2024(e)ko irailaren 14(a), larunbata

Pasai Donibane

   

Pasaiako herri historikoak, itsasadarraren bokalearen albo banatan kokatuta dauden Donibane eta San Pedro herriak dira. Gaur egun, Donibane, Pasaia herria osatzen duen lau barrutietako bat izan arren, bere sorrera askoz lehenagokoa da. Historikoki, Donibane, San Pedro herriarekin batera, Pasaiako badiaren albo banatan kokatuta egon diren arrantzaleen herriak izan ohi dira. Mende batzuetan, Donibane Hondarribiaren mende egon bazen ere, 1770ean lotura hori hautsi zuen eta hiribildu titulua eskuratu zuen Hondarribiarekin izandako hiru urteko auzien ondoren. Urte batzuk beranduago, 1805ean hain zuzen ere, Karlos IV.a erregeak Pasaiako portuaren berrantolaketa administratiboa agindu zuen eta, Errege Dekretu baten bidez, Donostiaren mende zegoen San Pedro herria Donibaneri batu, badiako zenbait lur eta eskubide bereganatu eta Pasaiako udalerria sortu zuten. Beranduago, 1890. urtean Antxo barrutia sortu zen beste biekin batuz. Eta azkenik, XX. mendean, aurreko hiru barrutiei Trintxerpe batu zitzaien. Antxoren kasuan, bere sorreraren arrazoia, bertako lur eremuetan porturako ziren zenbait azpiegitura (N-1 errepidea, trenbidea…) sortu eta hedatzean bilatu behar da, Trintxerpe, berriz, arrantza-sektoreak zituen beharrei (etorkinak) erantzuteko sortu zen.

Powered by Wikiloc
   


Pasai Donibaneren ikuspegi zabala

Bi herri hauetako alde zaharrak ezagunak dira oso, eta horiek ezagutzeko ibilaldi gidatu bat proposatzen dugu, ezagutuko  ditugun eraikin historiko horien horma eta bazterretan idatzitako harrizko pasarteak irakurriz. Badiako ura eta Jaizkibel mendiaren lurren artean marrazten den Donibane herriko kasko historikoa kale estu eta irregular batek zeharkatzen du, eta, kale horren bi aldeetan kokatzen dira eraikin historiko gehienak. Bizkaia auzoan hasi eta Alabortza kalaraino hedatzen den kale honek aparteko xarma du eta bertan murgiltzean, txoko ezkutuak deskubritu ahal izango ditugu. Hala ere, aipatu behar da gaur egun dagoen kale bakarra XVIII. mendean egin zela, eta horretarako Carpin eta Muñoz etxeen arkuak ireki behar izan ziren. Ordura arte, kalea zeharkatu ahal izateko Santa Ana ermitaraino zuzentzen diren eskaileretatik igo behar zen.

Portzelana fabrikaren tximinia

Bizkaia auzoan emango diogu hasiera ibilaldiari. Auzo honetan ontziolak izan ziren eta,  besteak beste, Euskal Herria eta Amerikaren arteko merkataritza bultzatu zuen “Real Compañía Guipuzcoana de Caracas”-eko (1728) abiapuntua izan zen. Urte batzuk beranduago, 30 urtez Pasaia eta Asiako herrialdeen arteko merkataritza sustatu zuen “Real Compañía de Filipinas” eratu zen. Toki irekia zen eta orain dela gutxi desagertu ziren arrantza-industriaren pabilioi handiak altxatu ziren bertan.

Platain etxea 1

Gaur egun, espazio hau betetzen duen aparkalekuan Pasai Donibaneko eraikin zaharrena ikus daiteke, Platain etxea hain zuzen ere. XVI. mendean harlanduz eta adreiluz eraiki zen eta, etxe eder honetara eta bere ondoan dauden beste bietara soilik itsasbehera zenean iritsi zitekeen. Platain etxeak eta aldamenekoak estalkia partekatzen duten arren, ondokoa XVIII. mendekoa da eta harlanduzko fatxada soila du. Etxe hauen aurreko aldean, tximinia luze bat ikusiko dugu, leku honetan, XIX. mendearen bukaeran izan zen Portzelanen Erret Fabrika izena zuen lantegiaren lekuko isila. Portzelana fabrikatzeko leku garrantzitsua zen Limoges herritik etorritako Etienne Bignol jaunak, Pasaian lantegi bat sortzeko baimena eskatu zuen 1851ean eta, urtebete pasa eta gero, udalak baimena eman zion, baina langileak kontratatzeko orduan, bertako herritarrek kanpotarren aurrean lehentasuna izan behar zutela baldintza jarri zuen. Lantegia Arizabalo jauregian eta honen ondoko lursailetan kokatu zuten. Ondorengo urteetan zenbait gorabehera izan ziren eta, frantses eta euskaldun enpresarien eskuetatik pasa eta gero, 1915ean itxi egin zuten.

Arizabalo jauregia

Tximiniari bizkarra eman eta Donibane kalean barna aurrera egingo dugu. Berehala, Arizabalo jauregiaren ondora helduko gara, XVII. mendekoa izan daitekeen eraikin barrokoaren ondora hain zuzen ere. Herriko eraikuntzarik garrantzitsuenetakoa den jauregi honek oinplano laukia du eta estalkiak lau isurialde ditu, eta XIX. mendetik aurrera, bere hormen barruan jarduera ezberdinak ezagutu izan dira: eskola, fabrika, bulegoak… eta azkenik, 2008tik Pasaiako udaletxearen egoitza da. Urte hauetan guztietan jauregiaren barne-egitura aldatu den arren, kanpokoa mantendu egin da.

San Joan Bataiatzailearen parrokia

Kale estuan murgildu bezain pronto, gure eskuinean altxatzen den San Joan Bataiatzailearen parrokiaren ondora iritsiko gara. XVI. mendean, eliztarrek Lezoko parrokiatik bereizteko baimena eskuratu eta eliza-parrokia berria eraikitzeari ekin zioten. Gurutze latindarraren forma duen nabe bakarra du. XVII. mendearen lehen herenean eraikitzen hasi eta 1643. urtean bukatu zuten parrokiaren kanpoko fatxada hareharrizko harlanduz egina dago.

Miranda etxea

Donibaneko herritarrentzat hain garrantzitsua den parrokia atzean utzi eta, hareharrizko fatxadak dituzten etxeen artean malda txikian zehar jaisten hasiko gara. Pasabide pare bat zehartu ondoren, aurrez aurre XIX. mendeko Miranda etxe errenazentista topatuko dugu. Oinplano angeluzuzena du eta estalkiak hiru isurialde ditu. Harlanduzko fatxada nagusian bi armarri ikus daitezke, Zizurkilgo San Millan familiarena bata, eta, Villaviciosatarrena izan daitekeena bestea.

Victor Hugo etxea

Metro gutxi batzuk aurrerago, pasabide baten sarreran Gabiria etxea edo Victor Hugo museo-etxearen ondoraino iritsiko gara. 1843. urteko udan, poeta, antzerkigile, saiogile, eleberrigile, kritikari, politikari, marrazkilari eta margolari izandako Victor Hugok (1802-1885), Pirinioetako mendebaldea ezagutzeko bidaia bat egin zuen. Donostiako Ulia mendian zehar Pasai San Pedroraino heldu eta txalupaz Pasai Donibanera pasa zen. Herrian ikusitakoarekin liluratuta, bertan denboraldi bat igarotzea erabaki zuen, gaur egun Victor Hugo deritzon etxean hain zuzen ere. Gaur egun, turismo bulegoa izateaz gain, “Victor Hugo, oroimenera bidaia” erakusketa iraunkorra ikus dezakegu bertan.

Pietatearen guruztokia

Hirugarren arkua zeharkatzean, Kristo Gurutziltzatuaren irudia aurkituko dugu eta aurreraxeago, Pasai San Pedrora joan-etorria egiten duen motora edo txaluparen ontziralekuaren ondora iristean, XVI. mendekoa den Pietatearen guruztokiaren ondora iritsiko gara. Eraikina mugatzen duten harlanduzko hormen barruan, Pietatearen irudia landuta duen XV. mendeko gurutze bat dago. Eraikin berezi honen ondoan, XVI. mendeko etxe errenazentista den Villaviciosa jauregia ikusiko dugu. Harlanduzko bere fatxada nagusian, plaka bat ikusiko dugu, 1777an Lafayette markesak Ameriketako independentziaren alde gerrara joan zenekoa oroituz.

Santiago plaza 

Udaletxe zaharra

Txulotxo eta Camara jatetxe ezagunen ondotik igaro eta berehala, Donibaneko zabalgune bakarra den Santiago plazara iritsiko gara. Arrantzaleen etxebizitza koloretsuen artean, herriko udaletxea izandako eraikina nabarmentzen da. Estilo barrokoa duen eraikin hau, 1735ean altxatu zuten hareharrizko harlandua erabiliz.  Plazatik atera eta kale estuan murgildu bezain laster, Santo Kristo Bonantzakoaren basilikarekin egingo dugu topo. Toki honetan, XIV. mendean Santa Isabeli eskainitako Donibaneko lehen parrokia altxatu zen, baina sute batek suntsitu eta bere lekuan, 1738an gaurko basilika eraiki zen. Elezahar baten arabera, arrantzale batzuk Kristo hau uretan flotatzen aurkitu omen zuten, eta garai haietan fedeak zuen indarra kontuan hartuta, elizan jarri eta, herritarrek ez ezik, itsasontzietako merkatari, tripulazio eta kortsarioek ere kultua eskaini zioten.

Bonantzako arkua

Basilika atzean utzita, Bonantzako arkua zeharkatuko dugu eta, bide bakarretik aurrera segituz, 1621ean eraikitako Santa Isabel gazteluaren hormen ondora ailegatuko gara. “Gotorlekuak Gipuzkoan” liburutik jakin dugu gotorleku honen bilakaera historikoaren berri: XVI. mendearen bukaeran bertan gaztelu txiki bat eraikitzea proposatu zen, Pasaiako sarrera babesteko helburuz, baina XVII. mendearen lehen laurdena arte ez zen proiektua idatzi eta gertu zegoen errota baten (Txurrutella) ondoan kokatu zuten. Diru faltak gotorlekua amaitzea eragotzi eta ia mende batez amaigabe bihurtu zen eraikina frantziar gudarosteen esku geratu zen hainbat aldaketa eginez. Santa Isabel gazteluak 1867an amaitu zuen bere zerbitzu-bizitza, nahiz hurrengo urteetan erabili izan den noizean behin. Hareharri-harlanduzko horma sendo batzuk baino ez dira geratzen, gotorlekuaren itxura galduz. Gaur egun egoitza pribatu bat dago bertan.

Santa Ana ermita 

Aurrera jarraituko bagenu, Alabortzako senaiaraino helduko ginateke, baina etorritako bidetik metro gutxi batzuk atzera egin eta ezkerretik ateratzen den bidetik abiatuko gara. Herriaren gain aldetik marrazten den bide honek Santa Ana ermitaraino eramango gaitu. Ermita honen jatorriaz ez dago nahikoa daturik, baina uste da gaur egungo eraikina 1758. urtean altxatu zela, eraikin zaharrago baten kokalekuaren gainean. Pasaiako badiaren ikuspegi zabalaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen duen talaia paregabe honetan emango diogu amaiera ibilaldi txiki eta eder honi. Uraren ertzean eta mendiaren magalean, urdina eta berdea zeharkatzen dituen hareharrizko herri zoragarria! 


Pasaiko portuko bokalea





Powered by Wikiloc
Powered by Wikiloc
Powered by Wikiloc

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina