Bera Nafarroa Garaiko iparraldeko udalerri bat da, Bortzirietako ibarrekoa, Baztan Bidasoa eskualdekoa. Bidasoa ibaiaren ertzean dago, Lapurdirekiko eta Gipuzkoarekiko mugan.
Bera |
Auzoak
Herrigunean: Altzate, Agerra, Bera, Illekueta eta Itzea
Landa-eremuan: Dornaku, Illekueta, Kaule, Suspela, Suspelttiki, Xantelerreka/Elzaurdia
(Ibardin), Zalain eta Zia.
Bera |
Historia
1402. Nafarroako errege Karlos Nobleak Lesakako eta Berako
herritarrei hainbat pribilegio eman zizkien, bere lurra gipuzkoarren eta lapurtarren
aitzinean defenda zezaten.
1606. Lorenzo Hualde Berako elizako erretore izendatu zuen Altzate
eta Urtubiko jaunak. Pertsona hura Valle Alvarado inkisidorearen laguntzaile
izateagatik nabarmendu zen. Sorginkeriagatik beratar aunitz salatu zituen,
Logroñoko inkisizio auziko (1610) agirietan jaso denez.
Zia erreka |
1610. urte aldera, Baionatik artoa sartu zen, eta Atlantikoko
ereduko nekazaritza sisteman oinarrizko laborea izan zen geroztik.
1638. Saint-Simon dukearen tropek, Altzate eta Urtubiko jaunaren
gidaritzapean, Bera erre zuten.
1793-1795. Konbentzio Gerra. Lehen aldian, 1794ko uztail arte,
Espainiako tropek okupatu zuten Bera. Bigarrenean, 1794ko uztaila bukaeratik
aitzina, frantsesek hartu zuten herria, eta bertan izan ziren, 1795eko ekainean
guda bukatu zen arte.
1813-1814. Napoleondar Gerrak zirela eta, 1813ko abuztuaren
hasieran, tropa aliatuak, Wellingtongo dukea buru zutela, Bortzirietan,
Urdazubin eta Donezteben finkatu ziren, Soult mariskal frantsesarenei
jarraikiz. 1813ko azaro arte izan ziren bertan, eta heriotza krisi nabarmena
eragin zuten. Egoera horretan, 1813ko irailaren 1an, San Migel zubiko gudaldia
izan zen.
1830. Urriaren 20an, Espoz Mina jeneralak Beran pasa zuen muga, konstituzio liberala absolutismoaren aitzinean aldarrikatzeko asmoarekin.
1838. Lehen Karlistaldian, apirilaren 4an, liberalek herria utzi
zutenean Berako eliza erre zuten, eta kalte nabarmenak eragin.
1872. Karlos Borboikoa Beratik sartu zen, Amadeo Saboiakoaren
aurkako gerra aldarrikatzeko. Hirugarren Karlistaldian, Santa Kruz apaizak
zenbait borrokaldi eragin zuen Beran.
Hilarriak |
Monumentuak
ALTZATEKO PLAZA
Altzate leinuko kide batengandik
etorri zaio izena esparru publiko horri. Beharbada, jauregi-etxea, gaur egun
desagertua, hurbil zegoen plazatik, Zia errekaren ondoan.
DONFELIPEBAITA ETXEA
XVIII. mendeko arkitekturaren eredu ona da,
eta geroko gehigarriak ditu. Hegoaldera begira dagoen harrizko galeria
nabarmentzen da, pisu bakoitzeko bortz arku dituena.
Donfelipebaita etxea |
ELTZAURPE-TTIKI ETXEA
Aztarna gotiko batzuek egundaino iraun dute etxe
horretan: irudi batzuk landurik dituen fatxadako atea (IHS, eguzkia, ilargia
eta hainbat lanabes) eta alboko leiho bat. Etxe mota hori ohikoa zen Beran,
1638an herria erre zuen sua gertatu aitzin.
Eltzaurpea txiki etxea |
FORUEN PLAZA
1841eko abuztuaren 16an, foruak aldatzen
zituen legea indarrean hasirik, Nafarroa probintzia bihurtu zen, erresumari
abantaila fiskalak aintzat hartu zizkioten arren. Foruak aldatu zirenez, Foru
izena jarri zieten Nafarroako herri anitzetako plazei. Fermin Legiaren
bustoa dago Foruen plazan. 1787an sortu zen militarra, Berako Urrola baserrian.
Espoz y Minaren tropak Berara heldu zirenean, boluntario sartu zuen armada
horretan. 1813ko martxoan, Hondarribiako gaztelua -ordura arte frantsesen esku-
konkistatu zuen beratarrak, 15 gizon agindupean zituela. Balentria horrengatik,
teniente izendatu zuen Espozek.
Foruen plaza |
ITZEA ETXEA
Baroja familiaren etxea da, eta izena ematen dio auzoari. 1912an heldu zen familia etxe horretara, eta, harrez geroztik, Carmen, Pio eta Ricardo Barojak, eta Julio Caro Barojak han garatu zuten beren obra multzoaren zati handi bat. XVII. mendearen bigarren erdialdean eraiki zen etxea. Zurezko teilatu-hegal bikoitza nabarmentzen da, XVI. mendearen bukaerako eta XVII.aren hasierako Nafarroako eta Aragoiko etxe eta jauregietan maiz agertzen diren Errenazimentuko ereduetatik hartua. Ibaiaren pareko ertzean Jorge Oteizak Pío Barojaren omenez egin zuen hilarria dago. Etxea ez da bisitatzen ahal.
Itzea etxea |
KARNAXENEA ETXEA
1638ko uztailaren 16an, frantsesek
pizturiko su batek kiskali zituen herriko etxe anitz. Etxe hartako habeak
gogora ekartzen digu Altzate eta Urtubiko Salbatek (Altzateko jauna) aitzinatu
zuen gertakizun latz hura.
Karnexenea etxea |
LAZAROBAITA ETXEA
XVII.
mendearen bukaerako eta XVIII.aren hasierako ohiko tailuz egin zen fatxadaren
egitura. Eraikinak bi ate ditu, mutur bakoitzeko bana. Erdialdean, berriz,
hutsune zabal bat dago, alboetan bi zutabe toskanar dituena. Beharbada, erdiko
ataritik mugitu zituzten zutabeak. Etxe horretan egon omen zen Karlos VII.a
erregegaia, bigarren karlistaldiko aldi batean.
Lazarobeitia etxea |
SAN ESTEBAN ELIZA
Hasieran,
etxe-dorre gotikoa izan zen, eta, XVI. mendetik aitzina, eliza gisa erabiltzen
hasi ziren. 1632an, berritu eta zabaldu egin zuten. Gurutze latinoko oinplanoa
eta gurutze-ganga ditu. Jatorrizko eraikinetik ia ez da hondarrik ere gelditu.
Erretaula nagusia neoklasikoa da, XIX. mendekoa. San Estebanen irudia (herriko
zaindaria) eta Bortzirietako armarria ageri dira han. Zalantzarik gabe, organoa
da barnealdeko piezarik nabarmenena. Amezua eta Jauregik egina, Nafarroako
organo erromantikorik onena da. Hiru teklatuko organoaren ondoan, bi mailatako
zurezko aulkiteria dago, hagitz ederra. Kanpoaldean, antzinako kanposantuko
hilarriak daude.
San Esteban eliza |
SAN MIGEL ZUBIA
1813an,
Beran izan ziren gerren zaurien lekukoa da hondakin historiko hori. Oroitarri
bat dago bertan, Daniel Cadouxen, zubiaren defentsan hil zen militarraren
omenez, jarria.
San Migel zubia |
HERRIKO ETXEA
1776an
estilo neoklasikoan eraikia, geroago berritu zuten. Harrizko sei arkuk osatzen
dute etxeko ataria. 1983an, fatxada zaharberritzen ari zirelarik, hainbat
pinturaren aztarnak aurkitu zituzten. Pintura horiexek hartu zituen Julio Caro
Barojak egungo marrazkien zirriborroa egiteko. Ignacio Larramendik, artista
beratarrak, fatxadan egin zituen marra horiek.
Herriko Etxea |
ZELAIA ETXEA
Deigarria
da, fatxadaren luzera eta aldeak ia neurri berekoak direlako. Beheko solairuan
erdiko gune zabal bat dago, antzina morroiak eta neskameak ibiltzeko erabilia.
Ukuiluak eta txerritokiak daude aldeetan.
Zelaia etxea |
AHANTZIAK
1936-1939 ESKULTURA
Mikel Iriartek egindako eskultura honek eraildako eta
errepresaliatutako pertsonen sufrimendua eta atsekabea islatzen du. Altzairuz
egina eta 2018ko azaroaren 18an inauguratua, hiru osagai ditu: osagai nagusia,
non bi emakume besarkatua agertzen diren; hilarri bat plazako zoruan; eta
lurrean dauden arrasto batzuk, erbesterako bidea hartu zuten pertsonak
gogorarazten dituztenak. Berako Udaletxe plazak, eskultura hau jartzeko toki
gisa, 1936ko abuztuaren 1a ekarri nahi du gogora, Berako komandante militarrak,
altxamenduaren ondorioz ihes egindako pertsonak itzultzen ez baziren, haien
familiak herritik kanporatuak izango zirela agindu baitzuen. Mehatxu hori
hurrengo egunean gauzatu zen, Berako hogei bat familia kamioietan eraman
zituztenean Iparraldeko mugara eta Gipuzkoara.
Ahantziak 1936-1939 eskultura |
AROZTEGIA ETXEA
Arostegia etxea |
JESUSEN BIHOTZA KAPERA
Jesusen Bihotza kapera |
SAN ANTONIO PADUAKO ELIZA
San Antonio Paduako eliza |
Informazio iturriak:
https://eu.wikipedia.org/wiki/Bera
https://www.espaciosdememoria.com/eu/memoria-tokia/ahantziak-eskultura-1936-1939
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina