseliza bat baizik ez da geratzen, ondare historikotzat sailkatua.

Agirietan lehendabizikoz 1025ean agertu bazen ere, antzinakoa da. XIV. mendean utzi zuten auzoa behin betiko. 2004 eta 2009 artean Euskal Herriko Unibertsitatea eta University College of Londonen arkeologo-talde bat bertan aritu da eta herria erromatarren garaian jendeztatuta zegoela adierazi dute.

VI. eta VII. mendeetan haitzan hondeatutako terraza eta etxebizitza irregularrak eraiki zituzten. Hurrengo mendean aldaketa handiak izan ziren herrian: zenbait etxebizitzez gain nekropoli handia egin zuten. X. mendean egungo San Julian eta Santa Basilisa baseliza eraiki zuten.

Aditu hauen ustetan, Aistra Euskal Autonomia Erkidegoko Erdi Aroko herrixkarik zaharrena da.


Aistriako ermita

Tolosako San Saturnino eliza

San Saturnino eliza Zalduondoko eraikin erlijioso nagusia da, Arabako Lautadan. Lizarrate eta Aistratik zetorren errepide historikoa sartzen da elizaren ekialdetik. Estalkia gotiko berantiarrekoa du (XVI. mendea), eta XVI, XVII eta XVIII. mendekoak ditu fabrika, koru, sakristia, dorre eta erretaulak.


Tolosako San Saturnino eliza

Elizako zaindaria, San Saturnino Tolosakoa, herria Europako bideei begira jartzearen ondorioa da. Via Tolosanaren adar batetik Baionara eta, gero, Zalduondora heldutako erromesek Tolosa-Okzitanian ikusitako San Saturnino eliza handia gogora ekartzen zien eraikina aurkitzen zuten.


Tolosako San Saturnino eliza

Arbin etxea

XVI. mendekoa


Arbin etxea

 

Informazio iturriak:

https://eu.wikipedia.org/wiki/Zalduondo

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina