2025(e)ko otsailaren 21(a), ostirala

Gares

 

Garesko udalerriak Belaskoain Zabaltza eta Zizurrekin mugatzen du iparraldean, Legarda eta Obanosekin ekialdean, Mendigorriarekin hegoaldean eta Mañeru, Artazu eta Girgilanorekin mendebaldean. Gares iparraldetik hegoaldera zabaltzen da 1.000 metrorako hurbileko altueretatik (Hiriberri, 922 metro) ibarreko hondoko 344 metrora jaitsi arte, Arga ibaiaren bazterretan hain zuzen ere.

Powered by Wikiloc


Gares herria El Reductotik 


Jatorriz zonalde osoa artadi erraldoia zen erkametz eta aritzekin batera. Egun, lurralde zati handi bat lehorrezko laborantzez beteta dago (garia eta garagarra batik bat). Hala ere lehorrezko laborantzak ureztatze sailetan eraldatzen ari dira heltzen den Nafarroako ubidearen adarretariko bat dela kausa.

Eremuko baso soiltzeak basobera bultzatu du sasien artean ezkaia, belaxet eta oilaga nagusiak izanik. Ordea baso-berritzea pinu landaketaren bitartez egin da, bereziki larizioa, Austriako beltza eta karraskoa.

Historia

“Hasieran zubia zegoen”. Hitz hauekin Garesko historiari buruzko liburuari hasiera ematen dio Jimeno Juriok. Gure herriko inguruetan Neolitikoaren amaiera eta Kalkolitikoaren hasierako aztarnategiak atzeman dira. Hala ere herriaren jatorria oso lotuta dago zubi erromanikoarekin. XI. mendean zubira zihoan Donejakueren bide ondoan etxe-multzoa sortu zen. Gares Donejakueren bideko herri baten adibide argia da. Geroxeago, 1222. urtean, Alfontso I Borrokalariak Ponte de Argako biztanleei (de la Reina ere izenekoa) Lizarrako forua eman zien.


Susoko portalea edo erlojuarena 

XII. eta XIII. mendeetan, Donejakue bidearen goren aldian, goieneko uneak bizi izan zituen Garesek. Herriko altxor arkitektoniko batzuk mende haietakoak dira, esaterako Gurutzifika eta Donejakue elizak (XII. mende hasierakoak), Hirukoiztarren komentua (XIII. mendea) eta Sancti Spiritusen Komendadoreen gomentua (XIII. mendea).

Donejakueren bidearen gainbeherak ez zuen eraginik izan Garesen. XVI. eta XVIII. mendeetan garapen urbanistikoa bizi izan zuen herriak: San Pedro eliza eraiki zen, Donejakue eliza, Hirukoiztarren eta Komendadoreen komentuak zabaldu eta zaharberritu ziren eta plaza eta Cubiertos-en etxea (egungo udaletxea) eraiki ziren.


Garesko Kale Nagusia

1512. urtean Nafarroa konkistatua izan ondoren herrietako gazteluak eta harresiak suntsitu zituzten Gaztelakoek. Hala ere Garesko harresia hondamendietatik libratu zen. Egun Harresi Zaharra kalean eta Foruen pasealekuan harresi zaharraren aztarnak ikus ditzakegu oraindik.

XIX. mendeak ere eragin frankorik izan zuen Garesen. Nafarroako ekialde eta mendebalde arteko harremanetarako toki estrategikoa izanik, Karlisten gerla gordinen eszenatoki garrantzitsua izan zen. Inguruko ia muin guztietan karlisten gotorlekuen aztarnak ikus daitezke. Baina Garesko berpizkundea, ia mila urte herria sortu ondoren, Donejakue bideari esker izan da. Hainbat mende iraun zuen gainbehera igaro ostean egun Konpostelarako bidea indarrez berpiztu da. Milaka erromes eta turistek zeharkatzen dituzte Garesko kaleak bertokoen abegikortasuna aurkituz.

Juan Mena plazaren arkupea

Zer ikusi

Erromesaren oroigarria

Herrira heldu aurretik Arrizabalagarako bidegurutzean erromesaren oroigarria ikus dezakegu, Iruñeako errepide zaharrean paraturik dago, Sonportetik datorren bidea heltzen den tokian bertan.


Erromesaren oroigarria

Gurutzeko eliza

XII. mendearen bukaerakoa da, Tenpluko ordenak Baratzetako Andre izenarekin sortu zuen. 1312an ordena hori kanporatu ondoren, 1443an Jerusalengo Joan ordena militarra tenplarioek herrian zituzten ondasunez jabetu zen. XV. mendearen erdian, elizaren ondoan, San Joandarren komentua sortu zen, bai eta ospitale ere, Santiago de Compostelarantz zihoazen erromesak zaintzeko. 1469an Gurutzearen kofradia Ospitaleak ematen zuen harreraz arduratu zen, bai eta elizari izena ere eman ere. Desamortizazioen eta Karlistaldien ondotik, urtetan abandonatua, 1919an Jesusen Bihotzeko Aitek multzo osoa bere gain hartu zuten, eta horri esker kontserbatu da.


Gurutzeko eliza

Gurutzeko eliza

Harresi zaharrak (Saieterak)

Gares herria eta, oro har, Izarbeibar bailara karlismoarekin lotutako kokalekua izan zen tradizioz. Bidegurutze garrantzitsu batena, eta Iruñerantz eta Lizarrarantz joateko igarobidean, Gares operazio militarren gune bihurtu zen karlisten eta liberalen arteko aurreneko gerra piztu zenean, 1833an. Plazak oso eginkizun garrantzitsua izan zuen bi karlistaldietan. Gainera, herriko etxeetan, Gurutze kaleko hesi-hormetan eta Sancti Spiritus monasterioko hesi-hormetan saieterak egin zituzten fusilak jartzeko. Gerra segida baten ondorioz, Garesko inguruaren itxura tradizionala aldatu egin zen, eta herriari berari eta herritarrei porrota eragin zieten. Ermitak kendu egin zituzten goraguneetatik, militarrentzako fortinak eta gotorlekuak egin zituzten, eta kainoiak jarri horietan. Egun, haien hondakinek herria inguratzen oraindik


Harresi zaharrak (Saieterak)

Susoko portalea edo erlojuarena

Iruñea-Logroñoko errepideak Donejakue bidea zeharkatzen du Gurutzifika kalearen amaieran. Errepidez beste aldean Kale Nagusia hasten da. Albo banatan bi dorre daude Garesko Erdi Aroko harresiaren aztarnak.

Goiko portalea Kale Nagusira sartzeko dorre handiaren beheko aldean dago eta garai batean herriaren gerriko harresituaren barnean sartzeko aukera ematen zuten lau portaleetako bat izan zen. XVI. mendetik aurrera Erlojuaren portalea deitzen hasi ziren, Donejakue eliza berritu behar zutela eta, hango dorreko erlojua portalearen mendebaldeko fatxadan jarri baitzuten. Erlojua jarri ahal izateko, estalki berria jarri behar izan zuten portalearen dorrean eta, gotorgune zaharrean, erlojuaren mantentze-lanez arduratzen zen erlojugilearen sutegia jarri zuten. Eroago, dorre-portale honi Pilotarena esaten hasi zitzaizkion. Egoera kaskarrean zegoenez, eta igarotzeko bidea estua zenez, 1800. urtearen inguruan, eraitsi egin zuten, eta haren tokian egun pasabidearen alboetan dauden bi dorretxeak egin zituzten.  


Susoko portalea edo erlojuarena 

Donejakue eliza

Done Jakue eliza Nafarroako Gares udalerrian dagoen eliza erromaniko bat da. Garesko Alde Zaharreko Kale Nagusian dago, Donejakue bideak karrika hori zeharkatzen du. Nafarroako kultura ondasuna dago.

Done Jakue Nagusiaren eliza XII. mendean eraiki eta XVI. mendean berreraiki zuten. Eragin moriskoa duen atari handi ikusgarria du, Bibliako pasarteei buruzko eskulturak ditu.

Barnealdean, bi eskultura gotiko daude: Done Jakue apostolua eta San Bartolome, biak aurrez aurre. Erretaula nagusia begien aurrean duten bisitari jakin-nahiak arakatzen dituzte bi-biek lasaitasun iraunkor hartatik.


Donejakue eliza

Bigarren ataria askoz ere ikusgarriagoa da. XIII. mendearen hasieran eraikia, bere bost arkiboltak nabarmendu behar dira, bai eta eragin moriskoa duen barnealdeko arku lobulatua ere. Denboraren joanak nabarmen higatu ditu arkiboltetan dauden eskulturak. Lehenbiziko tenpluaren osagai erromaniko grisak ederki bereizten dira berpizkunde garaiko silarrietatik, azken horiek hobe kontserbatu baitira.

XVI. mendearen erdian eraikina bere osoan berritzeari heldu zioten eta, eliza zaharraren gainean, latindar gurutzeko bat eraiki zuten. Nabeak bi tarte zituen, gurutzadura, transeptua, burualde poligonala eta naberantz irekita dauden lau kapera txiki. Izar itxurako gurutze-gangen bidez estalia dago.


Donejakue eliza

Kanpandorre oktogonala du, gehienetan zikoinek zaindua, eta eliz atarian zutabez osaturiko burdin hesia, pitxerren bidez bururatuak. Bi elementuak XVI. mendetik XVIII. mendera eraiki zituzten, Ventura Rodriguezen proiektu baten arabera. Gizon hori bere garaiko arkitektorik hoberenetakoa izan zen.

Elizaren barnealdea oso zabala da eta gureganaino hainbat pintura, eskultura eta erretaula iritsi dira. Done Jakueri eskainitako erretaula nagusia nabarmenduko dugu, XVIII. mendekoa. Elizako hormei atxikiak eta bata bestearen aurrean, tenpluak garrantzi handiko bi eskultura gotiko ditu, biak XVI. mendekoak: San Bartolomeren harrizko irudi polikromatua, handi-handia, ia tamaina naturalekoa, eta Done Jakue Apostoluaren zurezko irudi bikaina, hori ere polikromatua. Herrian Done Jakue beltza esaten diote, aurpegia iluna duelako. Irudi horrek apostolu erromesa irudikatzen du, eta bere tamainagatik nabarmentzen da, bai eta bere begi eta bizarren tratamenduagatik ere.


Donejakue eliza

Hirukoiztarren komentua

XII. mendean sortu, XVI. mendean zabaldu eta XVIII. mendean zaharberritua izan zen. Donejakue elizaren parean kokaturik dagoen komentu hau Mendizabalen desamortizazioaren ondorioz udalaren eskura igaro zen. Egun jabetza pribatukoa da. XVIII. mendean zaharberritutako fatxadan aski narriatutako apaingarriren bat ikus dezakegu oraindik.


Hirukoiztarren komentua 2

Jauregiak

Kale Nagusian zehar Erdi Aroko eta Errenazimenduko hainbat atari eta Barrokoko hainbat fatxada ikus ditzakegu. Jauregi sorta garrantzitsu honek kale nagusiari ezin erkatuko edertasuna ematen dio.


Jauregiak 

Julian Mena plaza eta Cubiertos-en Etxea

Cubiertos etxea edota Regadio etxea Nafarroa Garaiko Izarbeibar eskualdeko Gares udalerrian dagoen eraikin bat da. Gaur egun, Udalaren egoitza edo udaletxea da. Arkupez osaturiko Julian Mena plaza edo Plaza Nagusi ederrean dago, Garesko Alde Zaharrean.

XVII. mendean eraiki zen eta aurrealdea erdi-puntuko hamahiru arkuz osatutako arkupea du, haien pean merkatu edo azoka ospatzen zen. Lau solairuko garaiera du, lehenbizikoa harlanduz egina, eta gainontzekoak adreiluz, bigarren eta hirugarren solairuetan balkoiak ere baditu, antzina plazan ospatutako zezenketak ikusteko tribuna gisa erabiltzen zirenak. Teilatuak hegal bikoitz oso ateria du. Barnealdean, XVII. mendeko zilarrezko mazo bat gordetzen da. Udaletxearen parean plaza itxiz, beste bi eraikin daude, bata modernoagoa da eta udaletxearen egitura berdina du, kasu honetan bederatzi arkuez osatutako arkupearekin.


Julian Mena plaza eta Cubiertos-en Etxea1

Vinculo etxea

Zubi erromaniko ondoan altxatzen den eraikin ederra da. Duela urte batzuk zaharberrituta, egun Turismo bulegoa eta erakusketa aretoa da.


Vinculo etxea

Zubi erromanikoa (XI. mendea)

Garesko zubi erromanikoa XI. mendeko arku-zubia da, Arga ibaia Garesen zeharkatzen duena, Nafarroa Garaiko Izarbeibarren. Bertatik igarotzen da Donejakue bidea, Garesen elkartzen baitira Orreagatik datorren bide nagusia eta Somportetik datorren adarra. NA-7040 errepidearen eta San Pedro kalearen artean kokatua dago, eta alde zaharreko mendebaldeko sarbidea da.

Historia

XI. mendean eraiki zuten, Antso III.a Gartzeitz Nagusia erregearen emazte Munia Gaztelakoaren aginduz, Donejakue bideko erromesei Arga ibaia zeharkatzea ahalbidetzeko. Herriari gaztelaniazko Puente La Reina («Erreginaren Zubia») izena eman zion.


Zubi erromanikoa

Ezaugarriak

110 metro luze da, eta bertatik 4 metro zabal den galtzada iragaten da. Zubiari erdi puntuko 6 arkuk eta 5 zutarrik eusten diote.

Donejakue bidea egiten duten erromesen deboziozko santuen irudiak ditu zubiak. Bestalde, gurutzea eta harrizko gurutzea ere bazituen, bai eta usadioz espetxeetako presoei laguntza emateko helburuz zubitik igarotzen ziren erromes eta bisitariek euren diru eskaintzak uzteko lekua ere. Mendeak igaro hala, baina, gurtza adierazpen horiek desagertuz joan ziren. 1834. urte arte, zubiaren erdian bazen Puiuko Andre Mariaren edo Txoriaren Ama Birjinaren irudia zuen horma-hobi bat, Txoriaren kondaira deritzonaren gertalekua. 1843an Ama Birjinaren irudia ibaitik hurbil dagoen San Pedro elizara eraman zuten.


Zubi erromanikoa

Sancto Spiritus-en Komendadoreak (XIII. mendea)

Ibaia igaro ostean, zubi erromanikotik joanez, ezkerretara jo eta Iruñea-Logroño errepidea zeharkatu ostean hainbat metro ekialderantz egin behar komentura ailegatzeko. Arga ibaiak herria banantzen duen zonalde honek Zubiurrutia izena du eta bertan Erdi Aroko asentamendu bat egon zen.


Sancto Spiritus-en Komendadoreak 

San Pedro eliza (XVI. mendea)

San Pedro eliza Nafarroako Gares udalerrian dagoen eliza gotiko bat da. Garesko Alde Zaharraren hego-ekialdean eta Emilio Arrieta eta San Pedro kaleen arteko izkinan dago, Arga ibaia eta Garesko zubi erromanikotik hurbil.

XIV. mendean eraiki zen eta XVI. mendeko gotiko berantiarreko burua du, XVIII. mendean arras eraldatua izan zen. Elizaren barruan Puyko Ama Birjina dago. Dorrea Santos Angel Otxandategi arkitekto neoklasikoak egin zuen.


San Pedro eliza 

Harresiaren aztarnak

Foru pasealekuan barrena joanez gero, herri erdirako norabidean, ezkerraldeko etxebizitzetan aspaldiko harresiaren aztarnak ikus ditzakegu.


Harresiaren aztarnak

La casica del puente


La casica del puente

Donejakue bidea

 

Donejakue bidea

Informazio iturriak:

http://www.puentelareina-gares.es/eu/

https://eu.wikipedia.org/wiki/Gares

 




Powered by Wikiloc

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina