2025(e)ko otsailaren 11(a), asteartea

Berastegi

 

Berastegi Gipuzkoako Tolosaldeako udalerria da. Bertakoek eta ingurukoek Beasti deritzote herriari. Hauek dira bere auzoak: Hirigunea, Aintzerga, Izotzalde, Eldua, Amerialde, Leitzalde, Eguzkialde, Aiztunalde, Elduainalde, Urdinarrain, Ipuliño, Elizalde eta Plazaola.


Berastegiko harana 

Historia

Berastegiko herrigunearen ikuspegia

Berastegi herri zaharra da oso. Haren lehen aipamena XI. mendekoa dugu: 1027an, Nafarroako errege Antso Handiak Iruñeko apezpikutzari emandako mugei buruzko idazki batean ageri da Berastegiko Harana. Dena dela, bertan gizakia askoz lehenagotik bizi izan dela uste da. Aspaldian tokia Aberastegi deitua izan bide zen; ez zelako ur, egur nahiz janaririk falta.


Berastegi

XIII. mendean Gipuzkoa Nafarroako Erresumatik banandu zen, Berastegi muga bihurtu zelarik. Zirikaldi eta lapurreta espedizioak irten ohi ziren muga borrokalaria zen, "gaizkileen muga" izenez ezagutzen zena. Horren ondorioz, 1321eko irailaren 18an, Beotibarko gudu famatuaren bezperan alegia, nafarrek Berastegi erre egin zuten.


Berastegiko harana

Garai hartan lur erabilgarriaren zatirik handiena Ahaide Nagusiena zen eta hauei hamarrenaren zerga ordaindu behar zitzaien. Horrek haserrea sortzen zuen eta berastegiarren artean altxamendu etengabeak izan ziren, 1374an herria Tolosari lotu zitzaion arte. Elkarketa horrekin biek irabazi zuten: Berastegik Ahaide Nagusiekiko uztarria hausten zuen eta Tolosak areagotu egin zuen bere botere eta eragina. Hala ere, elkarren artean tirabirak izan zituzten: Berastegik Andoainekin komunikabide zuzen bat nahi zuen bere meatzeak eta Leitzarango burdinolak babesteko, eta Tolosa horren guztiz aurkakoa zen.


Berastegi

Egoera horretan, bi mende baino gehiagoko liskarren ondoren, 1615ean Filipe III.a Espainiakoa erregeak hiribildu titulua eman zion Berastegiri (ordura arte Berastegiko Harana zen) eta handik aurrera burujabe bihurtu zen. Leitzarango bidea irekitzearekin komunikabideak hobetu egin ziren, eta nahiz eta Bizkaian burdina erauztea errazagoa izan, errentagarria zen Leitzaranera garraiatzea; bertan erregai nagusia -egurra- ugaria baitzen. Oparotasun horretan, beraz, behar beste egur eta uren jabe izanik, Berastegik arazo larririk gabe aurrera egin zuen zenbait gatazka eta Lehen Gerra Karlista izan arren.


San Martin Tourskoaren eliza

1848an gertaera garrantzitsua gertatu zen: Berastegik eta Elduainek elkarrengandik banantzea erabaki zuten, larre eta baso komunei buruzko eztabaidak zirela eta. Horrela, biek osatzen zuten 71 km2 lurretik gaur egungo 45,83ra igaro zen Berastegi.

 

Bustiñeneako karobia

Ondasun nabarmenak


Udaletxea

1699an hasi ziren eraikitzen eta lanak 1734an amaitu zituzten. Gipuzkoako gainerako udalerri guztietan ez bezala, Berastegiko udaletxea parroki elizatik urrun altxatu zuten. Dirudienez, horren arrazoia herriko Kontzejuaren eta elizaren babesle ziren Berastegiko Jauntxoen arteko tirabirak izan ziren. Eraikin barrokoa da, apaingarririk gabea, fatxada alde batetik bestera zeharkatzen dion inposta-banda salbu. Fatxada nagusiko kareharri landua gainerako fatxadetako entokadurarekin konbinatzen da. Fatxada nagusiko armarri polikromatuaren koloreak oso orijinalak ditu. Udaletxeko arkupean frontoi txiki antzeko bat dago. Barnetik, oraindik ere bere zurezko egitura, solairuetako oholtzak eta karrerapeko zurezko kasetoidura dotore bat mantentzen ditu. Denera 2.300 m² baino gehiago ditu. Eraiki zutenean egur eta harri ona erabili omen zuten, baina ia ez dago berrituta, aldaketa gutxi egin dira ordutik hona. Areto nagusia da ondoen zainduta dagoen gela. Garai bateko kartzela ere bere horretan dago, 20 m²ko bi solairu dituena. Gaur egun, herriko agintariak udaletxearen zaharberritze proiektu bat prestatzen ari dira.


Udaletxea

Berastegiko dorretxea

Berastegi dorrea edota Jauregi dorretxea Gipuzkoako Berastegi udalerrian dagoen dorretxe bat da. Udalerria dagoen haranaren barne-barnean dago, Elizalde auzoan, Berastegiko eliza eta hilerriaren alboan. Gotiko estiloa du eta ondare kulturala bezala sailkatua dago. Ahaide nagusien eraikinetako bat zen. Erdi aroko gerra garai gogorren oroitzapena. Berastegi Dorrea parrokia elizaren ondoan dago.


Berastegiko dorretxea

San Martin Tourskoaren eliza

Eraikin hau oinarrian gotikoa da (1505) da eta XIII. mendeko atealde erromanikoa dauka. Era berean Anbrosio Bengoetxearen berpizkundeko erretaula du (1602). Gaur egun jainkotegi honetan kontzertuak ospatzen dira, hauen helburua gipuzkoar organoen kalitatea nabareraztea da (Berastegikoa adibide ona da). Sakristian altzairu polikromatuak daude. Landako atarian urte askotan zehar bizilagunen kontseiluak ospatu dira.


San Martin Tourskoaren eliza 

San Anton baseliza

Egungo baseliza auzolanean eraikia izan zen, 1918 inguruan, Gillermo Izagirre arkitekto tolosarraren zuzendaritzapean. Lehengo baseliza metro batzuk gorago zegoen kokatuta, 1675an eraikia izan zelarik. Eraikina sartzeko harrizko hormatxo batetako burdinazko atea ireki beharra dago. Baselizak aurrealdeak hiru arkudun arkupea du, ezkerrean dorrea eta eskuinean estalpe edo teilatua. Barnealdea, polikromatutako erretaula zentrala kontserbatzen du, santuaren irudi modernoarekin. Honen gainean, gurutzatutako Kristo handi bat agertzen zaigu.


San Anton baseliza

San Lorentzo baseliza

Ustez XIV. mendean eraikia izan zen. Egun, hutsik dago, baina, ustez Erdi Arokoak diren leihoak kontserbatzen ditu. 1340. urtean existitzen zelako datuak badaude; urte horretan, santuaren aldeko kofradia bat sortu baitzen: “Santxastingo-konpadria”. Oinplano laukizuzeneko eta egitura oso sotileko eraikina da. Harlanduz egina dago. Baselizan arkuharriak eta hormabularrak interes gehien pizten dutenak dira.

Kondaira: San Sebastian izurri eta legenarraren babestzailetzat hartzen zuten. Bertan monje bat bakarrik bizi izan zela kontatzen da. Egunero iturri batetara ur bila jaisten zen. Iturri hori oraindik ere Praile-Iturri izenez ezagutzen da.


San Lorentzo baseliza

San Sebastian baseliza

Ustez XIV. mendean eraikia izan zen. Egun, hutsik dago, baina, ustez Erdi Arokoak diren leihoak kontserbatzen ditu. 1340. urtean existitzen zelako datuak badaude; urte horretan, santuaren aldeko kofradia bat sortu baitzen: “Santxastingo-konpadria”. Oinplano laukizuzeneko eta egitura oso sotileko eraikina da. Harlanduz egina dago. Baselizan arkuharriak eta hormabularrak interes gehien pizten dutenak dira.

Kondaira: San Sebastian izurri eta legenarraren babestzailetzat hartzen zuten. Bertan monje bat bakarrik bizi izan zela kontatzen da. Egunero iturri batetara ur bila jaisten zen. Iturri hori oraindik ere Praile-Iturri izenez ezagutzen da.


San Sebastian baseliza

Santa Maria eliza (Eldua)

Santa Maria Elizaren historia XIII. mendean hasi zen, Nafarroako erregeen aginduz eraiki zenean. Mendeetan zehar, eliza hau elkargune izan da bertako komunitatearentzat, bertan biltzeko eta otoitz egiteko toki bat aurkitu baitu. Urteen poderioz, Santa Maria Elizak hainbat zaharberritze eta handitze jasan ditu, baina jatorrizko egiturari eta xarma gotikoari eustea lortu du. Gaur egun, inguruko erakargarri turistiko nagusietako bat da, bai edertasun arkitektonikoagatik, bai balio historiko eta kulturalagatik.

 

 

Informazio iturriak:

https://www.berastegi.eus/eu/

https://eu.wikipedia.org/wiki/Berastegi




Powered by Wikiloc
Powered by Wikiloc
Powered by Wikiloc

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina