2024(e)ko urriaren 6(a), igandea

Eltziego

 

Herriaren berri zaharrak ditugu, 1067. urtekoak, hain zuzen, Donemiliaga Kukulako agiri batzuetan haren izena jada agertzen baitzen, El Cieko gisa. 1366. urtean, 15 etxe zeudela ziurtatzen zuen Nafarroako erresumak.1368ko beste agiri batean, aldiz, Ilciego bezala agertzen zen. Nafarroako Erresumakoa izan zen 1461arte, ondoren Gaztelakoa. 1571. urtean, 150 etxe zeuden herrian.1583an, Felipe II:ak hiribildu izendatu zuen, eta Guardiatik emantzipatzea lortu zuen, ordura arte haren menpe egon zen.


Powered by Wikiloc


Eltziegoko lalea

Herriko ondare historikoa ezagutzeko ibilbide labur bat egingo dugu. Herriko beheko errotonda handiaren ondoan ibilgailu utzi eta herria aldera igoko gara. Berehala herriko elizarekin egingo dugu topo. Eltziegoko San Andres parrokia eliza Mayor ibaiaren bazterrean  dago, herriko Plaza Nagusitik urrun. Nibelatu ahal izateko izugarrizko plataforma eraiki behar izan zuten, ikusgarria ibaitik begiratuta. Parrokian biltzen dira zenbait arkitektura estilo, hasierako gotikotik hasi eta sakristia berriko neoklasikoraino. Eraikinak, XVI. mendean harlanduan eginak, ohikoa den bezala, aldare nagusiaren aldea ekialderantz du; kanpotik uniformea dela badirudi ere, kronologikoki ez da horrela. Barnealdean nabaritzen da ongien eraikinaren bilakaera estilistikoa eta kronologikoa. Elizak nabe bakarra du, izugarri handia, 40 m luze, 16 m zabal, gurutzaduran 26 izatera heltzen direnak, eta 18,5 m altu.


San Andres parrokia eliza 

Arkitektura estilo zenbait erabili zituzten bertan. Lehenengo bi atalak, dorreetatik hurbilen daudenak, gotikoak dira, habe nerbiodunekin eta arku formero zorrotzekin; hirugarren atala klasikoagoa da, izan ere, habeei pilastra hegaldunak erantsi zizkieten eta haien gainetik sortzen dira izar-gangen nerbioak. Berpizkunde estilo garbiena duen atala gurutzadurakoa da, han erdi-puntuko lau parpain-arku dira gaineko izar konplikatuaren euskarri. Aldare nagusiaren ingurua hargintza lan izugarriko abside erdizirkularrak osatzen du, erabat arrakalatua bera. Sakristiara gurutzaduraren eskuineko aldetik sartzen da, eta horixe da, hain zuzen ere, sakristia neoklasikoa, parrokian azkena egin  zen obra.


San Andres parrokia eliza 

Ramírez de la Piscina-tarren hiriko jauretxea 

Herriko kale artean murgildu eta, bertako enparantzara iristean, herriko lehen jauregi-etxearekin egingo dugu topo. Ramírez de la Piscina-tarren hiriko jauretxea Barco kaleko 1 eta 3 zenbakietan dago, Plaza Nagusiko H-E izkinan. XVII eta XVIII. mendeetako bi jauregi barroko dira, kanpotik oso egoera onean kontserbaturik daudenak. Bi solairuko eraikinak dira, apaindurarik gabekoak eta herriko eta eskualdeko beste batzuk bezala, harlanduz eginak.  Burdin hesiteria kalitate  onekoa da bi eraikinetan, balkoietako sabai-aurreenak artaburu bikoitzeko barrote eraztundunak ditu, txapa muxarratuzko esku-banda eta kiribil bikoitzeko kartelak. Zurgin lana ere ona du, hala ikus daiteke teilatu-hegal landuetan pausatzen diren zuburu zizelkatuetan. Bi armarri ageri ditu aurrealdean, izkinan dagoena da Ramírez de la Piscina-tarrena. Barnealdearen distribuzioari dagokionez, mota honetako eraikinen ezaugarri guztiak ditu; eskailera kupula polikromatu itxurako sabai-leiho batek koroatzen du.

Upeltegi bat ere badu sotoetan, erdi-kanoiko gangak eta ganga zorrotzak kateatuta egina eta harlandu luzezko dobelatan amaitua; upeltegiaren galeria batzuk eraikinaren azpitik abiatu eta, kalea gurutzatuta, aurreko etxadian amaitzen dira. Eraikinen atzeko aldearen jatorrizko trazatua ere mantendu dute, eta han oraindik patioak daude ikusgai. Jauregi hau Monumentu izendatu du Eusko Jaurlaritzak, Ondasun Kultural kategorian kalifikatua.


Udaletxea

Jauregiaren ondoan dago Udaletxea. Oinarrian, XVIII. mendean administraziorako euskal eraikin gehienak bezala eratu zuten. Ondokoan islatzen da: lehen solairu arkupeduna, arkuteria plazara irekia, erdi-puntuko sei bao korritu inpostadunez osatua; bigarren solairuan bulegoak daude, lau bao eta bi balkoi ederren bidez Plazara ematen dutenak, eta azken bi hauen artean Felipe II.aren Armarri  Inperiala dago. Eraikinaren alboetan bi ate daude, erdi-puntuko arkuen bidezko sarbidea dutenak, eta, garairen batean, aurreko udaletxeren batenak edo bereganatutako beste eraikinen batenak izandakoak izan litezkeenak.


Plazako Ama Birjinaren Basilika 

Plazako beste aldeak dagoen basilikarantz joko dugu. Plazako Ama Birjinaren Basilika XVIII. mendeko eraikina da, aurreko beste baten gainean badago ere (ziur aski gotikoa, XIV. mendekoa). Aurreko garaietatik kontserbatzen den bakarra, Plazako Ama Birjinaren tailu eder bat da, “Andra Mari” itxurakoa. Ganga esferaerdi formakoa da, nerbio ia barrokoek zatikatua. Nerbio hauek Espiritu Santuaren usoa zortzi aingerutxoren artean sartua duen medailoi batean elkarturik daude. Eraikinaren oina irregularra da, eta barnean oktogono bat du, goiko pisuan lau arku zorrotz estuk eta erdi-puntuko beste lau zabalek, txandaka jarriek osatzen dutena. Barnean, estilo barroko dekadenteko, ia-ia rococoko, hiru erretaula daude ikusgai. Erretaula hauek zutabe korintoarrak dituzte; Alboetakoak San Antoniori eta San Joseri eskainiak dira eta erdikoa Plazako Ama Birjinari. Plazako Ama Birjinari debozio handia diote Eltziegon eta zaindariaren jaiak, irailaren 8an, haren ohoretan izaten dira.


Navarrete Ladrón de Guevara Jauregia edo Casa de los Hierros

Basilikaren ondoan ikusiko dugu herriko bigarren jauregi-etxea. Navarrete Ladrón de Guevara Jauregia edo "Casa de los Hierros". Plaza Nagusian, iparraldean dago. Francisco Manuel Navarrete Ladrón de Guevara, Mondoñedoko Apezpikua eta Burgoseko Artzapezpikua izandakoaren sortetxea da, eta parrokian, organoaren azpiko aldeko erretaula, berak aginduta egina da. Jendeak “Casa de los Hierros” izena ematen diona, sekulako etxe barrokoa da, sotoa eta bi solairu dituena, eta izkina egiten duen balkoi jarraitu itzela du; Plaza Nagusitik begiratuta izugarria da balkoia. Burdinazko kartela bikainen gainean daude balkoiak, batzuetan ia-ia lurretik ateratzen diren kartelatan. Bertako errementaritza lana, ez Arabako Errioxa inguruan bakarrik, Euskal Herrian ere hoberenetakotzat hartua da. 
Kanpoko aldean zurginen lan nabarmena kontserbatzen da, 2 zenbakiari dagokion zatian, erlaitz landuaren gainean pausatzen diren teilatu-hegaleko zuburu landuetan. Hauxe da ongien kontserbaturiko zatia. Barnealdetik, denboraren joanean gehien galdu duen eraikinetakoa izan daiteke. Egun, Norte kaleko 2, 4 eta 6 zenbakietan dauden hiru etxebizitzetan banatua dago eta horrek barne-moldaketa asko baldintzatu du. Jatorrizko sarbidea 4 zenbakitik zuen; han eskailera arku beheratu batean hasten da, inposta landuetan finkatuta, eta erdian sabai-leihoa duen kupula ikusgarrian amaitzen da. Armarria, izkinako bi aldeak hartzen dituena, hegoa eta mendebala, geroagokoa da, eta apezpikuaren beraren armarria da, nahiz eta oinetxearen elementu nabarmenak ere izan, era xume eta estilizatuan.


Gurutzea

Ipar kaletik aurrera egin, Liburutegiaren ondotik igaro eta plaza batera iritsiko gara. Gurutzeko Plazaren erdian, harrizko hiru mailaren gainean dago “Gurutzea” gainean  duen idulkia, egungo gurutzea Errepublika garaikoa bada ere, orduan suntsitu baitzen jatorrizkoa. Egun, atalik interesgarriena idulkia da, haren lau aldeetan grabaturik baitaude lau ebanjelarien irudiak; egoera txarrean daude, ordea, eguraldi txarraren ondorioz. Erliebeak manierista estilokoak izan litezke, nahiz eta datu hau ziurtatzerik ez egon; Edozein modutan, 1705ean, jada, aipatzen zen Gurutzeak edergarriren bat egin  beharra zuela. Plaza hau sindikoak, alkateak eta apaizak “buleroari” harrera egiten zioten tokian dago, Espainiako Primatuaren buldak ekartzen zituenean.


Pikota

Plaza atzean utzi eta Riskalgo Markesaren kalea puntatik puntara igaraoko dugu Pikotaren ondora heltzeko. “El Rollo” izenaz ezagutzen den tokian egon zen Pikota. Herriko alderik altuena da; han zegoen, zutabe honek adierazten zuelako Eltziegok bazuela justizia soziala eta zibila banatzeko eskumena, XVI. mendean Guardiatik independiente izatea lortu zuenetik. Independentziarekin batera, Felipe II.ak baimendu zuen Eltziego urkabea, labana, harrapagailua/artea eta pikota izateko, garaiko herrien autoritatearen ezaugarri gisa, hain zuzen ere. Justizia rollo zilindrikoa eta, ohi den moduan, kono-enbor batek errematatua da pikota.


Zárate Nabar Jauregia

Gallarza Kapitainaren kalean sartzean, herriko hirugarren jauregia ikusiko dugu. Zárate Nabar Jauregia. XVIII. mendeko jauregia da, Capitán Gallarza kaleko 14 eta 16 zenbakietan dagoena. Kanpoaldetik bi solairuko eraikina da, harlanduzkoa, errementari lan ederra du, kartela bozelduen gaineko alboko balkoietan ikus daitekeen bezalaxe; erdiko balkoi zoragarriak harrizko mentsulatzar ederra du oinarri, eta aurrealdean badu asimetrikoki kokaturiko armarri bat honako ele hauekin: Zarate Nabar. Barnealdeak mota honetako eraikinen ezaugarri guztiak ditu (etxebizitza goiko solairuan, behekoan ukuiluak aziendentzat, etxaldearen lanketarako tresnen biltegia, etab.), atari enkatxatuak jauregian gailentzen den armarriaren ertzarekin marrazkia osatzen du, eskailera zabalak arku beheratu batean hasten dira. Egun, bi etxebizitzatan banaturik dago eta horrek aldaketak eragin ditu barnealdean, ez ordea, “Casa de los Hierros” delakoan bezain gogorrak.


Frank Gehryren arkitektura Marqués de Riscal

Frank Gehryren arkitektura Marqués de Riscal

Abiapuntura itzultzeko, Sorkunde eta Ospitale kaleetatik jaitsiko gara, eta, bertatik inguruko arkitekturaren modernoaren adibiderik ederrenetakoa ikusiko dugu. Frank Gehryren arkitektura: Marqués de Riscal. Frank Gehry arkitekto kanadarrak diseinatutako eraikina. Besteak beste, Priztker sariaren jabe da Gehry. Hogeita lau metroko garaiera du eraikinak, eta lau solairu ditu. Geometria konplexukoa da, eta kanpoko aldean harria, beira eta elementu metalikoak ditu nagusi, Bilboko Guggenheim Museoaren antzera, baina, kasu honetan, titanioa eta altzairu herdoilgaitza erabili zituen Gehryk eraikinaren bilgarri gisa. Harrizkoa da eraikina, eta hiru zutabek eusten diote. Uhin-formako koloretako laminaz osaturik dago bilgarria, eta haiek ditu eraikinak elementurik bereizgarrienak. Barruan, berriz, zura, altzairua, larrua eta marmola dira nagusi. Dekorazioarekin, altzariekin eta gainerako elementuekin harmoniatsuki konbinatzeko hautatu zituen Gehryk material tradizional horiek. Elementu horietako batzuk XX. mendeko abangoardia artistikoen adierazgarri dira.

 

Informazio iturria: https://www.elciego.es/eu/patrimonio-artistico

 





Powered by Wikiloc

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina