Hiru dira
Aldudeko bailara osatzen duten herriak: Banka, Aldude eta Urepele. Nafarroa Behereako mendien artean kokatuta dago eta bere
biztanleak lurrari oso atxikita bizi dira, artzain tradizioa oso erroturik
baitago. XVII. mendean populatu zuten inguru honetan, badira lekuko desberdinak
antzina paraje hauetan gizakia bizi zela. Hor ditugu esate baterako inguruko
mendietan aurkituko ditugun megalito ugariak eta, horiekin batera, erromatarrek
Bankan ustiatutako meatzeak.
 |
Aldude ibarra |
Urepele
Nafarroa Behereko udalerria da, Aldudeko ibarrean eta Baigorri-Ortzaize
eskualdean kokatua dagoena. Iparraldetik Banka du mugakide, mendebaldetik
Aldude mendebaldean, eta, hegoaldetik Nafarroa Garaiarekin. Urepele, aintzinean
Aldudeko herria besterik ez zena, udalerri independente bihurtu zen 1862ko
otsailaren 15ean. Udalerriko ekonomiaren oinarria laborantza den arren,
udalerritik igarotzen diren erreken uraren kalitatea dela-eta piszikultura
esplotazio baten garapena ahalbidetu du.
 |
Urepele |
 |
Urepele |
Herriak
dituen ondare nabarmenenak, Jasokundearen Andre Mariaren eliza eta hilerria,
eta XVIII. mendeko zenbait baserri, baina bada herria ezagunagoa egin zuen
pertsona bat, Xalbador bertsolaria hain zuzen ere.
 |
Jasokundearen Andre Mariaren eliza |
 |
Inharabia etxea 1864 |
Herriko eliza
estilo neoklasikoko da, arroka muino baten gainean kokatua, karrikaren gaineko
aldean. Eliza, Jasokundearen Andre Mariari eskainia da. Espainiako gerra
karlistetatik ihes egin zuen arkitekto batek zituen eliza horren planoak egin.
1841ean eraiki zuten, atariko giltzarrian ageri den idazkuna dioen bezala.
Elizak laukizuzen luze baten itxura du. Aldare gibel erdizirkularra badu, bai
eta pabiloi-estalkia duen ezkila dorre karratua ere. Sartzean, bi mundu
gerletako eta Aljeriako hilen oroitarria ageri da, zaindari bat bezala.
Elizaren eraikitzeak Urepelek Aldudetik bereizteko borondatea adieraz zuen.
Alabaina, 1862 arte, Urepele Aldudeko auzotegi bat izan zen. Urepeleko Herriko
Etxea elizaren hegoaldeko paretaren kontra eraikia da. Azpimarratu behar da,
Urepeleko bizilagunek eraiki zutela.
 |
Xalbadorenea baserria |
 |
Xalbadorren omenezko harria |
Urepeleko sortzaile ezaguna Xalbador bertsolaria
izan da. Xabier Letek “Urepeleko artzaia” kanta
ezagunean oso ondo irudikatu zuen Fernando Aire Xalbador bertsolari
behenafarra. Aldude bailarako Urepele herrian jaio zen 1920an eta 1976an bere
omenaldi egunean hil zen bihotzekoak jota. Bertsolari liriko eta poetikoa; bere
bizitza, familia, baserri, fede eta naturari buruz kantatu zuen. Donibane
Lohizuneko txapelketan Mattin bertsolaria ezagutu zuen eta ondoren, urte luzez
ondoan izan zuen. Mattin-ekin batera Lapurdi eta Nafarroa Beherean eta Etxahun-Irurirekin
Zuberoan, ostatuz ostatu ibili zen Xalbador, artzantzak uzten zion orotan. Ezin
bertzean (1969) eta Odolaren mintzoa (1976) eman zituen argitara.
Bertsolari apala eta leku guztietan maitatua izan zen, artean euskara batua ez
zegoela eta entzule tradizionalak eskolagabeak izaki, zenbaitetan ulertua izan
ez bazen ere Hegoaldean. Bertsolari sakona izan arren, bazuen Xalbadorrek
ironia mehe bat, aldiro erakusten zuena umorezko pindarrez. Hizkuntza galtzeari
buruz eta Ipar Euskal Herriaren kontzientzia ezaz moldatu zituen bertsoak,
hunkigarriak izateaz gainera, gogorrak eta zorrotzak dira oso. 1977an
euskaltzain ohorezko izendatu zuten. Herrian bertan, bere omenez jarritako
harria dago.


iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina