2024(e)ko azaroaren 18(a), astelehena

Bilboko Zazpikaleak

Zazpikaleak Bilboko alde zaharraren gune nagusia da eta hiriko auzorik zaharrena. Han daude hiriko lehenengo biztanleen aztarnak, San Anton elizaren azpian, bai eta hainbat eraikin historiko ere. Ibaizabal itsasadarrak inguratzen du auzoa, eta erdialdean Done Jakue katedrala dago. Goieneko aldetik barrenekora, hauexek dira zazpi kale historikoak:

1.      Goienkale edo Somera kalea.

2.      Artekale.

3.      Dendarikale.

4.      Belostikale.

5.      Harategi Zahar kalea.

6.      Barrenkale.

7.      Barrenkale Barrena.


Powered by Wikiloc


Zazpikaleetako irudi zaharra (Argazkia: Wikipedia)

Historia

Diego Lopez Arokoak itsasadarra ikustean eta aztertzean bertan herri arrantzale bat sortzea erabaki zuen eta bertan Logroñoko Foruaren oinarriak ezarri zituen (Alfontso VI.a Gaztelako erregeak 1095ean Camerosko jauna zen Ximeno Fortunionek eskatuta Logroñori emandako hiri-gutuna). Portua antzinako biltegiaren edo udalerriaren (San Anton Eliza dagoen lekuan) aurrean kokalekua zela eta, hiria berehala hasi zen. Hau gertatu aurretik herritar gutxi bizi egiten ziren itsasadarraren ertz batean. Hasieran hiru kale bakarrik egon ziren, Goienkale, Artekale eta Dendarikale, Bilboko Done Jakue katedralarekin batera. Pixkanaka biztanleria gehitzen joan zen eta gaur egungo zazpi kaleak eratu ziren. Hiru kaleak inguratzen harresia ezarritzen hazi zen, gordeleku batekin hiritarrak pobreziatik baztertzeko. Geroago zubiaren gordelekua bota eta eliza eraiki zuten oraingo San Anton eliza dagoen lekuan. Bilbo hazten jarraitu zen eta itsas merkataritza garatu zen, halaber, bertako lehen biztanleak itsasadarraren bi aldeetatik hedatzen ziren hiria bezala, eta harresiak ere. Ezkerraldeko kostan burdina ustiatzen zuten hainbat eraikin zeuden. Hiru kale horiek harresi batekin erdi-inguratuak zeuden. Harresia Zamudioko atean hasten zen, gaur egun Unamuno plazatik Artekalera doan bidean, gutxi gorabehera. Kale bakoitzak errekarantz bere atea zuen eta ate guzti horiek San Antongo zubian zegoen ate fortifikatu bakarrera zihoan bidea irekitzen zuten. Ate horietako bakoitza dorretxe bat zen, Legizamon, Zubialdea eta Arbolantxa izenekoak. Gainera geroago Erronda kalea izango zenetik beste sarrera bat zegoen Goienkalera, Ibeniko atea izenekoa. Harresietatik kanpora ezkerraldeko etxeak kenduta San Nikolas eta Ibeniko etxaldeak zeuden.


Zazpikaleetako irudi zaharra (Argazkia: Wikipedia)

XV. mendean Alde Zaharreko gunea sortu zen, zatirik zaharrena beste lau kaleekin handitu eta gero. Horren ondorioz "Zazpi kaleak" sortu ziren, Bilboko hirigune historikoak gaur egun duen izena hartu zuten eta harresia haien inguruan hedatzen jarraitu zuen. Zazpi kaleak osatu ostean harresiak jada zazpi-kale osoak inguratzen zituen. 1442 urtean oinarritutako mapa batean zortzi dorrek eta hiru atek irekitzen dute hiria kanpoaldera. Lehen aipatutako bi ateez gain beste bat zegoen Belostikallen. Antzinako harresi horietatik antza zerbait geratzen da Erronda kalearen kantoi batean. Gaur egun Yohn jauregia dagoen lekuan (Burtsa) eginiko ikerketa arkeologikoetan harresi horren zatiak aurkitu ziren. Barrio Lozaren araberan harresi horrek 5 edo 6 metroko altuera zuen eta 1,80 metroko zabalera.

Bilbo beti egon da bere errekarekiko oso loturik, antzinako portuaren jarduerak San Anton elizaren aurrean hasi zirenetik gaur egungo Superportura arte. Bere kokalekuagatik, hiria berehala hasi zen garrantzia irabazten, Gaztelako produktuen igarobide bezala. Horrela biztanleria pixkanaka hazten joan zen. San Antongo zubia zen hirirako sarbide nagusia, bertatik igarotzeko ordaindu beharra zegoelarik. Urte horietan ere Donejakue bidearen kostaldeko adarra Bilbotik igarotzen zen, eta horrek diru gehiago ematen zion.

Harresiak eraisten 1571an hasi ziren, egondako sute baten ondorioz. Azaroaren 9an sute batek ia etxe guztiak erre zituen, zutik 6 dorretxe eta elizak bakarrik utziz. Hortik aurrera etxe guztiek hiru pisu izan behar zituzten, behekoa dendentzat eta goiko biak etxebizitzentzat. Gehienek labe bat eta baratze bat zuten. Etxeen altuera 10,45 metrotik 10,86ra izan behar zuen. Sute honen ondoren kaleen zabalera egokitu zen, 6,25 metrotara eta kale berriak eraiki: Santa Maria, Bidebarrieta, Santiago (Korreo), Kale Erreala eta Iturribide. Pietate eta Parra zeharbideak ere ireki ziren.


Zazpikaleetako irudi zahrra (Argazkia: Wikipedia)

XVI. mendean ere Bilbok kaleak garbitzeko lehenengo sistema instalatu zuen. Ura itsasadarrean gora hartzen zen eta lur azpitik Erronda kalean zegoen biltegiraino eramaten zen. Hori beteta zegoenean ateak ireki eta ura azkar eta indartsu jaisten zen kaleetatik berriro itsasadarrera. Garai horretarako nahiko aurreratua zen sistema hau.

XVIII. mendean, San Nikolas baseliza txikia egon zen tokian, gaur egungo eliza eraiki zen, eta honen aurrean zegoen Areatzan, Bilboko parkea. Horrela, berez Bilboren "hondartza" zenean, zuhaitzak landatu ziren eta hirirako aisialdi gune bilakatu zen. San Antongo elizatik hurbil, garai hartarako oso modernoa zen ospitale bat eraiki zen (Atxurikoa), gizonak emakumeetatik bereizten zituena.

Zazpikaleen iparraldera, kale berriak sortu ziren, Posta eta Bidebarrieta horien artean. Eta Plaza Barria. Hauxe jotzen da hiriaren "lehen zabalgunetzat", Sendeja eta Itxaropen kaleetan zehar egindakoarekin batera (gaur egun Udaletxearen eraikina ezartzen den gunean alegia).

XIX. mendean ere Plaza Berria eraikitzeko plana garatu zen, Donostian baino mende bat beranduago. 1784an Alejo de Mirandak egin zuen lehenengo plana, Agustin de Humaranek aldatu zuen 1805an eta Avelino Goikoetxeak bukatu zuen, ahalik eta 1851an bukatuta egon zen arte.


Zazpikaleak

San Nikolas eliza Bilboko Zazpikaleetan dagoen tenplu katoliko bat da. 1756an inauguratu zuten. Barrualdean, bost erretaula ditu rokoko estilokoak. Juan de Iturburu lekeitiarrak Juan de Agirrerekin batera bi egin zituzten, 1752tik 1756ra: Urrikalmenduarena eta San Krispinekoa. San Blas eta San Nikolasena Juan de Iturburuk bakarrik egin zituen, 1756tik 1758ra. Erretaula horien eskulturak Juan Pascual de Menak egin zituen.


San Nikolas eliza eta plaza

Bilboko Bankuaren egoitza. Bilboko Bankuaren lehenbiziko egoitza izan zen. Eraikitze-lanak 1865 eta 1868 artean egin ziren. Planoen arkitekto arduraduna Lyongo Arte Ederren Eskolako ikasle izandako Eugéne Lavalle frabtziarra izan zen eta Henri Labrouste Bordeleko Ospitale Nagusia bere obrarik garrantzitsuena izanik. Mende amaieran, 1898an, Severino Atxukarrok azkeneko handitze-lanak egin zituen, eraikinari gaurko forma emanez. Eraikinak oinplano angeluzuzena, sotoa, bi altuera eta txapitula-formako hirugarren solairu bat du. Barnekaldean angeluzuzen formadun patio bi ditu. Kanpoaldea harlanduzko harrikoa da, alboko fatxadetan adreilua izanik. Estalkia, mansardas eta arbel beltz duna, ez-ohikoa da Bilboko eraikinetan.


Banco Bilbao egoitza

Bilboko Plaza Barria   neoklasiko estilokoa da. Prozesu konplexu batek plazaren eraikuntza hirurogeitabost urtez luzatu zuen, denboraldi hau bi alditan banatu zelarik:

1.     1786-1829 artean proiektua martxan jarri zenekoa.

2.     1829-1851 artean gauzatu zenekoa.

Plazak hiru egile ditu:

1.    1821ean  Silvestre Pérezek planoak altxatu zituen.

2.    1825ean Antonio Etxebarria eraikuntza lanen ardura hartu eta1829an eta 1832an bi eraldaketa proiektu burutu zituen.

3.   1840-1851 bitartean Avelino Goikoetxeak proiektuaren ardura jaso eta Etxebarriaren proiektua eraldatu zuen.


Plaza Barria


Plaza Barriako arkuak

Plaza berri bat eraikitzeko ideia XVIII. mendeko bilbotar izaera ilustratuari zor zaio. Helburua antzinako solairua eremu funtzional, eroso, garbi eta eder batengatik ordezkatzea zen. Gaur egun plaza honetan Euskaltzaindiaren egoitza nagusia dago.


Plaza Barria eta Euskaltzaindia

Gortazar jauregia. XVIII. mendean eraiki zen. Egurrezko begiralekuak gehitu zaizkion barroko estiloko eraikina da. Gaur egun bertan Bilbo Zaharra euskaltegia dago.


Gortazar jauregia

Allende Salazar jauregia edo Jaspe etxea, maiz Allendesalazar jauregia idatzia, Bizkaiko Bilbo hiriburuan dagoen jauregi bat da. XVIII. mendean eraiki zen. Estilo barrokoa duen eraikina da, bere izkinaren tratamendu fina gailentzen da, basamentutik erlaitzera, baita bere armarri bikaina ere.


Allande Salazar jauregi

Miguel Unamuno plaza Bizkaiko Bilbo hiriburuko Zazpikaleak auzoan dagoen plaza bat da. Izena Miguel Unamuno bilbotar idazle eta filosofoaren omenez darama (Unamuno plaza honetan hasten den Erronda kalean jaio zen eta auzoan hazi zen). Plaza honetan Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa dago, eta bertatik Mallonako galtzadan ikus daiteke Arkeologi Museoa.


Miguel de Unamuno plaza eta iturria

Miguel de Unamuno plaza

Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa. Bizkaiko Arkeologia eta Euskal Herriko Etnografia Museoa jatorrizko izena zuela, 1921ean ireki zuten San Andres Ikastetxea Jesusen Lagundiarena zen eraikin barroko klaustroko beheko solairuan. Ikastetxe horretako parrokia egungo Joan Santuen eliza da. Hasiera hasieratik Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko udala izan zituen babesleak. Epeka-epeka gertuko eraikinetara zabaldu zen, Bizkaiko Arkeologia eta Euskal Herriko etnohistoria jasotzen dituzten bildumak gehitu ahala. 1962an Kultura Ondasun izendatu zuten, Monumentu Historiko-Artistico Nazional mailan.


Arkeologia museoa

Joan Santuen eliza Bilboko Zazpikaleetan dagoen eliza da, Erronda eta Gurutzeko kaleen bilgunean kokatuta hain zuzen ere, eta Agirre Lehendakariaren jaiotetxearen alboan. Estilo barroko klasizista eraiki zuten XVII. mendean. XVIII. mendera arte Jesusen Lagundiaren San Andres Ikastetxearen eliza izan zen.


Joan Santuen eliza eta plaza

Zamudio ateko iturria.


Zamudio ateko iturria

Done Jakue katedrala Bilbok duen eliza nagusia da, Done Jakueri eskainia. Izen bereko plazan kokatuta dago, Zazpikaleetako erdialdean. Beste katedral asko bezala, hainbat mendez eraikia da, eta ondorioz hainbat estiloren nahasketa du: XIV. mendeko azken laurdenaren eta XVI.eko hasieraren artean eraiki zuten gehienbat, estilo gotikoan; hala ere, aurrealdea eta dorrea, XIX. mendean egindako berritzapenak, estilo neogotikokoak dira. Elizaren barrualdea 2002. urtean berriztu zuten azken aldiz. Urte hartan, gainera, eraikinaren kanpoaldea garbitu zuten, eta portikoa itxi.


Donejakue katedrala, plaza eta iturria

Donejakue katedrala

Done Jakue plaza (edo plazatxoa) Bizkaiko Bilbo hiriburuko Zazpikaleak auzoaren erdigunean dagoen plaza bat da. Izena bertan dagoen Done Jakue katedralari zor dio. Kokaguneagatik Bilboko gune nagusi izan zen eta 1885. urterarte hiriko eraikin guztien numerazio gunea ere bai. Plazaren erdian XVIII. mendean estilo neoklasikoan eraikitako iturri bat dago, Paret izena duena, diseinatu zuen Luis Paret y Alcázarren omenez. Bilboko Aste Nagusian euskal kulturarekin loturiko ekitaldiak ospatzen dira Done Jakue plazan, bertso-saioak nagusiki.


Donejajue plaza eta iturria

San Anton Eliza Bilboko bigarren eliza nagusia da, Donejakue katedralaren ostean. Zazpikaleak eta Atxuriko auzoen artean dago, Bilboko itsasadarraren ondoan. Antzinako Bilboko mugak zehazten zituen harresiaren aztarnak aurkitu dira elizaren azpian, baita Bilboko hiriaren sorrera baino lehenagoko aztarnak ere.


San Anton eliza

San Antongo zubia. 1318 baino lehen eraikia, litekeena da 1300an hiribildua eratu baino lehenagokoa izatea. Mendeetan zehar Bilboko itsasadarra zeharkatzen zuen zubi bakarra izan zen, bilbotarrek ertza bien arteko komunikazioen monopolioa mantendu nahi zutelako. Bilboko ikur bihurtua, la puente vieja (euskaraz: "zubi zaharra") ezizena duena, hiriburuaren armarrian agertzen da. Erdi Aroan eraiki zutenetik, oso zubi inportantea izan zen bertatik Bizkaiko jaurerria eta Gaztelako Erresumaren arteko merkataritza guztia pasa behar baitzuten, Maria Diaz I.a Harokoak Bilbori emandako eskubideari esker. XV. mendean, Bilboko agintariek zubi honetan bertan exekutatzen zituzten gaizkileak. Hiltzeko zigortuei harria lotu eta itsasadarrera botatzen zituzten.  Uholde askoren eraginez hainbat alditan eroria, askotan berreraikia izan zen. Horrexegatik 1870ean Udalak egungo kokalekuan zubi sendo bat eraikitzea erabaki zuen. Antzinako zubia San Anton elizaren aurrean zegoen, hau da, uretan behera, eta 1882an desagertu zen. Ernesto Hoffmeyerrek diseinatuta, egungoa 1880an zabaldu zuten. 1937ko ekainaren 17an Bilbo galdu zenean zubia dinamitaz lehertu eta frankistek laster hasi zituzten zubia berreraikitzeko lanak.


San Antongo zubia

Erriberako Merkatua. 1929. urtean, Pedro Ispizua Susunaga arkitekto bilbotarrak eraikia. Antzina, Bilboko zezen plaza zegoen tokian eraiki zuten. Urteak igaro ahala hainbat birmoldatze jasan ditu eraikinak, gaur egun, eraikinak dituen hiru solairuek erabilpen desberdina dute, barazki, arrain eta okela saltokiekin. Oraindik merkatuko postuen jabeekin zehazteke dagoen arren, Bilboko udalak badu proiektu bat, eraikina berriztu eta birmoldatzeko. Merkatuaren azken birmoldaketa, 1983. urtean egin zen, hiriak izandako uholde larriek eragindako kalte handiek eraikinean egindako kalteak konpontzeko.


Erriberako merkatua

Arana jauregia. 1590n eraiki zen eta Bilbon gaur egun arte mantendu izan den jauregirik zaharrena da. 1718ko matxinadan jauregiaren jabea eta Bizkaiko Ahaldun nagusia zen Enrique Aranak teilatutik ihes egin zuen matxinoak bertaratu zirenean. Atzeman ondoren Areatzan hil zuten. Pizkunde berantiar estiloa du eta Erribera kaleko aldeak arkupe batez osatua dago. Belostikaleko erdi puntuko arkua duen atearen gainaldean mailudun bi morrosko "basatiz" osatutako irudia du. Barnealdean patio bat du.


Arana jauregia

Erriberako zubia. Gaur egungo Erriberako oinezkoentzako zubia 1938an eraiki zen, Bilboko Defentsa Batzordeak, Jesus Mari Leizaolak zuzentzen zuena, Burdinazko Zubia zeritzona eta Bilboko gainerako zubiak eraitsi ondoren. 1. Euskal Dibisioak egin zituen leherketak, Joseph Putzen agindupean, 1937ko ekainaren 18tik 19ra bitarteko goizaldean, Bilbo erori baino ordu batzuk lehenago. Fernando Arzadun arkitektoak (Bermeo, 1893-1951) eraiki zuen, Martzana kaia eta Erribera kalea lotzen dituen arku parabolikoko zubi batekin. Arku horren giltzarritik zati zuzen bat ateratzen da, Mirasol Kondearen eta Aretxaga kaleen trazadurarekin lotzen dena, Martzana kaleko goiko espazio publiko txikian zehar. Bi habeko oinarri bat du, hiru errotulaz artikulatua. Errotulu horiek ertz aldakorreko taulan inskribatuta daude, eta arkitektoaren estiloaren ezaugarriak dituzten barandak dituzte. Zubia eraiki zenetik aldaketarik izan ez bada ere, nabarmen dira zubiaren egiturari atxiki zaizkion bistako hodiak. Ortiz de Zarate Koronelaren Zubia izen frankista demokraziaren garaira arte mantendu zen, 1980an egungo Erriberako Zubia izena eman zitzaionean.


Erriberako zubia

Mesedeetako zubia Bilboko itsasadarra zeharkatzen duen zubia da, Bizkaian, eta San Frantzisko auzoa eta Zazpikaleak lotzen ditu. Bere izena Mesedeetako elizatik dator, lehen komentua zena, bere ezkerraldean dagoena.


Mesedeetako zubia

Mesedeetako komentua eta eliza. 1532an Bilbora etorri ondoren, 1567an, Naxa parean, itsasadarraren ezkerraldera lekualdatu ziren mesedeetako mojak. 1621ean komentua eta eliza inauguratu zituzten, kaiari izena eman ziotenak, eta, geroago, zubia eta eskuinaldean dagoen kale txikiari. Gaur egun kontserbatzen den eraikin barrokoa 1663 eta 1673 artean eraiki zen Abandoko Elizateko lurretan. 1750ean berreraiki zuten, eta azkenean Bilboko Udalak erosi zuen.


Mesedeetako komentua eta eliza

Yohn jauregia. 1727n eraiki zen. Badirudi "Burtsa" (gaztelaniaz "La Bolsa") ezizena “merkatarien kontratazio poltsa” posible batengatik duela edo, besterik gabe, beheko solairuan izen hori zuen establezimendu batengatik. Gaur egun, egile ezezagun batek egin zuen eraikin hau kultur-etxea da. XIX. mendean, Bohemiako beste etorkin batzuk bezala, Leandro Yohn izeneko merkatari bat jarri zen bizitzen Bilbon, eta bere etxe eta negozioa eraikin honetan hartu zuen. Familia haren izenetik datorkio jauregiari izena. Bizkaiko arkitektura zibilean ez dago horrelako besterik, eta bere kanpoko hiru fatxaden dotorezia ere nabarmentzen da. Santa Maria kalera bideratuta dago, kalerik garrantzitsuenera, alegia. Dinteldun atea du.


Yohn jauregia

Txakurraren iturria Bilboko Alde Zaharreko iturri historikoa da. Hasiera batean merkatura eramaten ziren animalientzako edaska bat izan zen. 1800. urtean hiru kainu egin zitzaizkion, lehoien buruaz ornituta. Moldaketa neoklasiko horren arkitektoak Juan Bautista Orueta eta Miguel Maruri  zan ziren. Antza, jendeak animaliak ez zituen ondo bereizten eta hortik omen dator txakurraren erreferentzia. Iturri ezagun hau Txakur kalean dago kokatuta. Haren kontserbazio egoera ez da oso ona.


Txakurraren iturria

Mazarredo jauregia. Bere garaian Mazarredo almirantearen jaiotetxea eta bizilekua izan zen etxea. Fatxadako armarria eta balkoiak nabarmentzen dira.


Mazaderro jauregia

Bidebarrietako Udal Liburutegia Bizkaiko Bilbo hiriburuan dagoen udal liburutegi bat da.Zazpikaleetako Bidebarrieta kalean dago, Arriaga antzokia eta Areatzako parketik oso hurbil. Severino Atxukarro bilbotar arkitektoak estilo eklektikoan diseinatu zuen. Hasiera batean 1890an eraiki zenean "El Sitio" izeneko elkartearen egoitza izateko asmoz izan zen, Karlistaldietan Bilbo defendatu zutenen omenez, baina 1956an liburutegi bilakatu zen. 1983ko uholdeek asko kaltetu zuten, horregatik bost urtez itxia egon zen, azkenean 1988an berrireki zen. Gaur egun, Bilboko udal liburutegi sareko liburutegi nagusia da. Bertan, liburutegi zerbitzuak eskaintzen dira eta aldi berean, liburutegi sareko zerbitzu zentrala da, non hautaketa, erosketak, katalogazioa, zerbitzuen koordinazioa, etab. egiten diren.


Bidebarrietako udal liburutegia

Arriaga antzokia Bilboko zaharrena da eta gaur egungo erreferentzia nagusia antzerkiari dagokionez hirian, Juan Crisostomo Arriagaren omenez izendatuta. Halaber, musika eta dantzaren ikuskizunak ere antolatzen dituzte, bai eta Fant eta Zinebi zinema jaialdiak ere. Bere estiloa neo-barrokoa da eta Juan Crisostomo Arriagaren omenez eraiki zen XIX mendearen bukaeran, 1834an. Bilboko itsasadarrak, Areatzako parkeak eta Zazpikaleek inguratzen dute antzokia. Antzina, kafetegi bat zegoen antzokiaren beheko aldean, baina 1983ko uholdeak direla eta antzokian egindako berriztapenaren ondorioz, kafetegia kendu egin zen.


Arriaga antzokia

Areatzako zubia. XIX. mendeko hasieran, Zazpikaleak txiki geratu eta Bilbo hedatzeko Abando behar beharrezkoa. Orduan Bilboko itsasadarraren alde biak lotzeko San Antongo zubia eta San Frantziskoko zubi esekia besterik ez zeuden, oinezkoa zena. San Antongo zubiak zuen trafikoa oso handia zen, eta bide-saria ordaindu behar zen pasatzeko. Bilbotarrek Barrenkale kalearen aurrean zeuden barkuak ere erabiltzen zituzten beste aldera pasatzeko. Abandoren hazkuntza handia izanik, trafikoa etengabe hazi zen.


Areatzako zubia

Udaletxeko zubia. 1920ko hamarkadaren bukaeran, Bilbo hedatu zen itsasadarretik eta erdigunea Udaletxearekin eta berriki anexionatutako Begoñako elizatearekin lotzeko Begoñako zubia eraiki zuten, egun Udaletxeko zubia dena.

Orduko Bilboko portua uretan gora zegoenez zubia altxagarria eraikitzea erabaki zuten itsasontziek pasa daitezen. Horrexegatik Bilboko alkatea zen Federico Moyúak udal-arkitektoa zen Ricardo Bastida (1879-1953) Chicagora bidali zuen 1926an bertako zubi altxagarriak ezagutzeko. Cantilever motako zubiak modan zeuden, beso baskulagarriak dituztenak. Bastidak Michigan etorbidean zegoen zubia, 1920an Bennett, Pihlfeldt eta Young ingeniariek eraikia, ikusi eta hori aukeratu zuen. Bastidak Ignacio Rotaetxe eta José Ortiz de Artiñano ingeniariei eskatu zien zubia eraikitzea.

Sendeja eta Sierra kaleak (egun Buenos Aires) lotzen zituen zubia hasieran Begoñako zubia hartu zuen izena. 1929an diseinatuta, lanak 1933ko urrian hasi eta Euskalduna eta Babcock & Wilcox lantegiek egin zituzten.

1934ko abenduaren 12an zabaldu zuten eta 1937ko ekainaren 17an Bilbo galdu zenean zubia dinamitaz leherrarazi zuten agintariek, frankistei bidea ez erraztearren. Gabarrak erabiliz behin behineko zubia eraiki behar izan zuten frankistek. Laster hasi zituzten zubia berreraikitzeko lanak. 1941ean berriro zabaldu zuten "Mola jeneralaren zubia" izanik. 1983an jatorrizko izena berreskuratu zuen.


Udaletxeko zubia

Bilboko udaletxea Bizkaiko hiriburuko udaletxea da, Bilboko itsasadarraren eskuinaldean eta izen  bereko zubiaren ondoan kokatuta. Bilboko Udalaren egoitza egoitza da. 1892an Joaquín Rucobak barroko estiloan eraiki zuen Uribarriko antzinako komentu baten eraikina aprobetxatuz. Udalbatzaren gelaz gainera, eraikinaren gelarik inportanteena Arabiar Aretoa da, Granadako Aihambraren moduan eraikitako neomudejar gela non harrera ofizialak eta ezkontzak ospatzen dituzten.


Bilboko udaletxea

Zabalburu ikastetxea Bizkaiko Bilbo hiriburuan dagoen eraikin bat da. Antzinako Itxaropenaren komentua delakoan dago. 1867an Miguel Garrastatxu arkitektoak proiektatu eta eraiki zuen. Hasiera batean Itxaropenaren komentua izan zen. 1981an bertan Zabalburu ikastetxea sortu eta ezarri zen.


Zabalburu ikastetxea (Itxaropenaren komentua)

Gómez de la Torre jauregia. XVIII. mendean eraiki zen. Estilo neoklasikoa du. Lau solairuko eraikina da, aurrealdean solairu bakoitzeko sei leiho eta balkoi ditu, denera hogeitalau, gainera bigarren solairuaren erdian armarri bat ikusgai ere badu.

 

Gomez de la Torre jauregia

 

            Informazio iturria: https://eu.wikipedia.org/wiki/Zazpikaleak 





Powered by Wikiloc

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina