2024(e)ko irailaren 13(a), ostirala

Hondarribia

Hondarribia, gaur egun, Bidasoa ibaiaren bokalaren ondoan kokatuta dago, baina historikoki,  izan duen kokapen estrategikoagatik mendeetan zehar izandako gerratan paper garrantzitsua jokatu izan du. Hiribildua, Txingudiko badiari begira zegoen muino baten gainean eraiki zuten, defentsarako posizio sendoa izanik. Gaztelan sartu nahi zuen orok, lehenik Hondarribiako plaza konkistatu behar zuen. Ondare Monumental gisa izendatua den hirigune historikoa bisitatzera joanez gero, iragan horren lekuko ugari ikusi ahal izango ditugu. Zutik dirauten harresi, gaztelu, jauregi, etxe eta bestelako eraikin asko, Jaizkibelgo harriekin eraiki zituzten, hondarribiarrek “harri mimarriya” izenez ezagutzen duten hareharriekin hain zuzen ere.

Powered by Wikiloc

Arma plazako etxeak


Garai batean, Gipuzkoa osoa bezala, Hondarribia Nafarroako erresumaren parte izan zen. Bi mende geroago, hiribildu gisa eratu zenetik urte gutxira, Gaztelako parte izatera pasa zen. Erdi Aroan, Hondarribia merkataritzarako portu aberatsa ere izan zen, bertatik itsasoratzen baitziren Gaztelako eta Nafarroako hainbat gai (garia, ardoa, metala…) Flandes eta Europako beste lurraldetako portu askotara. Hondarribiako lur-eremua oso zabala zen, bere baitan hartzen zituen gaur egungo Lezo, Pasai Donibane eta Irun herriak.

Gipuzkoa plaza

Hiriak zuen kokapen estrategikoagatik, Frantziako Erresumak maiz erasotzen zuen, baina hondarribiarrek harresiaren barruan beren burua defendatzeko gai izan ziren. Eraso horien artean, gogogorrenetakoa 1638ko udan gertatutako setioa izan zen. Uztailaren 1ean frantses armadak Bidasoa zeharkatu zuen hiribildua bere mende hartzeko asmoz, baina erasoaldi luze baten ondoren, hondarribiarrek garaipena lortu zuten. Herritarren aburuz, garaipen hau Guadalupeko Ama Birjinari esker izan omen zen, ermitako zaintzailea zen Maria Juana de Mugarrietak, Ama Birjina hartu eta herrira jaitsi baitzuen herritarrek otoitz egin ziezaioten. Izandako setioa eta urtebetera, Hondarribiako herritarrek prozesio bat antolatu zuten, Guadalupeko Andre Mariari emandako babesa eskertu eta lortutako garaipena ospatzeko.

Ibilaldi erraz eta eder baten bidez, mendez mende, ia mendera ezina bihurtu zen Hondarribiako gotorlekuaren erraietan murgilduko gara, bere historiaren lekukoak diren harresi hauen artean izandako gertakizun historikoak gogora ekarri eta irudikatzen saiatuz.

Arma plaza eta Carlos V.aren gaztelua 

Carlos V.aren gaztelua

Gotorlekuaren Arma plazatik abiatuko gara. Herritarrek harrerak, zezenketak, aldarrikapenak eta bestelako jai herrikoiak egiteko erabiltzen zuten plaza honetan, soldadu-taldeek armak atontzen zituzten. Plazan bertan altxatzen da X. mendean Antso Abarkak eraiki zuen  Karlos V.a gaztelua. Gerora, 1190ean, Nafarroako Antso Jakitunak gaztelua handitu eta gotortu egin zuen. Gaztelu baten itxura izan arren, sei solairu zituen jauregi bat ere izan zen, aldi berean kuartel eta plazako gobernadorearen egoitza bezala funtzionatzen zuena. Gaztelu zein jauregi izandako eraikinean, tropentzako gelak, biltegiak, munizio eta bolbora biltokiak, ziegak eta zalditegiak zituen sei solairutan banatuta. Gaur egun duen kanpoko itxura Karlos V.ari zor zaio, honek handitzea erabaki baitzuen, bide batez bere fatxada soila altxatuz. Urteetan abandonatuta egon ondoren, 1968an Paradore Nazionala bihurtzeko lanak burutu ziren.

Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Maria eliza 

Arma plaza atzean utzi eta, Kale Nagusian zehar jaisten hasi orduko, Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Maria eliza nagusiarekin egingo dugu topo. Hiribilduak aurrez ziurrenik eliza ere edukiko zuen, baina eliza berria zaharra zegoen lekuan 1474. urtean eraikitzen hasi eta 1549an bukatu zuten. Elizak sarbide bat baino gehiago ditu. Gaztelura begira dagoen fatxada da eraikinaren zatirik zaharrena, bertan daude arku konopialdun portada eta hiriaren lehenengotako armarria. Beste sarbidea Kale Nagusian kokatzen da, Jasokundearen irudia gainean duen puntu erdiko arkua. 1764an kanpandorrea eraiki zuten.

Casadevante jauregia 

Udaletxea

Zuloaga jauregia

Eliza bisitatu eta gero, Kale Nagusian barna jaisten hasiko gara. XVI. mendean, Santa Maria atea irekitzean, kale hau hiriguneko kalerik garrantzitsuena bihurtu zen. Harbidezko kale honetan eraikin eder eta dotoreak ikusiko ditugu, eta hauen artean Zuloaga eta Casadevante jauregiak eta Hondarribiako Udaletxea nabarmentzen dira. XVII. eta XVIII. mendeetan harlanduz eraikitako etxe hauek, zizelkatutako hagaburudun teilatu hegalak, burdin forjatuzko balkoiak eta armarriak dituzte. Gaur egun, Zuloaga jauregiaren jabetza udaletxearena da eta bertan, udal artxibo historikoa eta liburutegia daude eta, barroko estilokoa den Casadevante jauregia, berriz, hotela da.

Etxebestenea dorretxea 

Hiru eraikin  dotore hauek atzean utzi eta harbidezko kalean barna jaisten jarraituko dugu. 31 zenbakia duen atarira heldu aurretik, ezkerretik ateratzen den kale estuan sartu eta Apezpiku plazara aterako gara. Aurrez aurre, denborak bere hormak belztu dituen Etxebestenea dorretxea izango dugu. XII. mendean eraiki zuten dorretxea udalerriko eraikinik zaharrenetarikoa da eta, XV. mendearen amaieran eta XVI. mendearen hasieran, Hondarribiak jasandako setio ugarien ondorioz, bertako kanoi-bateria eraitsi eta eraberritu egin zuten gaur egun duen itxura hartuz. Hemen jaio zen Don Cristobal de Rojas y Sandoval, 1502an, Sevillako artzapezpiku eta Karlos V.aren kapilau izandakoa. 1990. urtetik hotela da.


Santa Maria atea 

Eremu harresitua 


Etorritako bidetik Kale Nagusira itzuli eta gertu dagoen Santa Maria atearen ondora jaitsiko gara. Ate hau, hiriak zituen bi sarreretako bat da eta hainbat elementuz osatuta dago: zubi altxagarria, guardia-atala eta lubanarroak besteak beste. Atean dagoen armarria 1694koa da eta honen gainean eguzki-erloju bat dago.  Atea zeharkatu eta San Felipe bastioira iritsiko gara. Eraikitzen azkena izan zen (XVII. mendea). Barruko aldean, joko-kasinoa eraiki zuten eta gaur egun, adinekoentzat egoitza da. Bertatik eremu harresituaren ikuspegi zabala izango dugu.

Erreginaren bastioia

San Nikolas atea

Santa Maria atetik berriro itzuliko gara ingurune historikoaren kaleetara. Harresiaren paraleloan hedatzen den Murrua kaletik ibiliz, Erreginaren bastioira helduko gara. XVI. mendean eraiki zuten bastioi honek zuen kokapenagatik balio estrategiko handia zuen eta gaur egun oraindik tunel batek lotzen dituen bi patio ditu. Bastioia atzean utzi eta Jeneral Leiba kaletik aurrera egingo dugu, San Nikolas izena duten atea eta bastioiaren ondora heldu arte. Atea, Hondarribiako harresien bi sarreretako bat da, ipar-mendebaldean kokatuta. Bi dira ateak. Zaharrena izen bera duen kalean ikus daitekeen Erdi Aroko arku arrunta da, harlanduz egina dagoen egitura sinplea. XVI. mendekoa den bigarren atetik San Nikolas errebelinara pasa daiteke. Gotorleku nagusiaren gorputzaren parean dagoen gotorleku triangeluarrari deitzen zaio errebelina, eta normalean lubaki baten beste aldean kokatzen da. Bere funtzioa, su-gurutzatuaren bidez erasotzailea banantzea zen. Zubitik, XVI. mendekoa den eta kontserbazio-egoerarik onenean dagoen San Nikolas bastioia ikus daiteke.

Egiluz etxea

Inguru harresituetik urrundu eta, Arma plazaraino zuzentzen den San Nikolas kalean barneratu bezain azkar, Harategi kaletik Gipuzkoa plazara iritsiko gara. Euskal arkitektura herrikoiko etxe koloretsuez inguraturik dagoen eraikuntza gehienak, XX. mendeko bigarren erdialdean altxatu ziren. Plazan bertan dago Done Jakue atea. Plazatik gertu, beste bi etxe eder aurkituko ditugu: Mugarretenea etxea eta Egiluz jauregia. Mugarretenea etxea hareharrizko harlanduz egina dagoen XVI. mendeko (batzuen ustez XVII. mendekoa) eraikina da. Egiluz jauregiaren jatorria eta estiloa guztiz garbi ez badago ere, badirudi XVI. mendearen amaierakoa dela. Kondairaren arabera, 1502 urtean, Gaztelako Joana “Eroa”-k eta Filipe Ederrak bertan hartu omen zuten ostatu.

Polborina


Egiluz jauregia kokatuta dagoen Juan Laborda kaletik behera egingo dugu segidan, kasko historikotik aldenduz. Javier Ugarte kalera iristean, gure ezkerrera Polborina ikusiko dugu, XVII. mendeko bolbora-biltegia. Ibilaldiari amaiera emateko, hirigune historikotik urrutiratuko gara eta San Pedro kaletik, Hondarribiako ingurune ezagunenetakoa den Portu auzora jaitsiko gara.   Santiago kalea, antzinako Magdalena errebalarekin batera, auzo honen sorburua da, kale hau baitzen erromesek Done Jakue bidean hiribildutik kanpo igarotzen zuten lehen kalea. Arrantzaleen auzoa den honetan, kolore askotako etxeak ikusiko ditugu, itsasontziak margotzean soberan geratzen zen pinturaz margotuta. 

Portu auzoko etxeak 

Portu auzoko etxeak 

  


Powered by Wikiloc
Powered by Wikiloc

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina