2024(e)ko azaroaren 24(a), igandea

Urdazubi

 

Urdazubi herriaren lehenengo kokalekua, paleolito garaikoa da. Herriko leizeetan aurkitutako arrastoek duela 20.000 eta 30.000 urte inguru lurralde honetan pertsonak bizi zirela adierazten dute. Historiari dagokionez, X. mendean Agustina Sainduaren ordenakoek erietxe bat eraiki zuten, eta honen inguruan herriko lehenengo eraikuntzak eraikitzen hasi ziren. XIII. mendean Urdazubiko elkarte premostratenseak ohore eta onura ekonomiko on bat lortu zuen eta Santiagorantz zihoazen erromesentzat bide garrantzitsua bilakatu zen.


Urdazubiko lurrak

Erdi Aro eta Aro Modernoan zehar, Urdazubiko herritarren bizitza San Salbador monastegiaren bilakaerari estuki lotua egon zen, hala ere XV. mendearen bukaeran Urdazubi oraindik kalonje premostratenseen eskola zela erran daiteke eta gainera nortasun juridiko haundirik gabekoa. 1665. urtean epaitza batengatik kalonjeek Urdazubiko herritarrek beraiekiko zituzten betebeharrak gutxitu behar izan zituzten, eta urte horretatik aurrera herritar bezala aintzat hartu behar izan zituzten. 1756. urtean herritarrek monastegiaren aurkako auzi bat bultzatu zuten eta 1774. urtean Urdazubi, herria izatetik hiri izatera pasa zen. Geroago, 1784. urtean Gaztelako ganbarak ezarritako sententzia baten ondorioz Urdazubiko monastegiak inguruan zituen lurren zati haundi bat galdu zuen eta zituzten pribilegioak bukatu edo murriztu zizkieten, honela herritarrek askatasuna zuten beren lurrak landu eta ixteko, beren etxeak eraiki edo hobetzeko eta herriko lurrak erabiltzeko.


Urdazubiko etxeak 

XVIII. mendearen bukaeran Frantziako soldadu iraultzaileek monastegia eta bere dependentziak hustu eta erre zituzten liburutegia barne eta errota eta burdindegia suntsitu zituzten. Gerra honen ondorioz, Urdazubiko etxe gehienak suntsituak izan ziren, hau dela eta lurralde honetako eraikuntza gehienak XIX. mendekoak dira. Azkenik monastegiak gainbehera progresibo bat izan zuen XIX. mendearen lehenengo zatian eta mende honen erdialdean monastegiaren ondasunak partikularren eskuetara pasa ziren. Ordutik aurrera herriaren bizia ez zegoen monastegiari lotuta eta herritarrak izan ziren bere historiaren partaideak.


Urdazubi

Salbatoreko monastegia

Elizaren eraikuntza, baita Urdazubiko monastegi zaharraren gainerako ekipamenduak ere, denbora luze xamarrean egin ziren, obrak gauzatzea baldintzatu zuten hainbat gertakari historikoren ondorioz. Gaur egungo eraikuntza hau, ezin da ziur jakin noiz hasi ziren eraikitzen 1526. urtean Urdazubiko monastegian sute handi bat izan baitzen. Hala ere, XV. mendearen lehen zatian izan zela uste da. Monastegiaren berreraikuntza mendearen erdialdean hasi zen baino diru falta zela eta, obrak oso mantso egin ziren eta 1639. urtean bukatutzat eman ziren. Beranduago, XVII. mendearen erdialdean klaustroa eta elizari atxikitutako bertze dependentzia batzuk eraiki ziren. Obren bukaera monastegiaren une gorenarekin bat egin zuten bat eta oparotasun honek XVIII. mendearen bukaera arte iraun zuen.


Urdazubiko monasterioa edota San Salbatore monasterioa

1793. urtean izandako Konbentzio Gerran, Urdazubiko elizak sute ikaragarria jasan zuen eta bertan elizaren zati haundi bat, liburutegia eta monjeen dependentziak suntsitu ziren. Hau dela eta, monjeek monastegia denboraldi baterako utzi zuten eta ez ziren 1806. urterarte itzuli, une honetan bertze berreraikuntza bat hasi zuten. Gertaera politikoak zirela eta, XIX. mendearen lehenengo hamarkadetan monjeek behin baino gehiagotan utzi zuten monastegia eta 1839. urtean betirako desagertu ziren.


Urdazubiko monasterioa edota San Salbatore monasterioa

Zalantzarik gabe, herreriar estiloko fatxada gaur egun artearen ikuspuntutik interes handiena duen elementua da, bere soiltasun nabarmena nabarmentzen da, eusten zuen horma harlanduz eraikia zelako osoari sendotasun handia ematen diona. Fatxada nagusiaren ondoan dorrea erantsita agertzen da, azkena Kanpandorrea osatzen du.

Urdazubiko museoa herriko monastegian bertan kokatuta dago, lehendabiziko solairuan, izan ere, ezin liteke monastegirik gabe Urdazubiko historia ulertu. Monastegia  eraikin berezia da, lehenik eta behin premontretar ordenak Nafarroako Erresuman sortu zuen monastegi bakarra delako. Klaustroa, XVII. mende amaierakoa, edertasun handiko tokia da; ikusi besterik ez dago bertako soiltasuna, linea xumeak eta harlanduzko obra gorri bereizgarria. Multzoa, interpretazio- eta erakusketa-tokia ez ezik, klaustroaren gaineko begiratokia ere bada. Handik, arkitektura hau begietsi eta gozatzeko aukera paregabea izango dugu. Areto hau monasterioaren ibilbidea aurkezteko jokaleku gisa proposatzen da, erromesentzako ospitalea zenetik gaur egun arte egindako ibilbidea ikusteko. Ibilbide hori IX. mendean hasten da eta monasterioaren bilakaera erakusten digu; hain zuzen ere, done Jakue bidearen zati zahar hau egin zuten bidaiarien urratsak eta Urdazubiko historia eta bizimodua hurbilduko dizkigu.


Doneztebe baseliza

Doneztebe ermita

Alkerdi auzoan kokatua dago. XV. mendean eraikitako ermita laukizuzen bat da eta eraikuntza sinplea du. Sarrerako atea puntu erdiko ate bat da eta honen giltzarrian IHS agertzen da idazkera gotikoan, ermita honetan erretaula moderno bat dago eta bertan Esteban Sainduaren irudi bat kokatuta dago. 


Urdazubiko errota 

Urdazubiko errota

Herriko errota zaharra herriaren erdialdean aurkituko dugu, San Salbatore monastegiaren inguruan eta Ugarana errekaren ondoan. Ehoketarako erabiltzen den kanaleko ura herriaren zati eder bat da eta hau jarraitu ez gero, errotaren ateraino iritsiko gara. Hemen gidatutako ikustaldiak daude errotaren zatiak ikusteko eta bertan parte hartzen ahal da.


Urdazubiko errota 

Ikaburuko leizea

Ikaburuko leizea, Urdazubiko leizeek osatutako taldearen barnean kokatua dago eta Nafarroako Paleolito garaiko aztarnategi prehistoriko garrantzitsuena da. Inguru honetan egindako arkeologia-kanpaina ezberdinetan burilak, bizkar hostoak, karrakak, silexez eginiko arpoiak, hezurrezko josteko orratzak, janari hondarrak eta gizaki baten hilobia aurkitu dituzte. Aurkikuntza honen ondorioz, Paleolito garaiko gizakia Urdazubin orain dela 10000 urtetik 20000 edo 30000 urtera arte bizi zela jakin dezakegu. Aztarnategi arkeologikoak Magdaleniense maila hartzen du eta bere paretetan garrantzi handiko marrazkiak ikus daitezke. Haitzulo honen lehenengo aztarnak 1808. urtekoak dira, Independentzia Gerrako borroketatik ihesi zihoazen pertsonek gordeleku gisa erabili zituztenean. 1965. urteaz geroztik moldaketak egin zituzten turismoari begira eta gaur egun Urdazubiko udalarena da. Udalak barrualdea eta kanpoaldea apaindu zituen bisitariek toki eder honetaz behar bezala gozatu dezaten. Bisita gidatuaren ibilbidea 30 metro luze eta 23 metro zabal duen leku batean hasten da, leku honek estalaktitez jositako sabai bat du. Ondoren bisitaria Urtxume erreka jarraituz leizean zehar barneratuko da gida baten konpainian eta bertze geletan barneratuko da, hauetan estalaktitek eta estalagmitek osatutako irudi izugarriak ikusi ahal izango ditu.


Ikaburuko leizeak

Udaletxea

Herriaren sarreran kokatutako eraikuntza sinple bat da, aurreko fatxadan XVIII. mende bukaerako armarri neoklasiko bat dauka eta bertan ondorengo inskripzioa agertzen da: AL SR. DN. MARTÍN DE MICHELENA/ Y GOYENECHE/ CAV. DEL ORN DE SANTHIAGO/ EL MA SUTIL PATRICIO ZELOS/ RESTAVRADOR DE SVS DERECHOS/ CONSAGRA A LA VILLA/ EN OBSEQUIO DE SV GRATITVD/ ESTA MEMORYA/ AÑO DE 1786. Armarriaren inguruan ondorengo inskripzioa irakur daiteke: SIENDO ALLE DN JUAN NICOLS DE MICHELENA


Urdazubiko Herriko Etxea (Argazkia-Urdazubiko udala)

Indianobaita etxea

Herriko arkitektura zibilari dagokionez, kontuan izan behar da XIX. mendearen aurreko eraikin gehienak Frantziako tropek Konbentzio Gerran suntsitu zituztela. Indianoabaita Etxea da salbuespen horietako bat, XVIII. mendearen hasieran eraikitako eraikina da eta Urdazubi/Urdaxen zein inguruko beste herri batzuetan errepikatzen den eskema arkitektoniko bati erantzuten dio. Horrela, hiru altuera eta ganbara duen bloke kubiko baten aurrean aurkitzen gara, non fatxada nagusiaren erdiko aldea nabarmentzen den non puntu erdiko arku bat agertzen den alboetan pilastrez lagunduta, maila ezberdinetan errepikatzen dena.


Indianobaita etxea

Mitxelenea etxea

Izugarrizko neurriak dituen eraikuntza da eta 1770. urte inguruan eraikia izan zen, hemen ere aintzineko fatxadaren erdiko zatia nabarmendua izan zen.Eraikuntza honetan erdialdea bazterrak baino aurreratuago dago eta bazterretan ixkinarri haundiez osatutako zutabeak ageri dira, guzti hau triangelu forma duen frontoi batek osatzen du.


Mitxelenea argazkia (Argazkia-Urdazubiko udala)

Donpedroenea etxea

Konbeztzio Gerra ta gero 1786. urtean berreraikia izan zen. Eraikin honek ere hiru solairu ditu baino hauek ez daude inposten bidez bereiziak. Aurreko eraikuntzetan bezala, hemen ere triangelu formako frontoi bat agertzen zaigu baino honetan hutsalde bat agertzen da. Sarrerako atearen giltzarrian bitxikeri bat du, hemen aurpegi bat agertzen da eta honen azpian 1786 inskripzioa.


Donpedroenea etxea (Argazkia-Urdazubiko udala)

Karakoetxea etxea

Alkerdi auzoan kokatuta dagoen baserria da, honen arkitektura alderdi hauetan berezia da. Aurrekaldea hiru maila ezberdinetan banatua dago, lehenengo solairuan puntu erdiko harrizko arku haundia batek inguratzen duen gorape bat du eta bertan bi ate aurkitzen ditugu. Bigarren solairuan, egurrezko balkoi bat du eta bazterretan bi lehio daude. Azkenik, hirugarren solairuan fatxada guztian zehar kakotuta dagoen balkoi bat du eta paretan egurrez osatutako kareorea du. Etxeak, barroko estiloko bi armarri ditu eta hauetan ajedrezaren itxura duen irudia agertzen da, Baztan bailararen bereizgarri.


Karakoetxea etxea (Argazkia-Urdazubiko udala)

Axularren jaiotetxea
Urdazubiko haran idiliko hau, Xareta osatzen duten beste herriekin batera (Sara, Ainhoa eta Zugarramurdi), leize, kontrabandista eta sorginen istorioengatik ezaguna da, baina ezaugarri horiei beste bat gehitu behar zaio, euskal literaturako idazlerik esanguratsuenetakoa den Pedro Agerre Azpilkueta “Axular” (1556-1644) idazlearen jaiotetxea Urdazubin dago. Euskal idazle handienetakoa da, berak idatzi baitzuen “Gero” liburua, euskal literaturako lanik garrantzitsuenetakoa hain zuzen ere.

Axularren jaiotetxea




Urdazubiko milurteko haritza

 

Informazio iturriak:

http://www.urdax.es/eu/

https://eu.wikipedia.org/wiki/Urdazubi

https://baztan-bidasoa.com/eu/bidasoaren-herrialdea/urdazubi-urdax/

 

 

 


 




Powered by Wikiloc

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina