2024(e)ko irailaren 19(a), osteguna

Irun

         Historia laburra

Irun, Gipuzkoak ipar-ekialdeko muturrean dagoen udalerria da. Bidasoaldea eskualdean eta Txingudiko badiaren ondoan kokatuta, lurraldeko bigarren udalerri jendetsuena da. Lapurdi eta Nafarroa Garaia ditu mugakide. Mugen arteko igarobidea izateak, eragin handia izan du bere jarduera ekonomiko eta bizitza sozialean. Erdi Aroan, Irunek muga zaintzeko funtzioa betetzen zuen, eta horregatik bere armarrian latinezko esaldi hau agertzen da: “Vigilantiae Custos”. Hondarribiarekin batera, garrantzi handiko tokiak ziren, eta horregatik, Karlos V.aren gaztelua (mende batzuk lehenago Nafarroako Erresumako errege Antso Abarkak eta Antso Nagusiak eraikia eta egokitua) eta Gaztelu Zahar gazteluak daude bi herrietan.


Powered by Wikiloc

Irungo armarria

Irungo udalerrian kokatzen diren aurrehistoriako monumenturik zaharrenak Neolito-Brontze Garaiko Burkalleku eta Iratzebizkar I trikuharriak, Iratzebizkar II tumulua eta Arburuko Borda harrespila dira. Irungo aurreneko biztanleen jatorria guztiz ezezaguna dugu gaur egun; arkeologiako azken indusketa arkeologikoen  arabera, berriz, erromatarrak izan ziren nagusi Irunen sorreran. Estrabon eta beste erromatar historialaren testigantzen arabera, Irun erromatarren aurreko garaian sortu zen, Oiassori erreferentzia egiten baitzioten.  

Oiasso museoa

1200. urtera arte Nafarroako Erresumako parte izan zen, baina orduz geroztik, Gaztelako Erresumaren menpe geratu zen. Urte askoan, Irun Hondarrabiaren menpe egon zen. 1203. urtean, Gaztelako Alfontso VIII.ak Hondarribiari eman zion Hiri-gutunean aipatzen da Irun, idatziz lehenengo aldia. Orduz geroztik, "Irun-Urantzu Unibertsitateak" berezko eskumenak izan zituen arlo politiko, ekonomiko eta militarrean, baina arlo zibil eta kriminalak Hondarribiaren menpe jarraitu zuen, harik eta Karlos III.a Espainiako Erregeak, 1776ko otsailaren 26an izenpeturiko errege-zedularen bidez, Irun-Urantzuri independentzia eman zion arte.


Gatazka militar bat baino gehiago izan dira Irunen. Horietako bat, gaur arte ekainaren 30ean urtero ospatzen den San Martzialeko guda, 1522. urtean Gaztelako Erresumako armadak Nafarroako Erresumakoa mendean hartu zuenekoa da: nafar gudariek Nafarroako Erresuma berreskuratzeko egin zuten azken ahalegina izan zen. Gaztelar gudariek nafarrak kanporatu zituzten Aldabe mendiko gudaldian, San Martzial egunean; hori dela-eta, mendi tontorrean San Martzial baseliza eraiki zuten eta, orduz geroztik, Irungo jaiak eta alardea ospatzen dira data horietan.

Konpantzia edo Faisan uhartea

1659. urtean Pirinioetako Bakea sinatu zuten Konferentziako Uhartean edo Konpantzian, Behobian. Bakea, Frantziako erregearen (Eguzki Erregea) eta Espainiako Maria Teresa infantaren arteko ezkontzarekin berretsi zen. Hala ere, bakeak ez zuen luzaroan iraun. 1813an San Martzialeko bigarren gudua izan zen, Espainiako Independentzia gerra zela eta. Hartan, Wellingtongo dukeak gidatzen zituen espainiar-ingeles-portugaldar gudalosteek penintsulatik bidali zituzten Napoleonen soldaduak.

Hurrengo urtean, 1805. urteaz geroztik Nafarroa Garaiko probintziaren barnean egon ondoren, Irun Gipuzkoako herri bihurtu zen berriro ere 1814. urtean eta lurralde horretan jarraitzen du gaur arte. Hori ez zen izan Nafarroaren baitan sartzeko ez lehen ezta azken ahalegina ere; izan ere, Hondarribia (Irun haren parte zen) 1638 eta 1655 urte bitartean saiatu zen lehen aldiz eta, azkenekoz, 1936ko gerra amaitutakoan Nafarroa Garaian sartzeko eskaera egin zuten Irun eta Hondarribiako alkateek. Irunek liskar gehiago ere bizi izan zituen, hala nola 1837. eta 1874. urteetan izan ziren karlistadak. Horien ostean, 1936ko gerrak hiriaren gehiena suntsitu zuen.

Ondarea

Irungo ondarearen parte bat ezagutzeko, udalerriak bere kaskoan gordetzen dituen monumentuak bisitatuko ditugu ibilaldi labur baten bidez. Horretarako, Irungo geltokitik abiatu eta Colon pasealekua zeharkatuko dugu Nafarroako hiribidearekin bat egiten duen arte. Puntu honetan, ezkerretik hartu eta Fermin Calbeton kalea zeharkatu ondoren, Eskoleta karrikan dagoen Oiassoko Erromatar Museora helduko gara. Antzinako Oiasso erromatar hirian sartzeko atea da Museoa. Egungo Irungo zorupean ezkutatua dago Oiasso erromatar hiria. Bidasoa ibaiaren bokalean, Hispania eta Akitaniaren arteko mugan, Oiasso baskoien portua izan zen antzinaroan. Erromatar Inperioaren garaian komunikazio eta merkataritza zentro garrantzitsu bilakatu zen Hispaniako iparraldean, Tarraconensis probintziaren barnean.

Oiasso museoa

Kale berean, metro batzuk beherago jaitsi eta Junkaleko Andre Mariaren elizaren ondora iritsiko gara. 1973an Monumentu Historiko Artistiko izendatu zuten Junkaleko Andre Mariaren eliza XVI. mendean eraiki zuten, eta sekulako polemika eragin zuen. Elizaren tamaina handia eta kokapena kontuan hartuta, Hondarribiko bizilagunak eta Nafarroako erregeordea kontra agertu ziren, etsaiek ezkutatzeko erabili zezaketela uste baitzuten. Halere, eraiki egin zen azkenean eta XVII. mendearen hasieran dorreari haize-orratza ipinita eman zituzten amaitutzat 100 urte luzeko lanak. Hainbeste urteko lanaren ondorioa izaki, gotikorik zaharrenaren eta euskal gotikoaren elementuak nahasten ditu. Oinplano angeluzuzena duen eraikina da. Hiru nabek osatzen dute eta absideek buruhorma lauak dituzte. Dorrea Amasako harriz egina da. Bizantziar estiloko Junkaleko Andre Mariaren XII. mendeko irudi erromanikoa dago aldare nagusiko erretaulan, Gipuzkoako zaharrena. Kanpoaldean, harlanduz egindako fatxadaz gain, XVII. mendeko atari barrokoa nabarmentzen da.

Junkal Andre Mariaren eliza

Etorritako bidetik atzera egin eta berehala ikusiko dugu Arbelaitzeko jauregia. Irungo familia nabarmenenetakoa zen Arbelaitz familia Espainiako Koroarekin harreman estua izan zuen. XVI. mendearen hasieran eraikia izan zen eta Jose Arbelaitz izan zen eragilea. 1936ko irailean, Espainiako Gerra Zibilean zehar Irungo herrigunea edo alde zaharra suntsitu zuen suteak jauregia bera ere kaltetu zuen, gerora berreraikia izan zelarik.

Arbelaitz jauregia

Iglesia kaletik aurrera egin eta berehala helduko gara San Joan Harriaren ondora, Irungo Udaletxetik oso gertu. San Joan Harri Irungo elementu enblematikoa da. San Joan plazan kokatuta dago, Irungo Udaletxearen aurrean. Berez, oso txikia da: oroitzapenezko zutabe baten gainean jarritako San Joanen eskultura, baina hirirako balio sinboliko handia du. 1564. urtean eraiki zen eta ez dago oso garbi monumentu horren zergatia. Udaletxea, berriz, XVIII. mendeko barroko estiloko eraikina da.

San Joan harria

Udaletxea

Udaletxearen alboko eskaileretatik jaitsi eta berehala iritsiko garen Larretxipi kaletik Urdanibia plazara jaitsiko gara. Gaur egun Irungo Udal Euskaltegiak  eta Menchu Gal erakusgela okupatzen duten Sancho de Urdanibia aterpetxe-ospitalearen ondotik igaroko gara.  1644. urtean eraiki zuten Santxo de Urdanibia jaunak bereziki aterpetxe-ospitale bat eraikitzeko utzitako dirutzari esker. Metro gutxira La Milagrosa kapera aurkituko dugu.

 

Larretxipi kalea



Sancho de Urdanibia aterpetxe-ospitalea

Menchu Gal erakusgela


La Milagrosa kapera


Dunboa auzo aldera joko dugu segidan, eta, zubia igaro ondoren, Ama Xantalen iturria ikusiko dugu, izen bereko ermitatik gertu. Iturri barrokoa da 1678an eraikia. 170 urtetan iturri hau hiriaren ur-hornitze nagusia izan zen. Donejakue bidean dago kokatuta. Lehen irekia egoten zen baina 1999an eraikin osoa konpodua izan zen eta barrualdea hesi batez itxi egin zen, bandalismoaz babesteko.

 

Ama Xantalen iturria

Metro gutxia Ama Xantalen ermita dago. Ermita garrantzitsua da, mende luzez santutegia izan baita. Egungo eraikina XIV. mendekoa dela uste dute. Oinplano angeluzuzena eta lau isurkiko estalkia ditu. Hormak harlanduzkoak dira eta portada, berriz, isabeldar estilokoa. 70eko hamarkadan hainbat indusketa egin zituzten Ama Xantalen ermitan eta, lan horien ondorioz, erromatarren garaiko nekropoli bat eta erromatarren lehen mendeko eliza baten hondakinak aurkitu zituzten. Museo bihurtuta, ermitak.

 

Ama Xantalen ermita

Irunek baditu beste monumentu garrantzitsu batzuk erdigunetik kanpo beste auzoetan: Gazteluzar gaztelua, Arantzatzeko burdinola eta dorretxea, San Martzial ermita, Irugurutzetako labeak eta Urdanibia jauregi-etxea esate baterako.

 

San Martzial ermita 

Arantzate burdinola

Arantzate dorretxea 

Gazteluzar

Irugurutzetako labeak

Ondare historikoaz gain, Irunek ere badu ondare natural aberatsa: Txingudiko hezeguneen sisteman kokatzen den Plaiaundiko Parke Ekologikoa, Bidasoako uharteak (Galera, Hirukanale eta Santiago-aurrea batetik, eta Konpantzia edo Faisanen uhartea bestetik) eta Aiako Harria Parke Naturala. Hauek guztiak ibilaldi desberdinak burutuz bista daitezke.


Aiako Harria

Plaiaundi parke ekologikoa

Txingudiko badia Irumugarrietako tontorretik

Bidasoako uharteak







Powered by Wikiloc
Powered by Wikiloc

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina