2025(e)ko otsailaren 15(a), larunbata

Laukiz

 

Inguru naturala eta kokapena

Mungialdeko herri hau Bizkaiko sinklinorian dago, geologiari erreparatuz, eta Bilbotik 15 kilometrora dago. Udalerriaren hegoaldean mendixka batzuk daude, batez beste 50-70 metroko altuerakoak. Mendietatik altuena 301 metroko Unbe mendia da. Mendixka hauetatik Butroe ibaira doazen hainbat erreka txiki jaisten dira, besteak beste, Amazkarai, Goiartzu eta Erreskondo. Erreka horiek igarotzen diren lekuetako baserrien izenak daramatzate.




Auzoak

Laukizko auzoak honakoak dira: Elexalde, Aurrekoetxe, Jose Antonio Agirre, Mentxakaeta eta Mendiondo.


Historia

Uribeko merindadeko elizate honek Gernikako batzar nagusietako 53. jesarlekua betetzen zuen. Herriaren jatorria, Laukizko Munio Munioruzetik dator. Izen hau Toda Ortiz Andreak emaniko Albonigako monasterioaren dohaintzan agertzen delarik.

Gizaldietan zehar nekazaritza izan da herriko jarduera ekonomiko nagusia, eta horrekin batera arto, gari, larre eta txakolinaren ekoizpenak bere garrantzia izan zuen. Herriak kirins ekoizteko zortzi errota zituen bere garaian. Dena den, Bilbo Handi eta Mungiako gune industrialdeetatik hurbil egoteak, herrian zeharkako eragina izan zuen arren, aldaketak nabariak izan ziren. Laukizko biztanleei nekazaritzaz gain, industria eta zerbitzuetan aritzeko aukera emanez.

1970eko hamarkadan herriko biztanleria bikoiztu egin zen «Unbe-Mendi» izeneko etxe multzoa eraikitzearekin batera. Etxe multzo hau, Unbe mendiaren maldetan eraiki zen 1975. urte aldera, eta garai hartan ingurune naturalagoa bilatzen zuten familien beharrizanak betetzeko egin zen, Mungiako «La Bilbaina» etxe multzoa bezalaxe. Horrez gain, aitatzekoak dira Unbe Gainan 1941 eta 1988 urteen artean Felisa Sistiagak edukitako Ama Birjinaren ikuskariak, agertutako lekuan Unbeko Ama Birjinaren kapera sortuz.


Ondarea


Udaletxea

Lauaxeta jaio zen etxea, gaur egungo udaletxea da.


Laukizko udaletxea

San Martin eliza

San Martingo parrokia 1748ean sortu zen, herriko fededunen eskutik, Mortarako markesari hamarrekoak ematen zizkietelarik. Bestalde, herrian bi baseliza zeuden, bata jada existitzen ez den Jesus Gurutzatuaren omenezkoa, eta bestea San Martingoa. Jesus Gurutzatuaren baseliza, gaur egungo udaletxetik bi kilometrora kokatzen zen.


San Martin eliza

Laukiztar ospetsuak


Esteban Urkiaga, "Lauaxeta" (1905-1937)

Esteban Urkiaga, "Lauaxeta" Laukizen jaio zen 1905ean eta Mungian bizi. Durangoko jesulagunen ikastetxean latina eta erretorika ikasi ondoren, abadetza-ikasketak egin zituen Loiolan eta Oñan, baina mezaberria eman baino lehenago utzi egin zuen komentua. Loiolan euskaltzaletu eta literatur zaletu zen, aita Estefania irakasle euskaltzalearen eta Euskal Akademia osatzen zuten lagunekin, Zaitegi eta Ibinagabeitiarekin, besteak beste, Garai hartan latineko klasikoen itzulpenak egin zituen.

Komentua utzi zuenean Euzkadi egunkari nazionalistan hasi zen lanean. Hasieran Orixeren laguntzaile izan zen eta, hau Orexara, Euskaldunak poema idaztera, joan zenetik aurrera, euskal orrialdearen arduradun. Garaiko bizitzaren gaineko kronikak idazten zituen egunero-egunero.

Europako literatura joerak ondo baino hobeto ezagutzen zituen, mitinak ematen zituen, kultur ekitaldi eta irratsaioetan parte hartzen zuen, euskara irakasten zuen, herri-abestien bilketa bultzatu zuen, poeta gazteei laguntzen zien. Hitz batean euskararen eta Euskal Herriaren aldeko langile nekagaitza zen Lauaxeta.

Espainian Francoren Altxamendua sortu zenean, zeregin guztiak alde batera utzi eta Eusko Gudarostean sartu zen. Komandante-graduarekin, milizien antolaketan eta propaganda-lanetan aritu zen. Gudari aldizkaria eta euskarazko Eguna egunkaria kaleratu zituen.

Eginkizun horietan ari zela, Gernikako bonbardaketaren ondorioez argazkiak egin nahi zituen kazetari frantses bati laguntzera joan zen. Faxistek preso harrapatu eta Gasteizera eraman zuten Lauaxeta. Heriotza-zigorra ezarri eta fusilatu egin zuten. Heriotzaren zain zegoela idazki hunkigarriak idatzi zituen.

1930ean I. Olerti-Eguneko sari nagusia irabazi zuen Maitale kutuna poemarekin. Hurrengo urtean lehen poema-liburua argitara eman zuen: Bide barrijak, estetika ere berrituz. Europako modernitatea euskaraz eman nahi zuen, gaia eta hizkuntza berritu: maitasuna, existentzialismoa, heriotza. Liburuak eztabaida sortu zuen euskaltzaleen artean planteatzen zituen ideia modernoak zirela eta.

Bigarren liburuan Arrats beran (1935) olerkigintza herrikoia landu zuen: herriko pertsonaiengan oinarrituriko balada, erromantze, irri-kantak. Herri poesia eta sinbolismoa uztartu zituen estilo berrituaz: musika, metaforak, kolore eta sentsazioak, denboraren iragana adieraziz.

Idazkera zaila dauka, garbizalekerien erabiltzailea, baina gainera apropos zailtzen zuen olerkia iradokizuna erabiliz eta mamia ezkutatuz. Euskalkietako esamoldeak, arkaismoak, herri-txokoetako hitzak, denetarik erabiltzen zuen. Antzerkia ere idatzi zuen: Asarre aldijaEpaiya, irria sortzeko eginak. BalbeakIru gudari itzulpenak dira. Ipuingintzan ere jardun zuen: Iluntzeko izarraEl fusil del abueloCampa de guztiz ederra, gerra garaiko giroa erakutsiz. Euskadi nazioa bakezaletasunean eta kulturan eraikitzearen aldeko zen; zuzentasuna arrazoiaren indarrez defendatu behar zela idatzi zuen sarri. Euskadi ikasia eta kulturaduna nahi zuen, herria kulturaz jantzi beharra zegoela eta abertzale ezjakinik ez zuela onartzen esaten zuen.


Esteban Urkiaga "Lauaxeta"

 




Informazio iturriak:

https://www.hiru.eus/eu/literatura-vasca/esteban-urkiaga-lauaxeta-1905-1937

https://eu.wikipedia.org/wiki/Laukiz

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina