2025(e)ko urtarrilaren 2(a), osteguna

Baiona Ttipia eta Handia

Powered by Wikiloc

 

Baiona Ttipia

Lapurdiko hiriburuaren auzoa da, Errobi ibaiaren eskuinaldean eta hiriko erdigunean kokaturik. Mendebaldean Errobi ibaiak eta lau zubik Baiona Handia auzotik banatzen dute: Mayou zubia, Marengo zubia, Pannecau zubia eta Jenioaren zubia. Aldiz, iparraldean Atturri ibaiak eta Espiritu Sainduaren zubiak Espiritu Saindua auzotik banatzen dute. Gainontzekoan, ekialde nahiz hegoaldetik Baionako harresiak inguratzen du.

Antzinean "Burgu Berria" esaten zitzaion (Bourg Neuf). Bertan bizi izan dira Francoren garaian Hego Euskal Herritik ihes egindako hainbat errefuxiatu.

 

Baiona Ttipia

Eraikinak

Gaztelu Berria

XIII. mendean ingelesek eraiki eta XIV. mendean Karlos VII.a Frantziakoak berreraiki zuen.

 

Gaztelu berria

San Andres edo Done Ander eliza

San Andres eliza edo Done Ander eliza (frantsesez Église Saint-André) Lapurdiko Baiona hiriburuan dagoen eliza da. Baiona Ttipia auzoan dago, Gaztelu Berria eta Baionako eta Euskal Herriko Institutu Unibertsitario Teknologikoaren artean. 1859-1869 artean neogotiko estiloan eraiki zen. Barnean Léon Bonnat margolariaren margolanak ikusgai daude. Euskarazko mezak eman ohi dira.

 

San Andres eliza

Baionako harresiak

Lapurdiko Baiona hiriburuko Baiona Handia eta Baiona Ttipia auzoak inguratzen dituen harresi bat da.

 

Mousseroles atea

Baionako harresiak

Euskal Museoa

Baionako historia eta Euskal Herriko kultura jorratzen ditu, besteak beste. Euskal Museoa (frantsesez Musée Basque) Baionako (Lapurdi) Baiona Ttipia auzoan dagoen museo bat da. Euskal izena duen arren, haren gaia ez da euskara, Euskal Herriko etnografia baizik. Kortsarioen kaleko 37. zenbakian dago, XVII. mendeko Agorreta etxean (Frantziako monumentu historiko izendatua), Baiona Ttipia auzoan.

Euskal museo bat irekitzeko lehenbiziko ekimenak Baionan egoitza zuen Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne elkarteak bultzatutakoak izan ziren; euskal museoa gauzatzeko ideia jada aurretik 1914an sortutakoa zen. Phillippe Veiryn, William Boissel eta Ramiro Arrue sortzaileen artean egon ziren. Halere, 1922ko martxoaren 9an Castagnet alkateak aipatutako Elkartearekin bildu eta udalaren babespean museo berri honen antolatzaile eta administraria izateko proposamena luzatu zionean zehaztu zen.

1922ko apirilaren 3an Boissel komandanteak txosten bat argitaratu eta Elkarteak baiezkoa eman zion. Hainbat estualdi gainditu ondoren, lehenbiziko erakustaldiak antolatu eta hainbat objektu bateratzeko eraikina euren eskura gelditu zen. Hogei hilabete beranduago, 1923ko abenduaren 9an, Udal Ordezkaritza batek museoa bisitatu zuen, eta 1924ko urtarrilaren 5ean «Société de Sciences, Lettres et Arts» elkarteak aurreneko aretoetan zehar ibili zen. Otsailean Museoa jendeari ireki zitzaion. Museoaren atarian ezarritako oroitarri batek museo honetako sortzaile eta bultzatzailea izan zen Boissel komandantea omendu eta oroitzen du.

 

 

Euskal museoa

Léon Bonnat museoa

Bonnat-Helleu museoa Baionako udal museoa da, 1833an bertan jaiotako Léon Joseph Florentin Bonnat margolariaren izena duena. Honek 1891an, bere lanak ez ezik, 1880 eta 1900 artean erositako margo eta eskulturak ere eman zizkion udaletxeari. Emaitza hau baldintza bakar batekin egin zuen: lanak maileguz ez uztea.

Museoaren goiburua "l'Art d'encore plus près" da (euskaraz: "Artea oraindik gertuago").

Museoaren egoitza XIX. mendearen bukaeran Charles Planckaert arkitektoak eraiki zuen. 1889ko abenduan Baionako udaletxearen sutea eta gero eraikia (udaletxeko artxibo eta bildumak galdu zirenean), lau alde ezberdinak izan zituen: artxiboa, liburutegia, margoentzako museoa eta eskulturentzako lekua.

1896an Léo Pouzac alkateak lehenengo harria jarri ondoren, 1897an zabaldu zuten Baiona Ttipian. 1976an eraikina guztiz museo bihurtu zuten. Gertu le Carré eraikinean denboraldiko erakusketak egiten dituzte.

 

Bonnat museoa

Baionako Natura-Zientzien Museoa

1856ean sortu zen eta Baiona Ttipian dago, Floride parkea eta Raoul Follereau etorbidean. 1949-2010 artean itxia egon zen, azken urte horretan berrireki zelarik.

 

L'Auberge du Cheval Blanc

L'Auberge du Cheval Blanc (euskaraz Zaldi Zuriaren Ostatua) Baiona Ttipian dagoen jatetxea da. Bertoko sukaldariburua Jean-Claude Telletxea da. 1715eko eraikin batean kokatuta, Michelin Gidaren izar bat du.


Auberge du Cheval Blanc
 

Baionako eta Euskal Herriko Institutu Unibertsitario Teknologikoa

Baionako eta Euskal Herriko Institutu Unibertsitario Teknologikoa (IUT de Bayonne et du Pays Basque) Akitaniako Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatearen (UPPA) zati den unibertsitatea da, 1985ean sortua. Baiona Ttipian du egoitza, Paul Bert plazan, Angelun beste campus bat badu ere. Urtero 900 bat ikasle berri jasotzen ditu. 2008-09 ikasturtean denera 2.600 ikasle zituen. 2008an eskola, jangela eta liburutegi berriak ireki dituzte Errobiko kasernan.

Guztira hamabi titulazio ezberdin eskaintzen ditu, teknologia diploma unibertsitarioak eta diploma unibertsitarioak. Horien artean, gizarte zientziei loturiko ikasketak dira nagusi.

 

Zubiak

Espiritu Sainduaren zubia

Santizpirita zubia Lapurdiko Baiona hiriburuan dagoen zubia da. Izen berdineko Santizpirita auzoa eta Baiona Ttipia elkarlotzen ditu. Harriz egina da eta 200 metro luze ditu, 7 arku edo zubi-begiz osatua da. Jada Erdi Aroan, 1139tik aurrera leku honetan bertan egurrezko zubi bat bazen, XVIII. mendearen amaiera aldera suntsitua izan ondoren, 1791an harriz berreraikia izan zen. Gaur egungo zubia XIX. mendearen erdialdekoa da.


Espiritu Santuaren zubia (Argazkia: Wikipedia)

Mayou zubia

Mayou zubia (frantsesez Pont Mayou) Lapurdiko Baiona hiriburuan dagoen zubia da. Baiona Handia eta Baiona Ttipia auzoak elkarlotzen ditu. Hain zuzen ere, alde batean Baionako herriko etxea dagoen Askatasunaren plaza du eta bestean Baiona Ttipian Espiritu Sainduaren zubiaren bat egiten du. Jatorria Erdi Aroan du. 1857an harriz berreraikia izan zen. 2009eko otsailean uholdeen ondorioz eta Errobi ibaiaren uren indarrak sortutako kalteen ondorioz, birmoldaketa lanak egin zitzaizkion.

 

Mayou zubia

Marengo zubia

Marengo zubia (frantsesez Pont Marengo) Lapurdiko Baiona hiriburuan dagoen zubia da. Errobi ibaia zeharkatzen du, eta Mayou zubia eta Pannecau zubiaren artean kokatua dago. Baiona Handia eta Baiona Ttipia auzoak elkarlotzen ditu. Jatorria Erdi Aroan du eta harriz egina dago.

 

Marengo zubia

Pannecau zubia

Pannecau zubia (frantsesez Pont Pannecau) Lapurdiko Baiona hiriburuan dagoen zubia da. Errobi ibaia zeharkatu eta Baiona Handia eta Baiona Ttipia elkarlotzen ditu. Marengo zubia eta Jenioaren zubiaren artean dago. Baiona Handiko aldean Baionako merkatua du. Jatorria Erdi Aroan du. Antzina leku honetan bertan euren senarrei desleialak izandako emakumeak burdinazko kaiola batean sartu eta Errobi ibaiko uretara bota ohi zituzten[1].

 

Pannecau zubia (Argazkia; Wikipedia)

Jenioaren zubia.

Jenioaren zubia (frantsesez Pont du Génie) Lapurdiko Baiona hiriburuan dagoen zubia da. Errobi ibaia zeharkatu eta Baiona Handia eta Baiona Ttipia elkarlotzen ditu. Pannecau zubia eta Lapurdiko zubiaren artean kokatua dago. Jatorria Erdi Aroan du eta harriz egina dago.


Baiona Handia

Baiona Handia (Grand Bayonne frantsesez) Lapurdiko hiriburuaren auzoa da, Errobi ibaiaren ezkerraldean eta hiriko erdialdean kokatua. Gune komertziala da. Ekialdean, Errobi ibaiak eta lau zubik Baiona Ttipia auzotik banatzen dute: Mayou zubia, Marengo zubia, Pannecau zubia eta Jenioaren zubia. Aldiz, iparraldean, Atturri ibaiak Espiritu Saindua auzotik banatzen dute. Gainontzekoan, mendebalde eta hegoaldean Baionako harresiak inguratzen du. Toki berean antzinako erromatar hiria zegoen, auzo hau hiriko jatorrizko gunea edota eremu zaharrena baita.

 

Baiona Handiko etxeak

Baiona Handiko etxeak

Eraikinak

Baionako Santa Maria katedrala.

Santa Maria katedrala edota Andre Maria, Baiona Handia auzoan kokaturiko katedral gotikoa da. Eliza Katoliko Erromatarrarena da tenplua, eta han du egoitza Baionako apezpikuak (gaur egun, Leskarre eta Oloroe-Donamariako apezpikua ere bada). 80 m luze eta 33 m zabal da. Nabe nagusiaren sabaian, 26 m garai da; baina, 70 m-ko orratz biei esker, orotara 80 m garai da.


Baionako Santa Maria katedrala

Baionako katedral erromanikoa suak irentsi zuen 1258an eta 1310ean, eta haren tokian berean eraiki zuten egungo katedrala, XIII. mendetik XVII. mendearen hasiera bitartean. Frantziako Iraultza garaian katedrala profanatu egin zuten, eta Inperioaren garaian biltegi militar gisa erabili zen; horregatik, ez zen elizkizunetarako gai izango konkordatua sinatu zen arte. Handik gutxira, era bikainean zaharberritu zen dena. XIX. mendean, bi kapitel erantsi zizkioten. Egitura askotan izan zen berrezarria, nabariki Émile Boeswildwaldek XIX. mendean: orduan ezarri zizkioten orratzak katedralari.


Baionako katedraleko dorreak Baiona Ttipitik


Baionako Santa Maria katedrala eta klaustroa Euskal Herriko arte gotikoaren garaiko eraikuntzarik ederrenetakoa da. Aipagarriak dira Pizkundeko beirateak eta XIV. mendeko klaustroa. Katedrala Done Jakue bidean dago.


Baionako Santa Maria katedraleko klaustroa
 

Gaztelu Zaharra

Gaztelu Zaharra (Gazteluzaharre ere deitua) Lapurdiko Baiona hiriburuan dagoen gaztelu bat da. Hiri honetako Baiona Handia hirian kokatua dago.Lapurdiko bizkondeak XI. mendean eraiki zuen.

 

Gaztelu Zaharra 


Baionako harresiak

Baionako harresiak Lapurdiko Baiona hiriburuko Baiona Handia eta Baiona Ttipia auzoak inguratzen dituen harresi bat da.

 

La Poterne sarrera

Baionako harresiak


Baionako Herriko Etxea

Herriko etxearen eta antzokiaren eraikina 1842an Nicolas Vionnois ingeniariak eraiki zuen, eta urte hartan bertan inauguratua izan zen. Harriz eraikia, oin laukizuzena eta lau solairu eta garaiera mailaz osatua dago. Behe-solairua harrizko arkupe batez osatua dago. Nicolas Vionnois ingeniariak piloteen gainean eraikitako eraikuntza da. 1842 urtean inauguratu zen. Oinplano karratua eta lau altuera dituen harrizko eraikina da. Beheko solairua, erdi-puntuko arku-segida batez osatuta dago. Erdiko bi pisuetan, bao zuzeneko balkoi ugari irekitzen dira. Bere barandak, fatxadaren maila berdinean daude eta ez dira batere irteten. Bigarren pisuko barandak harrizkoak dira eta, bertan ere, bandera batzuk ikus daitezke. Goiko pisuan leiho zuzenak irekitzen dira. Kasu honetan, pisuaren perimetroa, eraikuntzarena baino txikiagoxea da. Eraikuntzaren inguruan errepide zabal bat iragaiten da.

 

Herriko Etxea


Baionako merkatua

Bertan Ipar Euskal Herriko eta euskal gastronomiaren kalitatezko produktu freskoak eros daitezke.

 

Baionako merkatua


Andre Mariaren kapera eta ikastetxea

1834an Baionako Andre Mariaren ikastetxea sortu zen, Udalak Gurutzearen Alaben ordenari neskei doaineko hezkuntza irakasteko baimena eman zienean. Ikastetxea Gaztelu Zaharraren alboan ezarri zen, gaur egungo Montaut plazan. Ondoren, erakundea handituz joan zen. 1839an langela eraiki zen eta 1845an aterpetxea. 1851an Udalak erakundeari neskentzako udal eskolaren titulua eman zion. 1860ean aurretik etxebizitza pribatu bat zegoen solairuan kapera eraiki zen. Eraikina unibertsitateko kapelauaren diru ondasunaren bidez osoki finantzatu zen.

 

Andra Mariaren kapera eta ikastetxea


Informazio iturriak:

https://eu.wikipedia.org/wiki/Baiona_Ttipia

https://eu.wikipedia.org/wiki/Baiona_Handia

 


 








Powered by Wikiloc

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina