2024(e)ko irailaren 15(a), igandea

Lezo

Lezo herria Jaizkibel mendiaren eta Pasaiako badiaren artean kokatuta dago. Pablo Gorosabel historialariaren arabera, herriaren lehen idatzizko erreferentzia, 1203koa da, Hondarribia fundatu zenekoa hain zuzen ere. Lehenago, herri izaera lortzen bitan saiatu bazen ere, Lezo (Lezo Unibertsitatea izenarekin) XIX. mendearen lehen herenera arte, Hondarribiaren jurisdikziopean egon zen.


Powered by Wikiloc

Kale Nagusia 

Pasai Donibaneko eraikin historiko asko bezala, Lezon aurkituko ditugunak ere, Jaizkibelgo harrobietatik ateratako hareharriz eraikiak dira. Garai batean, hirigune historikoa Gurutze Santuaren plazan biltzen zen, Kale Nagusia eta Donibane kaleen artean hain zuzen ere. Horiek guztiak bertatik bertara ezagutzeko, ibilaldi txiki bat egitea baino aukera hoberik ez dago, bere kale, plaza eta eraikin zaharren artean murgilduko gara eta, harlanduz altxatutako eraikin horien hormetan beren historiaren pasarteak irakurtzen saiatuko gara.

Andreone jauregia 

Herrian, balio kultural eta arkitektonikoa handia duten oinetxe ugari dago. Ibilaldi honetan horietako askoren ondotik igaroko gara. Kale Nagusiaren muturrean dagoen Andreone jauregitik abiatuko gara. XVII. mendekoa den harlanduzko eraikin honek ez du etxerik alboetan (exentua), lau isurietako teilatua du eta ertz bakoitzean pinakulu bat du. Oso ondo kontserbaturik dago eta gaur egun udal-liburutegia kokatzen da bertan.

Jamot Enea etxea

Kuartela. Zabala etxea

Eraikin dotore hau atzean utzi eta Kale Nagusian barna aurrera egingo dugu. Etxe ederren artean berehala helduko gara harlanduzko hormak dituen XVII. mendeko Jamot-enea etxearen ondora. Goiko bi solairuen artean, XVI. mendekoa den obalo-itxura duen armarria du. Etxe honetatik gertu, eta kale berean, Arpire-enea etxea dago. Harlanduzko hormetako laugarren solairuan ondo landutako armarria du. Gertu, oinplano irregularra duen Kuartela (Zabala etxea) dago. Bere armarri ederraren gainean, harlanduzko moldurak dituen zurezko balkoi jarraitua du.

Gurutze Santuaren basilika 

Kale Nagusitik zuzenean Gurutze Santuaren plazara aterako gara eta, bertan ikusiko dugun lehen eraikina, Gurutze Santuaren basilika izango da. Hasieran ermita txiki bat izan zen, baina XVI. mendearen bukaera aldera baseliza zaharra kokatzen zen lekuan, egungo basilika errenazentista eraikitzen hasi ziren. Bertan dagoen Kristoren irudi bitxia ikusi ahal izango dugu,  bizarrik ez duen irudia hain zuzen ere. Basilika honetan, gaur egun arte iraun duen exvoto (jainkoari jasotako onurak eskertzeko eskaintza) bat dago, itsasontzi baten maketa hain zuzen ere. Kostaldeko herrietan sarritan eskaini izan dira itsasontzien maketak, arrisku edo salbamendu bat eskertzeko.

Paskual Enea etxea

Zabala etxea

Plazaren albo batean, beste bi oinetxe eder ikusiko ditugu: Paskual-enea eta Zabala-enea etxeak. Oinetxe hauek fronte bat osatzen dute, eta bien artean, XX. mendean eraikitako alondegia. Paskual-enea etxea, XVIII. mendean eraikitako etxea da, Zabala-enea, berriz, XVII. mendekoa da. Bien fatxadak harlanduzkoak dira eta armarri bana dute. Plazan gaudelarik, Udaletxea izango dugu hurrengo jomuga. Aurretik beste bat egon bazen ere, egungo udaletxea 1742an amaitu zen. XVIII. mendearen erdialdean kartzela, erizaindegi, taberna, artxibo, bilera-areto eta armategirako ere erabili zen.

Udaletxea eta San Joan Bataitzailearen eliza

San Joan Bataitzailearen eliza

Hirigune historiko honen azken eraikinari egingo diogu bisita segidan, plazaren gain aldean altxatzen den San Joan Bataiatzailearen eliza. Muino batean kokaturik dagoen elizaren lehen erreferentzia 1399 urtekoa da, ez baitago bere jatorriaren data zehatzik. Pasai Donibaneko biztanleei beste parrokia bat eraikitzeko baimena eman zitzaien arte, Lezokoa bi udalerriek partekatu zuten. Jatorrian, eraikuntza gotikoa zen, eta XVI. mendean eraberritze sakona egin zen. Herriko gainerako eraikinen gainetik nabarmentzen den elizak atentzioa deitzen du urrutitik begiratuta. Nabe bakarra izan arren, tamaina handikoa da eta fatxadek kontrahorma handien laguntza behar du zutik irauteko. Hemen emango diogu amaiera Lezoko Unibertsitateko hirigune historikoa ezagutzeko ibilaldi eder eta interesgarri honi. 





Powered by Wikiloc

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina