2024(e)ko abenduaren 13(a), ostirala

Donostiako Parte Zaharra eta Urgull mendia

 

PARTE ZAHARRA. Hiriko auzo famatu eta zaharrena da. 1863 aurretik, harresiz inguratuta zegoen auzo honek osatzen zuen Donostiaren hirigune osoa. Harresiak bota ondoren hasi ziren Bulebarretik haratagoko zabalgunea eraikitzen. Donostiako setioaren ondorioz 1813an guztiz suntsitu bazen ere, auzo honetan mantentzen dira hiriko eraikin zaharrenak. 


URGULL MENDIA. Donostiako erdialdean kokatutako gune naturala da, itsasoaren eta hiriaren gainean dagoen begiralekua, bere historiaren lekuko dena. Hiriko parajerik aipagarrienetako bat da, paisaia eta ondare aldetik balio handiko ingurunea. Mapa honek gaur egun arte iraun duen bide eta gotorlekuz osatutako egitura aurkezten du eta bertako txokoetan galtzeko ibilbide erraz bat proposatzen du, ondare historikoari eta naturalari bereziki erreparatuta.


Powered by Wikiloc

 

Ibilaldi honek, Parte Zaharra eta Urgull mendia lotzen ditu, batean zein bestean dauden monumentuak eta bestelakoak deskubrituz.

 


DONOSTIAKO UDALETXEA. Eraikinak erabilera ugari izan ditu historian zehar. Kasinoa Alderdi Ederren egon zen 1887-1924 bitartean. 1928ko apirilaren 14an, eraikin horretan turismo gunea irekitzea erabaki zuten. Geroago, hortik gertu dagoen Maria Kristina hotelera lekualdatu zuten erakundea. Udaletxea 1947ko urtarrilaren 20an lekualdatu zuten eraikin honetara.
Gran Casino eraikina Udalaren jabetzara bueltatu behar zen, sortu zenetik 70 urte igaro zirelako. Horretarako, 1937an, Udala bihurtze-lanak kudeatzen hasi zen Sociedad de Fomentorekin; Luis Gaytán de Ayala zen orduan Casino elkartearen lehendakaria. 1943an, Aldai eta Arizmendi arkitektoek lehenbiziko proiektua aldatu, eta kasino izandakoa udaletxe bihurtu zuten. Ordura arte, Konstituzio plazan (Plaza Berria) egon zen udaletxea, gaur egun udal-liburutegia dagoen lekuan. 


Donostiako udaletxea

GOIKOA JAUREGIA. Erdi Arotik leku honetan Donostiako harresien hego-mendebaldeko angelua defendatzen zuen Ijentea dorrea zegoen, oinplano zilidrikoa zuen eraikin bitxia. Gaur egungo jauregia 1888-1891 artean Jose Goikoa arkitektoaren diseinua jarraituz eraiki zen. Urte luzez Gipuzkoako Gobernu Militarraren egoitza izan zen.


Goikoa jauregia

PORTALETAK. Garai batean Donostiako harresietan zegoen sarrera nagusietariko bat zen. Garai haietan Itsasoko Atea izenarekin aipatzen da. Alde Zaharrean sartzeko beste ate nagusia Lurreko Atea zen, egungo Boulevardean kokatzen zena.


Portaletak

ITSASALDEKO HARRESIA. mendean Donostiak balio estrategiko berezia hartu zuen, eta horrenbestez, hainbat gotorleku eraiki zituzten eta  herria bera eta Urgull mendia harresiz inguratzeko barruti bakar bat sortu zuten. Hobekuntza horien emaitza da Itsasaldeko harresia, kaia eta herrirako sarrera babesteko sortu zena. Gaur egun Portaletas izenez ezaguna da bertako atea.


Itsasaldeko harresia

SAN PEDRO APOSTOLUAREN ELIZA. Elizaren proiektua Sebastian Kamiok egin zuen. Beheko solairua, kaperarena alegia, bi solairu, ganbara eta kanpandegia. Materiala hareharri-harlandua da; barnean zuraren  erabilera nabaria da. Estiloa, eklektikoa bada, nolabait garaiko modaren araberako neogotikoa gogorazten digu. Barnealdeak espazio osoa inguratzen duen korua Lapurdiko elizen estiloa eta baserriena imitatzen du. 1978an, Juan Manuel Enzio Kortazar arkitektoaren zuzendaritzapean zenbait hobekuntza egin zen.


San Pedro eliza

PORTUA. Gipuzkoako hiriburuko portua da. Parte Zaharrean dago, Urgull mendiaren oinean. Donostiako udaletxearen, Klub Nautikoaren eta Aquariumaren artean hedatzen da.


Portua

SPANNOCCHI HARRESIA. XVII. mendean, mendiaren itxitura-gotorlekua eraikitzen hasi ziren, Spannocchi ingeniari militarraren proiektutik abiatuta. Proiektu horrek Santa Klararen dorre zaharra eta Begiralekuko Gotorlekua uztartu behar zituen, baina amaitu gabe geratu zen. Portuko gortina oraindik ere ikusgai dago “apaizen pasealekua” izeneko tokian.


Spannocchi harresia

AITA MARIREN MONUMENTUA. Donostia hiriburuko portuan dagoen monumentu bat da. 1866an Jose Maria Zubiria Zigaron, Aita Mari zumaiar itsasgizona eta beste 38 itsasgizonen omenez eraiki zen. 1866ko urtarrilaren 9an hil zen, galernak ustekabean harrapatutako Getariko bi txalupa, "Elkano 1" eta "Elkano 2", salbatzen saiatzen ari zela olatuek irentsita. Denak hil ziren, 38 arrantzale zoritxarreko egun hartan. Bai Donostiako zein Zumaiako kaietan eskultura bana ditu.


Aita Mariren monumentua

EUSKAL ITSAS MUSEOA. Museoaren egoitza, Kontsulatuaren dorretxea, XVIII. mendeko eraikina da. Kaiko Tenientearen etxe eta biltegi gisa erabili zen urte askoan, eta kartzela txiki bat zuen. Itsas salbamenduko zentroa eta itsas eskola ere izana da. XX. mendean Estatuaren eskuetara pasa zen, eta azkenik, 1980ko hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetza bihurtu zen, eta hor Euskal Itsas Museoa kokatzea erabaki zuten (zenbait urtez Untzi Museoa izena izan zuen). Museoaren funtsak 7000 piezatik gora dira eta tipologia oso zabala dute, besteak beste, grabatuak, margoak, argazkiak, kartelak, postalak, itsas mapak, planoak, itsasontziak, etnografia eta industri ondareko objektuak. Eraikinak hiru solairu ditu, lehenengoan eta bigarrenean erakusketak egin ohi dira eta hirugarrenean itsas gaietan espezializatutako liburutegia eta artxiboa daude.


Euskal Itsas Museoa

VICENTE ZARAGÜETA ESKULTURA. Donostiar enpresaburua izan zen, El Diario Vascoko kontseilukidea, besteak beste, baina Donostiako Aquariuma kudeatzen duen Gipuzkoako Ozeanofrafia Elkartearen presidentea izateagatik ezagunagoa. Zaragueta donostiar familia aberatsaren kidea, Maria Teresa Zulaikarekin ezkonduta zegoen eta Eusko Ikaskuntza et Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen kidea izan zen. 2013an Joxe Mari Korta lortu zuen. Bakegintzan ere aritutakoa zen. Aieteko Bake Konferentzian sustatzaileetako bat izan zen eta 2013ko urriaren 10ean eta 11n Donostian egin zuten munduko alkateen bake konferentziako ohorezko patronatukide izendatu zuten.


Vicente Zaragüeta estatua

AQUARIUMA. 1828an eraiki zuten, eta 1998an zaharberritu eta handitu. Donostiako museorik bisitatuena da, eta Espainiar estatuko itsas natura zientzietako museo zaharrena ere bai. 360ºtako ikuspegia duen tunela eta balearen hezurdura dira elementu aipagarrienak. Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak itsasoaren inguruko ezagutzaren hezkuntza eta dibulgaziorako sortu zuen eta egun hiriko interesgune kultural eta turistikoa da. Europako zoo eta akuarium onenen artean dago.


Aquariuma

DAMEN BATERIA. Spannocchi ingeniariak bateria hori proiektatu zuen, Santa Klararen garitak ordura arte hartzen zuen tokian. 1765ean eraiki zuten, eta Villaturielen mendebaldeko harresia eta Spannocchiren harresi berria lotzen zituen. XIX. mendearen amaieran, errege-salbak jotzeko bateria gisa erabili zuten.


Damen bateria

BEGIRALEKUA. Antzina gotorleku militarrak zirenak, hiriaren eta bere paisaiaren begiraleku pribilegiatuak dira egun. Mendiko  begiratoki ezberdinetatik ikuspegi paregabeak ditugu: hegoaldera hiri-bilbea  garai batean dunak eta padurak zeuden tokian; iparraldera itsaso irekia; mendebaldera badiaren panoramika ederra Igeldo eta Santa Klara uhartearekin eta ekialdera Zurriola hondartza, sorkuntza artifizialekoa, Monpas eta Ulia mendia.


Begiralekua

BARDOKASEKO ITURRIA. Pasealeku Berritik XVIII. mendeko iturri honetara irits gaitezke, oinplano karratua eta bi isurkiko teilatuz estalitako ganga dituena. Jatorrian, Urgulleko instalazio militarrek baino ezin zuten bertara sartu eta erabili; ondoren, Donostiako biztanleei ura eman zien. Gaur egun, bere hodietako batetik ura isurtzen jarraitzen du.


Bardokaseko iturria

BARDOKASEKO BATERIA. Itsasaldeko guda-lerroari solik begira dagoen mendiko baluarte bakarra da, lehorreratzeak saihesteko eta itsontziei tiro egiteko. Kota txikia zuenez, oso eraginkorra zen helburuei arraseko tiroa botatzeko, baina itsasotik eta Igeldo menditik erraz asko ikusten zen. Bere eraikuntza 1693an hasi zen, XVIII. mendean handitu zuten eta XIX. mendean indartu, obus bateria bat bertan jarriz.


Bardokaseko bateria

INGELESEN HILERRIA. Urgull Mendiko Ipar isurialdean dago, mendia bere erdialdeko altueran inguratzen duen bidearen ondoan, gutxi gorabehera. Izen hori eman zaio bertan Lehen Karlistaldian hil ziren zenbait buruzagi eta ofizial ingelesen hilobiak daudelako, baita Independentziaren Gerran hildako beste batzuen hilobiak ere.


Ingelesen hilerria

MENDEBALDEKO ITXITURA. Gotorleku multzo bat da, hiru plataformaz eta harresi batez osatua, eta Villaturiel ingeniariak XVI. mendean mendebaldetik mendia ixteko pentsatu zuen harresia baino mendebalderago dago. Geroztik egin diren eraberritzeak direla eta oso bestelakotua ageri da, hala ere. Beheko defentsak (Damen Bateria) eta goiko plataforma (Santiago Bateria) elkarrekin lotzeko egin zuten, horrela portua eta badia babesteko.


Mendebaldeko itxitura

SANTA KLARA BATERIA. XVIII. mende hasieran eraiki zuten, Damen Bateria eraiki ondoren. Bi bateriek Santa Klararen hornabekea osatzen zuten. Dirudienez, porturako sarrera babesteko, eta, ondoren, itsas frontea babesteko erabili zuten.


Santa Klara bateria

SANTIAGO BATERIA. Erreginaren Bateria edo Kaiko Bateria ere deitzen zaio, kaiko sarreraren aldera tiro egitea baitzuen eginkizun. XVIII. mendean eraikitako artilleria-plataforma, parapeto eta kanoien multzoa da. XIX. mendeko kanoien kokalekuen hondarrak ere gorde dira.


Santiago bateria1

BEGIRALEKUA. Antzina gotorleku militarrak zirenak, hiriaren eta bere paisaiaren begiraleku pribilegiatuak dira egun. Mendiko  begiratoki ezberdinetatik ikuspegi paregabeak ditugu: hegoaldera hiri-bilbea  garai batean dunak eta padurak zeuden tokian; iparraldera itsaso irekia; mendebaldera badiaren panoramika ederra Igeldo eta Santa Klara uhartearekin eta ekialdera Zurriola hondartza, sorkuntza artifizialekoa, Monpas eta Ulia mendia.


Begiralekua

NAPOLEON BATERIA. Frantsesek eraiki zuten hiria okupatzen zuten bitartean, lurreko frontearen eta portuko sarreraren aldera tiro egiteko. 1813ko setioa pasa eta Espainiako, Ingalaterrako eta Portugaleko indarrek gotorlekua berreskuratu zutenean, Wellingtonen bateriaren izena ere eman zioten.


Napoleonen bateria

MOTAKO GAZTELUA. Lehen aipamenen arabera mendiaren tontorrean lau angeluko harkaitz-gaztelu klasiko bat zegoen; kantoi bakoitzean dorre bana zuen, baita Omenaldiaren Dorre bat ere. Santxo Handia Nafarroako Errege zen garaian eraiki zuten, 1150 urtean gutxi gorabehera.  XVI. mendean Gaztelako gortearen mende zegoenean erabat eraberritua izan zen; artilleriaz hornitu eta kubo bat, defentsa-gerrikoa eta plataforma eraiki zituzten. Orduz gero, eraldaketa ugari jasan ditu, mendiko gainontzeko gotorlekuak bezala.


Motako gaztelua

BEGIRALEKUA. Antzina gotorleku militarrak zirenak, hiriaren eta bere paisaiaren begiraleku pribilegiatuak dira egun. Mendiko  begiratoki ezberdinetatik ikuspegi paregabeak ditugu: hegoaldera hiri-bilbea  garai batean dunak eta padurak zeuden tokian; iparraldera itsaso irekia; mendebaldera badiaren panoramika ederra Igeldo eta Santa Klara uhartearekin eta ekialdera Zurriola hondartza, sorkuntza artifizialekoa, Monpas eta Ulia mendia.


Begiralekua

GOBERNADOREAREN BATERIA. Gobernadorearen, Printzearen edo Printzesaren baratzea ere deitzen zaio. XVIII. mendean eraiki zuten, lurreko frontea babesteko, eta XIX. mendean hobetu egin zuten eta artilleriaz hornitu, itsas frontea ere babesteko. Bi kokaleku ditu: goi-bateria, zaharrena, eta behe-bateria, ondorenean su-sektorea hobetzeko eraikia.


Gobernadorearen bateria

BEGIRALEKUKO GOTORLEKUA. Mendiko gotorlekurik zaharrenetako bat da, itsasoa eta hiria zaintzeko plataforma izan zenaren gainean kokatuta. XVII. mendearen amaieran gotorleku bihurtu zen eta 1727an garatu zuten, beste zenbait eraikinekin batera, itsas frontea indartzeko.


Begiralekuko gotorlekua

BEGIRALEKUA. Antzina gotorleku militarrak zirenak, hiriaren eta bere paisaiaren begiraleku pribilegiatuak dira egun. Mendiko  begiratoki ezberdinetatik ikuspegi paregabeak ditugu: hegoaldera hiri-bilbea  garai batean dunak eta padurak zeuden tokian; iparraldera itsaso irekia; mendebaldera badiaren panoramika ederra Igeldo eta Santa Klara uhartearekin eta ekialdera Zurriola hondartza, sorkuntza artifizialekoa, Monpas eta Ulia mendia.


Begiralekua

SAN TELMO MUSEOA. Ibilbidea San Telmo Museoan hasten da. San Telmo Museoa Euskal Herriko museorik zaharrena da, bere jatorritik gaur arte euskal gizarteari begirada aberats eta garaikidea eskaintzen diona. Egun, XVI. mendeko komentu dominikarrari balioa gehitzen dion abangoardiako handitze arkitektoniko bat du museoak.


San Telmo museoa

SAN BIZENTE ELIZA. Hiriko tenplurik zaharrena da. XVI. mendearen lehen erdialdean estilo gotikoan eraikia, erretaula erromanikorik onenetako bat gordetzen du barruan, Ambrosio Bengoetxeak eta Juan Iriartek egina.  Erretaula, ordea, ez da protagonista bakarra: Cavaille-Coll organo frantsesa (1868koa) eta beirate zoragarriak ere nabarmentzeko modukoak dira. Alboko fatxadan, Jorge Oteiza artistaren “Pietatea”” eskultura dago. San Bizenten bataiatutakoei “koxkero” esaten zaie, tenpluko fatxadak hainbat koska baititu.


San Bizente eliza

Oteizaren Pietatea

BRETXA. Bretxa plaza Donostiako Parte Zaharreko plaza bat da."Bretxa" izena gertakari historiko batetik datorkio: 1719an, Berwick dukearen tropek hiria erasotu zuten, eta inbasioa burutzeko Frantziako armadak bi arrakala handi (bretxak, alegia) egin zituen garai hartan bertan zegoen harresian, orain plaza dagoen parean. Gerora, 1813ko abuztuaren 31n, tropa anglo-portugaldarrek hiria bereganatu zuten, gune beretik erasotzen.


Bretxa

DANBOR-JOLEEN ESTATUAK.Raimundo Sarriegiren plaza Donostiako Parte Zaharrean dagoen plaza bat da. Bertan, Raimundo Sarriegi bera eta Donostiako danborradaren omenezko estatua edo monumentu bat dago. Plaza honek historikoki izen desberdinak izan ditu: Pikuondokoa, Lopetedi, Atotxa, Eskolen Plaza... Azken hau ofizilena izan zen Sarriegi izena hartu arte.


Danbor-joleen estatuak

BOULEBARRA. Izen ofizialaz Boulevard zumardia, herritarren artean Bulebarra izenez ezaguna, hiriko erdigunean dagoen plaza eta hiribidea da, Donostiako Parte Zaharra eta Erdialdea lotzen dituena. 1866an eraiki zen eta Donostiako bizitzaren erdiguneetako bat izan da geroztik.


Boulebarra

ANTZOKI ZAHARRA. Historian zehar hainbat birmoldaketa izan ditu eta 1930ean Udalak eraistea erabaki zuen oso egoera txarrean zegoelako. Lehenengo antzokia 1844 eta 1845 artean eraiki zuen Juan Ramon Etxebestek, neoklasizismo isabelinoko estilo baten arabera. Urte batzuk beranduago, 1883 Jose Goikoak berritu zuen. Egungo eraikina  1931koa da, eklektikoa kutsu klasizistarekin eta Udaleko arkitektoa izan zen Juan Rafael Aldaik egina. Gaur egun bertan Nosferatu Zikloa, Zinema eta Giza Eskubideak Zikloa eta Fantasiazko eta Beldurrezko Astea ospatu ohi da, gainera Donostiako Zinemaldia garaian lehiaketara aurkezten diren filmak ere ikusgai izan ohi dira. 576 lagunentzako tokia du.


Antzoki Zaharra

SANTA MARIA BASILIKA. XVIII. mendeko obra barroko ikusgarria da, Donostiako Parte Zaharreko Kale Nagusiaren buruan dagoena. Artelan horretan, nabarmentzeko modukoak dira kutsu churriguerescoa duen fatxada barrokoa, San Sebastian Martiriaren eskultura aurre-aurrean duena, eta hiriko zaindari Koruko Ama Birjinari eskainitako erretaula nagusia. Bataiarriaren ondoan, Eduardo Chillidak egindako gurutze-formako eskultura bat dago. Basilika 1743tik 1774ra bitartean eraiki zen, eremu berean zegoen aurreko tenplu baten oinaren gainean.  Ate nagusiak bat egiten du lerro zuzenean Artzain Onaren katedralaren sarrerarekin. Santa Marian bataiatutakoei “joxemaritarrak” esaten zaie, eta Donostiako himnoan haien aipamena egiten da.


Santa Maria basilika

TRINITATE PLAZA. Orain plaza dagoen lekuan hiriko kartzela zaharra izan zen garai batean. Plaza honetan kultura ekitaldiak, herri kirolen norgehiagokak, kontzertuak —hala nola, Jazzaldiko musika emanaldiak— burutu ohi dira. 1963an Donostiako harresien eraisketaren mendeurrena zela eta Luis Peña Gantxegik arkitektoak eraberritu zuen. 2013an, Peña Gantxegiren eraberritzearen 50. urteurrenean Docomomo saria jaso du eta plaka bat jarri da plazaren sarreran.


Trinitate plaza

SANTA TERESA KOMENTUA. Eraikinak garai desberdinetakoak dira: komentua 1662an hasi zen eraikitzen, eliza 1686an; patioa eta klaustroa XVIII. mendekoak dira. Bere kokapen estrategikoaren ondorioz, Urgull mendiaren magalean, sarritan erantsia eta berreraikia izan da. 1813ko sutean, komentuaren zati bat eta Santa Ana baseliza suntsitu ziren. 1990ean bertako mojak, karmeldar oinutsak, goi partean eta elizan bizi dira; gainontzeko espazioak erabilera publikorako utzi dute.


Santa Teresa komentua

KAÑOIETAKO ITURRIA. Kañoietako iturria Parte Zaharreko iturri historikoa da, kondairaren arabera eta San Bizenteko iturriarekin batera, Danborradaren sorrerarekin oso lotua. Del Valle Lertxundi plazatxoan dago kokatuta, Kañoietan elkartearen ondoan. Donostia hiri harresitua zenean, iturri hau eta San Bizentekoa ziren herritarrentzat ura lortzeko egokienak. Plazatxo horretan kanoi batzuk zeudelako du "Kañoietan" izen tradizionala plazatxo horrek.


Kañoietan iturria

BERRERAIKUNTZAREN ESTATUA. Buruan adreiluz betetako saski bat daraman emakume baten figurada. Hiriak 1813an jasandako arpilatze eta sutearen ondorengo berreraikuntzaren garaiko herritarrak irudikatzen ditu.


Berreraikuntzaren estatua

PLAZA BERRIA/KONSTITUZIO PLAZA.1772koa denez, lekuak 300 urte bete zituen 2022an. Euskaraz eta modu herrikoian, Plaza Berria izena erabili zen XX. mende erdialde arte. Beste hainbat hiritako 'plaza berriak' bezala neoklasiko estilokoa da, oinarri karratukoa, eta harrizko arkupeak ditu. Ezaugarri nagusitzat arkupeak dituen plaza honetan ospatu ohi dira hiriko jai handiak (Danborrada, San Tomas feria, San Juan sua, Aste Nagusuko dantzak…).  Bertan dago, halaber, Donostiako Udaletxe zaharra, gerora Udal Liburutegi izandakoa. Gaur egun Donostia Kulturaren bulegoekin batera Liburutegiaren funts historikoak, unitate teknikoa, jardueren aretoa eta zuzendaritzaren bulegoak daude bertan.


Plaza Berria/Konstituzio plaza

UDALETXE ZAHARRA. 1813ko Donostiako sutearen ondoren hutsik gelditutako solairuan eta aurretik bertan zegoen eraikin barrokoaren hutsunea bete asmoz, 1819an Hércules Torelli Silvestre Pérez ingeniari militarrak Donostiako Udalaren eraikina proiektatu zuen, baina hura hil ondoren, 1832an Ugartemendia arkitektoak amaitu zuen. Eraikin hark bere barnean batza-aretoa, kontsulatua eta alondegia zituen. 1897an udalak inguruko etxebizitza batzuk alokairuan hartu zituen, ondorioz udaletxearen lehenbiziko solairuko alboetatik etxebizitza horietara zihoazen burdinezko balkoidun arkupeak eraiki ziren. 1845ean Udala gaur egungo Donostiako udaletxea lekualdatzean, 1951an eraikin honetan Udal Liburutegia ezarri zen.

 

Udaletxe zaharra

Informazio Iturriak:

https://www.donostiakultura.eus/eu/

https://www.sansebastianturismoa.eus/eu/

https://eu.wikipedia.org/wiki/Parte_Zaharra_(Donostia)

https://eu.wikipedia.org/wiki/Urgull

 







 

Powered by Wikiloc

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina