2024(e)ko azaroaren 4(a), astelehena

Donibane Garazi

 

Donibane Garazi Euskal Herriko udalerri bat da, Nafarroa Beherea lurraldean, Garazi eskualdean, Luzaide, Beherobia eta Lauribar ibaien arteko elkargunean (Errobi ibaia osatzen dute). Nagarroa Behereko hiriburua da, baita Garazi eskualdeko eta Beherobiko ibareko hiriburua ere. Era berean, Bortuez Bestaldeko Merindadeko hiriburua izan zen, Nafarroako Erresuman zegoenean. Donibane Garazi 7 auzotan banatuta dago, eta honako hauek dira: Alde Zaharra, Eiheraberri, Larraburu, Larroinea, Lauribar, Portalebuaue eta Uganga.


Powered by Wikiloc


Donibane Garazi

Donibane Garazi XII. mendean sortu zen, artean Nafar Erresumaren altzoan. Orreagara zijoan erromatar galtzarekin lotu eta Santiago Bideko puntu garrantzitsu bihurtu zuen, Europatik zetozen ibiltari gehienak bertatik pasatzen baitziren, Iruñeara bidean. Hiriaren sorrera garaikoa da Santa Eulalia eliza, eta herriaren gainkaldean dagoen gaztelu zaharra ere garai berekoa izan liteke.


Errobi ibaia

XIII. mendean Antso Azkarra erregeak gotorleku izaera eman zion. XV. mendeaz geroztik, hainbat guda, konkista eta gatazkaren lekuko izan dira bere hormak. Garai haien ondorengo moduan, Mendigurengo zitadela edo herrigune historikoa inguratzen duten harresiak bisitatu daitezke gaur egun.


Zitadela karrika

Pirinioen magalean eta Errobi ibaiaren ondoan aurkitzen da Donibane Garazi. Bere historia aberatsa Nafarroako erreinuari eta Donejakue Bideari (Jondoki Jakobe) lotuta egon izan da. Gotorleku eta pasabide izateak izaera berezia eman die bai garaztarrei eta baita bertako kaleei ereHiriburuak kale bizi eta alaiz osatutako herria da, eta nola ez, bisita on bat merezi duena.


Elizako atea

Eta horixe da ibilbide zirkular honetan egingo duguna, Alde Zaharra alderik alde ezagutu eta inguruaz gozatu.


Donibaneko harresiak Erdi Aroan eraikitako eta Pizkundean zabaldutako defentsa sistema bat da. Goi hiriko harresiak, XIV eta XV. mendekoak dira, eta oraindik lau ate mantentzen dituzte. Dorre gehienak eta Erdi Aroko harresia koroatu zuten defentsak galdu dituzte, segur aski Donibane Garazin, 1521eko uztailean. 1685ean, Sébastien Le Prestre de Vaubanek Donibaneko Zitadela eraiki zuen harresien mendebaldeko sekzioan eta existitzen ziren defentsak hobetu zituen.

Beheko hiriko harresiak 1691 hasi ziren eraikitzen eta 1719an amaitu ziren, 1728an egindako ukituekin. Ingurubidea duen horma bat da, zati batean arku txiki batzuez eutsia, alboetan lau gotorleku poligonal dituela eta aurretik lubaki bat duela. Atal honek ate bat du: Espainiako atea.


Harresiak

Espainiako atea hiriburuko harresietako ate bat da. Atea hegoaldera begira dago, Arnegi edo Orreaga Nafarroako Donejakue bidean, Eiheralarre eta Uharte Garazi datozen bideak hartuz. Gaur egun, Plaza Berriarekin lotzen da.


Espainiako atea

Espainiako karrika, Andredena Mariaren atea eta Espainiako atea lotzen ditu, Zitadelako kalearekin batera, hiriko kale nagusienetako bat da, bertatik igarotzen baita Donejakue bidea.


Espainiako karrika

Erromatar zubia, Alde Zaharraren Erdi Aroko goialdea eta Pizkundeko behealdea hiritik banatzen ditu, honela Zitadelako eta Espainiako kaleak elkartuz. Behorobiako Errobi ibaia zeharkatzen du. Nahiz eta erromatar hitza izan izenean, XIII. mendekoa den zubia da. Arku bakarrarekin eraikia, harri gorrixkaz osatua.


Zubi erromatarra

Andredena Mariaren atea, hiriburuko Alde Zaharrean sartzeko ateetako bat da. Hegoaldera begira dago. Antzina, Uharte Garazi, Luzaide, Orreaga eta Eiheralarrerako bideak irteten ziren hemendik, tartean, Nafarroako Donejakue bide. Hala ere, hiriko zabalgunea eraiki ondoren, beheko hiriarekin lotzen da.


Andredena Mariaren atea

Zubiburuko Andra Mariaren eliza, bezala ezagutua eta gaur egun Jasokuntza deitua, hiriaren erdian dago, gotorlekutik eta Errobi ibaitik gertu, Erdi Aroko harresiaren zati bat delarik. Elizaren ondoan dagoen eraikinak Andredena Mariaren ospitalea hartu zuen mende askoan, eta multzo bera osatu zuten elizarekin.


Zubiburuko Andra Mariaren eliza

Elizaren dorrea, Andredena Mariaren atearen gainean dago, zubi erromatarra Zitadelako karrikarekin lotzen duena. Oinarri erromanikoen gainean gotiko estiloan eraikia, elizak bi ganbera, bi tribuna solairu eta koru poligonal bat dituen nabe bat du. Bere barnean, XIX. mendearen erdialdeko organo bat dago, bi teklatuz eta pedal batez osatua. Jondoki Frantses Xabierrekoaren estatuaren atzean zegoen,2002 eta 2004 artean zaharberritze lanak egin ondoren, toki ikusgarriago batera joan zen arte.


Zubiburuko Andra Mariaren eliza

Zitadelako karrika, hiriburu zaharreko karrikarik ederrena da, Alde Zaharraren bihotza zeharkatzen duena, Jondoki Jakobe atea eta Andredena Mariaren atea lotuz.


Zitadela karrika

Apezpikuen espetxe museoa, Zitadelako karrikan dago. Apezpikuen Presondegia XIV. mendeko eraikuntza garrantzitsu bat da. Presondegi horrek oroitarazten du Donibane Garazi izan zela apezpikuen egoitza bat Avignongo Aita Sainduaren nahikundeaz, mendebaldeko Zisma haundiaren garaian. Kartzela, ilunpetako egoitza, zaindarien egonleku eta lurpeko gela ikaragarriek zirrara haundia sentiarazten dute. 


Apezpikuen espetxe museoa

Jondoki Jakobe atea, hiriburuko ekialdean kokatuta dago, eta ofizialki hemen hasten da Donejakue bidea. Okzitaniako eta Frantziako Donejaku bideetatik datozen erromesak Donazaharretik sartzen dira Donibane Garazira. Maddalengo kaperatik igaro eta gero,  ate honetatik Zitadelako karrikan barneratzen dira, hau zeharkatu eta Errobi ibaia erromatar zubitik igaro ondoren, Espainiako karrikara ateratzen dira, Erdi Aroko Donejakue bidean Orreaga aldera.


Jondoki Jakobe atea

Mendiguren gaztelua edo Donibaneko Zitadela. Lau gotorlekurekin, 1626 eta 1627 artean eraiki zuen Pierre de Conty de la Mothe dÁrgencourtek, eta, 1640 eta 1648 artean Nicolas Desjardinsek ukitu zuen. Mendebaldeko hormak 1540 etq 1560 urteen artean eraikitako artilleriako kasamatak ditu, hiribilduaren leialtasuna ziurtatzeko, beti Nafarroako Erresumari leial zitzaiona. 1668tik 1700era, François Ferry ingeniariak lan osagarriak egin zituen gotorlekuan: kasernak eta defentsa osagarri batzuk eraiki zituen, Sébastien Le Pestre de Vaubanen aginduei jarraituz. Hasierako planaren jarraitutasunean hobekuntz atxiki batzuk egin ziren 1728ra arte. XIX. mendean zehar ia ez zen aldaketarik izan gotorlekuan, XVII. mendearen lehen erdian Nafarroako arkitektura militarraren eredu ongi kontserbatua eta aparta izan zena.


Donibaneko Zitadela

Bi sarbide ditu, biak Zitadelako karrikatik. Mendebaldeko sekziotik, Garaziko behereko zatia eta Baigorriko ibarra ikusteko aukera dago. Berriki zaharberritua, gotorlekuak gotorleku bastioidunen  defentsa-sistema ulertze ahalbidetzen du, gotorleku eta zubi altxagarriz betetako lubaki eta harresiekin. Gainera, adibide berezia da, lurra erabat menditsua eta irregularra baita.


Harresiak

Erronda bidexka hartuz gero, harresien gainetik ibiliko gara. Eta bertatik kanpoko hiria ikus daiteke. Horien artean Mansart etxea.


Erronda bidexka

Mansart etxea, monumentu historikoen zerrendan inskribatuta dago eta bertan hiriburuko herriko etxea kokatzen da. Harresitik kanpo eraikia, Mansart etxea Charles de Gaulle enparantzan dago. XVIII. mendearen hasieran eraiki zen. Lehen urteetan, David Furre artile merkatariaren etxebizitza eta denda hartu zituen. Luis XIV.a estiloko hotel berezi honek, harri arrosaz eraikitako fatxada harmoniko bat du, hiriko beste hainbat eraikinek bezala. 1935ean, Donibane Garaziko herriko etxea eraikinaren jabe egin zen, eta 1950eko hamarkadan bertan ezarri zituen bere bulegoak.


Mansart etxea

Errondatik pasatzean ere, Frantziako atearen gainetik igaroko gara. Mendebaldera begira dago, Izpura, Jatsu eta Suhuskunetik datozen bideak hartuz. Gaur egun, Trinketeko enparantzarekin lotzen da. Eta Frantziako karrikatik Zitadelako karrikara heltzen da.

Errondatik jaistean, Elizako atea izen bereko karrikatik  zeharkatuko dugu. Ate honek Uharte Garazitik datozen bideak hartzen ditu eta gaur egun Charles de Gaulle enparantzarekin lotzen da.


Elizako atea

Abiapuntura itzultzeko hiriko Zubi berria hartuko dugu. Harresien perimetrotik kanpo geratzen den zubia hiru arkuekin eraikia da.


Zubi berria

Informazio iturriak:

https://eu.wikipedia.org/wiki/Donibane_Garazi

https://ehfurgo.eus/2017/10/15/donibane-garazi/





Powered by Wikiloc

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina