![]() |
Itziar Andutzetik |
Gipuzkoako herri zaharrenetakoa da Itziar. Historia aurreko aztarnategi guztiz garrantzitsuak aurkitu dira bertan (Urtiagako lezea). Tritium Tuboricum erromatarren garaiko herria omen zen, barduliarren eta karistiarren arteko mugan.
Itziarko lehen berriak 1027. urtekoak dira, Nafarroako Antso Handia erregearen karta batean beste bailara batzuekin batera Ticiar bailara agertzen baita. 1294. urtean, Antso IV.ak Itziarko auzokideei hiri-gutuna eman zien, Itziarko Monte-Real. 1343. urtean, Itziarko hiria arrantza portutik urrunegi eta nekazaritzarako garaiegi zegoela eta, hiria Deba ibai ertzera aldatzeko erregutu zioten bertako biztanleek Gaztelako erregeari eta Debako auzo izan zen Itziar aurrerantzean.
![]() |
Herriko plaza |
Itsaspe auzoa |
Auzoak
Lastur goi eta behe, Egia, Arriola, Endoia, Itsaspe, Elorriaga, Mardari
eta Arbiskoa.
Lastur auzoa |
Ondarea
Andre Mariaren santutegia (Itziar)
Itziarko santutegia oso antzinakoa da, eliza honen lehen aipamenak
VIII. mendekoak baitira. Gerora, XVI. mendean, zaharberritu egin zuten. Nabe
bakarra dauka, bitxia oso. Zabalera berezia du, ez du zutaberik eta hiru atal
angeluzuzen ditu. Barruan, Itziarko Ama Birjinaren irudia nabarmentzen
da.
Itziarko Andre Mariaren santutegia |
Itziarko Andre Mariaren santutegia |
Santutegiaren kanpoaldean, berriz, itsasoari begira, Jorge Oteiza eskultorearen “Amatasuna” izeneko eskultura dago. Altzairuzko eskultura hau 2001. Urtekoa da eta haurdun dagoen emakume baten itxura du.
Amatasuna eskultura (Otzeiza) |
Andutzen magalean, auzolanean altxatutako eraikin ederra. Elur eta izotzaren erabilera aintzinetik izan da ezaguna, batez ere janariak eta edariak freskatzeko edota gaixotasun eta epidemiei aurre egiteko. Izotza garaiz kanpo hornitu ahal izateko elur-zuloak erabili ohi ziren.
Elutzetako elur-zuloa |
Eliza honi buruzko lehenengo datuak 1539koak dira. Mende luzez iparraldeko bidetik Santiagora zihoazen erromesen joan-etorrien lekuko izan da. Izen bereko mendiaren tontorrean dago, Itziarrera bidean. Kostaldearen eta Debako hirigunearen ikuspegi ezin hobea eskaintzen du. Atseden hartzeko, paseatzeko eta ikuspegi dotoreez gozatzeko leku aparta da. Duela urte gutxira arte, erromeria jendetsuak egiten ziren Santa Katalina ermitan San Joan eta Santa Katalina egunean. Egun, ordea, San Joan egunean (ekainak 24) soilik egiten da meza.
Santa Katalina ermita |
Mendata eta Sakonetako flyscha (Itsaspe auzoa)
Zumaiatik Mendatako puntaraino hedatzen
den kosta zati honetan “flysch” egiturak azaltzen dira, Erdi eta Goi Kreatzeoko
kararriz, margez eta, neurri txikiagoan buztinez osatuak.
![]() |
Mendatako labarrak Itziarko talaiatik |
Sakonetako flyscharen ikuspegi orokorra Mendatagainatik |
Balearen arrantza Erdi Arotik jarduera garrantzitsuenetakoa izan zen euskal kostaldean. Inguruko herrien artean egiazko lehia izaten zen balea nork harrapatuko, eta itsasoan zetazeoa bistaratzea zen lehen urratsa lasterketan ateratzeko. Talaia hau, Mendatako portuari lotuta zegoen. Itziarko biztanleek eta Itxaspeko baserriek abantaila txiki bat izan zezaketen dorre honetako seinaleak ezin baitziren bistaratu Deba, Mutriku eta Ondarroako herrietatik.
Itziarko talaiatik ikuspegi zabala |
![]() |
Lasturko Plazaolako errota |
Lasturko baselizak eta plazak osatzen duten multzoa, lehen aipatutako zezen-plaza dagoen lekua, auzoko erdigune erreferentziala eta espirituala da. Tenplu hau, lehen aldiz 1625ean aipatzen den arren, litekeena da Erdi Aroan Lastur herrixkaren parrokia-eliza izatea. Herrixka hori Itziarren barruan geratu zen, hiribildua 1294an sortu ondoren. 1347an hiribilduaren burua Debara aldatu zenetik, herri horren jurisdikziopean jarraitzen du, nahiz eta, elizari dagokionez, Itziarreko parrokiaren menpe jarraitu zuen. San Nikolas baselizaren izaera erreferentziala agerian geratzen da irailean santuaren omenez ospatzen diren auzoko jaiek duten indarrean. Gaur egun, zezen-ikuskizunez gain, herri-kirolak, bertsolarien emanaldiak eta erromeria ere badaude. Antzina, ogi-opil batzuk egiten ziren, oso preziatuak eta “San Nikolas opilak” izenez ezagunak, sakristian banatzen zirenak limosna baten truke. Aipatzekoak dira, halaber, garai batean Itziarreko santutegitik San Nikolas baselizaraino egiten ziren prozesioak, euria edo eguraldi ona eskatuz.
Tenplua oinplano angeluzuzeneko eraikin txikia da, luzitutako harlangaitzezkoa. Fatxada nagusia nabarmentzen da, kolore gorrixketan margotutako egurrezko bilbadurekin eta harrizko atari itxiarekin. Barruan, santuaren irudia nabarmentzen da, oso gurtua inguruetan.
![]() |
Lasturko San Nikolas Tolentino eliza. |
Erdi Aroko herrixka txiki bat (Elorriaga auzoa)
Elorriaga Itziarko herrixka txiki bat da,
Debako udalerrian. Herrixkaren erdigunean San Sebastian baseliza dago, baserriz
inguratuta, gertuago edo urrunago, eta belardiak eta lur landuak ere baditu.
Erdi Aroko kutsu handiko multzoa da. Hain zuzen ere, Elorriaga herrixka lehen
aldiz aipatzen da Zumaia eta Deba hiribilduek beren mugak finkatzeko sinatu
zuten elkartasun-itunean. Jatorrian, bere parrokia propioa zuen herrixka zen,
biztanleen benetako gune espiritual eta politikoa. Izan ere, bere koruaren
azpian, antzinako bataiarri bat aurkitu zen, tenplu honek iraganean zuen
parrokia-izaera berresten duena. XIII. mendean zehar, San Sebastian elizak bere
parrokia-maila galdu zuen eta herrixka Itziarko parrokiara batu zen, aipatu
mendearen amaieran hiribildu mailara iritsi zena.
Pagoetagañako muino leunaren tontorraren
gainean dagoen Elorriagako elizatik itsasoa ikusten da. Izan ere, iragan
mendeetan, inguruetako marinelek elizarekiko debozio handia sentitzen zuten.
Gertaera hau, beharbada, bere barnean gurtzen zen Ama Birjinaren irudi gotiko
ederraren jatorriaren inguruko elezaharragatik izan zen. Esaten denez, irudia
itsasoan aurkitu zuten, eta, jatorrian, itsasontziren baten brankako irudia
zen. Oso irudi maitatua da, eta herriak “Joxepatxo” izenez ezagutzen du.
Elorriaga auzoa |
San Sebastian baseliza (Elorriaga auzoa)
Elorriagako Andra Mariren taila gotiko
handia, 85 zentimetroko altuera duena, tenplu honetatik datorren elementu
historiko-artistiko nabarmenena da, ziurrenik. Dena dela, gaur egun ez dago
Elorriagan, Itziarko elizara eraman zutenetik. Gaur egun, tenplu honetan dauden
irudi bakarrak dira, San Sebastian santu titularraren irudi bat, Debako
patroiaren San Rokeren tailu txiki batekin batera. San Sebastianekiko debozioa
mantentzen jarraitzen da, eta horrela, patroiaren egunean meza ospatzen da, eta
ondoren erromeria.
San Sebastian eliza eraikin txikia da,
oinplano angelu-zuzenekoa, bi isurkiko teilatua eta sakristia atxikia dituena.
Herrixkaren Erki Aroko girotzean asko laguntzen du, fatxada nagusian bi leiho
baititu, dobeladun portadaz gain, ojiba-arkuz eraikiak, gotiko estiloko kanonei
jarraituz.
Elorriagako San Sebastian ermita |
Andutzeko gurutzea |
Informazioa iturriak:
https://eu.wikipedia.org/wiki/Itziar
Itziarko auzoak |
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina