2025(e)ko martxoaren 21(a), ostirala

Agurain

Powered by Wikiloc

 

Agurain Arabako ipar-ekialdeko udalerri bat da, Arabako Lautadako kuadrillako burua.  Herriaren izena Agurain da euskara batuan. Gaur egun ere Oñati aldeko euskaldunen artean bizirik dagoen Salbaterra izena erabiltzea ere zilegi da, batik bat historia alorreko idazkietan. Izen ofiziala, berriz, Salvatierra / Agurain da: Salvatierra gaztelaniaz, eta Agurain euskaraz. Historikoki, Hagurahin izenez ageri da 1025eko Donemiliagako goldean. 1256an, Alfontso X.a Jakituna Gaztelako erregeak Hagurahin izen zaharraren ordez Salvatierra ezarri zion, hiri forua eman zionean.


Agurain

Historia

Agurain hiria Alfonso X. Gaztelako errege “Jakitunak” eraiki zuen 1256 urtean, “Hagurahin”-go baserriaren gainean. Baserri horri buruzko lehenengo agerpen idatzia 1.025ean, San Millán de la Cogollako “Burdinsarean” aurki dezakegu.


Santa Maria plaza

1368an Nafarroako Carlos II. “Gaiztoak” errege hiri izendapena eman zion. Agurainek liskar handiak sortarazi ditu Nafarroa eta Gaztelako koroen artean bere kokagune estrategikoagatik.


San Juan plaza

1371ean Gaztelako Koroaren menpe gelditu zen erabat. 1382an Juan ll.-ak Aiarako etxeari luzatu zion Agurain “Salvatierra Konterri” moduan. Carlos I. izango da 1521ean Aguraindarrek “Komunitateen Gudan” Koroari erakutsitako atxekimenduaren ondorioz “Konterri eskubide” hori deusezteko balio duen Errege Zedula luzatuko duena. Bi urte beranduxeago, Carlos I.-ak ere “Herri Leial” izendapena emango dio. 1564-ko udaberrian izurri batek herria soildu zuen. Urte honetantxe, hain zuzen ere, abuztuaren 1ean, sute batek ia osorik erre zuen Agurain. Gaur egun ezagutzen dugun herria, berriz, ondorengo berreraikuntzaren ondorio da.


Ondasun nabarmenak

Hirigune harresiduna


Aguraingo hiribildu harresitua, Araban bere harresien artean  bere historia propioa modu egokian kontserbatzen duen tokietako bat da.

XVI. mendean  sute handia pairatu zuen arren, oraindik ere mantentzen du bere Erdi Aroko egitura, baita harresiak eta elizak ere; San Juan eta Santa Maria eliza gotikoak, eta San Martineko baseliza erromaniko bitxia.


Erdi Aroko harresiak

Bere kaleak jauregi barroko eta errenazentistaz beterik daude, antzinako judu-auzoa ere badu, baita merkataritzarako Olbea izeneko arkupe bereziak ere. Oraindik ere kaleek oso nabarmen mantentzen dute jaun-izaera.


Erdi Aroko harresiak

Arrameleko Atea


Arrameleko atea

Antzinako hiltegia

Etxe honetako atzealdea harresiaren zati batek osatzen du. Independentzia Gudan harategi gisa erabili zuten. Aurrealdean “Biande” hitza irakur dezakegu.


Antzinako hiltegia

Alargunen Etxea

Alargunen Etxea Aguraingo eraikin zibil zaharrena da, XIV. eta XV. mendeen artean eraikia. Litekeena da hasieran defentsarako dorretxea izatea, kokapenagatik eta beheko murruen loditasunagatik. 1564ko abuztuan Agurain suntsitu zuen sutea gainditu zuen etxe zibil bakarra izan zen, baina ez dago bere egoera orijinalean XVII. eta XVIII. mendeetan berritu egin zenez. Eraikitako euskal ondare nabarmen gisa katalogatua dago Aguraingo Hirigune Historikoaren barruan.


Alargunen etxea

Udaletxea

Aguraingo udaletxea Agurain herriko udalaren egoitza da, herrigune historikoan dagoena, eta eraikitako euskal ondare nabarmen gisa katalogatua dago. Eraikin konplexu bat da, historikoki fusionatu ziren beste hiru eraikinen multzoa, 2005eko erreforma eta errestaurazio handi batean berregina.


Udaletxea

Parterik zaharrena San Martin eliza da, Aguraingo eraikin zaharrena, eliza erromaniko bat jatorrian, 13. mendekoa. 2005eko erreformarekin, udaletxearen barruan, literalki alde guztietatik estalia eta babestua, geratu den eraikina da, salbu eta kanpai-horma, zeinak irteera duen gainetik.

Elizaren ondoan alondegia eraiki ziren, eta udaletxea edo kontzejuaren etxe zaharra, zeinaren parte bat espetxe ere bazen. Beste bi egitura hauek XVI. mendekoak ziren izatez, baina hiru eraikinek eboluzionatzen jarraitu duten, eta alondegia 1847an berreraiki zen adibidez.


Udaletxea

San Martin baseliza

San Martin eliza XIII. mendean eraiki zen, Aguraingo eraikin kontserbatu zaharrena da eta eraikitako euskal ondare nabarmen gisa katalogatua dago. Erromanikoa da, elementu protogotikoekin. Gaur egunean Udaletxeko kapera da, eta 2005. urteko erreformatik literalki udaletxearen barruan dagoen eraikina da. Literalki alde guztietatik estalia eta babestua dago, salbu eta kanpai-horma, zeinak irteera duen gainetik.


San Martin baseliza

XVI. mendera arte kontzejua biltzeko gune zen, eta 1582an erabaki zen bileretarako lokal bat egin behar zela, bilerak elizatik kanpo egiteko. Horrela beste eraikin batzuk joan zitzaizkion inguratzen ondoan, udaletxea izango zena eta alondegia, mendeekin bat egingo zutenak.


San Martin baseliza

Santa Maria eliza

Santa Maria eliza Aguraingo eraikin erlijiosoa da, eliza-gotorleku izan zena.1984an Espainiako Gobernuak kultura ondasun izendatu zuen.

XV. mendearen bukaera aldera eraiki zuten aurretiko baseliza baten gainean eta Aguraingo harresien parte izan zen. Estilo gotiko berantiarrean egina da. XVI mende hasieran ataria egin zuten eta XVII mendean sakristia. Sakristia handia da eta izkinan bakoi eder bat dauka. Kanpai-horma ere XVII mendekoa da. 1806an Manuel Antonio Carvajok egindako organoa ezarri zuten.

Oinplano errektangularra eta hiru habearte ditu, erdikoa beste biak baino zabalagoa eta altuagoa da. Burualde poligonala dauka. Mendebaldeko fatxadan hiru kofradurako kanpai-horma barrokoa du.


Santa Maria eliza

San Juan eliza

San Joan eliza Aguraingo eraikin erlijiosoa da, XV. mendean eraikia. 1984an Espainiako Gobernuak kultura ondasun izendatu zuen.

Hasiera batean gotorlekua izateko asmoarekin eraiki zuten baina1564an Agurainen izandako sute batek eliza erre zuenean eliza bihurtu zuten. XVII. mendean kanpai-horma bat eraiki zioten gurutzaduran eta ondoren kanpandorre barrokoa altxatu zuten. Koruan dagoen organoa XIX mendean eraiki zuen Juan Monturusek.

Oinplano errektangularra dauka eta estilo gotikoan eraikita dago. Eliz ataria eraikinetik kanpora irteten da eta hiru arku ditu, erdikoa nabarmen handiena. Estilo barrokoan eraikita dago.

Barnealdean altuera desberdineko hiru habearte ditu eta girola zuzen bat ere bai. Erretaula nagusia XVII. mendekoa da. Mateo Zabalak hasi zuen 1646an eta Pedro Obrelek amaitu 1660an. Erretaula barroko klasizista da. Egileorreko Ama Birjinaren XIV. mendeko irudi bat dago sakristian.


San Juan eliza

Azkarraga etxea

Azkarraga etxea Agurainen dagoen hiri-jauregia da. 1999ko uztailaren 20an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Aguraingo hirigune zaharra monumentu multzo dela aldarrikatuta dago, eta oinplanoan betetzen duen lurrak laukizuzenaren itxura dauka, nahiz eta, orubearen taiukera aldapatsura egokitzeko, ertzetan formak oso-osorik zaindu ez. Hirigunearen egitura kale paralelotan oinarritzen da, luzetara jarrita. Ertaroan eraikitako hiribilduetako etxediak luze antzekoak izaten direla kontuan izanda ere, kasu honetan nabariak dira eraikitako sakontasunen arteko diferentziak: horretara, batzuek kainua edo zanga daukate luzetarako ardatzean; etxadiok zedarriztatzeko balio duten kaleetako batera daukate pendiza beste eraikin batzuek; eta badira bi aldeetara ematen duten eraikinak ere.


Azkarraga etxea

Kale Nagusiaren eta Zapatari kalearen artean eratutako etxadi zerrendako ipar ertzean dago Azkarraga etxea. Eraikinaren kokagune den lursaila ez da erregularra, eta etxadiaren ipar aldeko ia erdia hartzen du, eta hegorantz luzatzen da Zapatari kalera ematen duen aldetik. Ipar-ekialdeko ertzean, Azkarraga etxetik hurbil samar, jabetza horrekin zerikusirik ez daukan etxebizitza eraikin bat dago, eta kalte gogorra egiten dio Azkarraga etxearen ikus eremuari.

Azkarraga etxearen taiukerak agerian uzten du eraikin jarea dela, eta, beraz, eraiki zen garaitik aurrera ez dela bere itzulinguruko lur azaleran ezer eraiki. Ezaugarri hori da, hain zuzen, hirigune zaharreko gainerako eraikinetatik bereizten duena. Hala ere, eraikina kokatuta dagoen lursailaren egungo mugaketa ez dator bat hasieratik eraikinaren menpekoak izan ziren lurrekin. Badirudi eraikinari lotuta dauden eremurik zaharrenak, batetik, mendebaldera dagoen terraza dela, antzinako garaietan kainoa izan zen partearekin bat datorrela ematen baitu, eta bestetik, lorategia, Kale Nagusiko antzinako sailak hartzen ditu eta. Higiezin horri erantsi zaizkion gainerako lurrak, ordea, jabeek gerora eskuratutako aldameneko eraikin sailen ondorioz gehitu zaizkio.


Azkarraga etxea

Begoñatarren etxea

Begoñatarren etxea Agurainen dagoen hiri-jauregia da. 1993ko apirilaren 20an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

XVI. mende bukaera eta XVII. mende hasieran egindako eraikina, euskal jauretxe estilokoa. Orubea, errektangulu formaduna da, ez erabat perfektoa. Hiru solairu ditu eta ganbara bat teilatu azpian. Teilatuak, bi aldetara jotzen du eta gailurra, berriz, aurrekaldeari begira dago. Etxegintzarako erabilitako osagaia, batez ere, harria da, zenbaitetan landua eta ez hain landua beste zenbaitetan. Horrez gainera, azpimarratu egin behar da zuraren eta burdinaren erabilera ornamendurako osagaietan. Etxeak lorategiak ditu eraikinaren atzekalde eta ezkerraldean.


Begoñatarren etxea

Pedroko Klaratarren Komentua

San Pedro komentua, Klaratarren ordenakoa, Aguraingo eraikin bat da, komentua bera eta eliza bat hartzen dituena. Bere aurrealdeak Harakin kalera ematen du, eta atzealdean eraikinak bat egiten du herrigune historikoko harresiarekin.

Beata edo doatsuak esaten zitzaien emakumezko erlijiosoak baziren Erdi Aroko Agurainen. 1446. urtean, etxe baten dohaintza jaso zuten, eta komunitatea eratu zuten bertan. 1564. urteko sutean suntsitu zen, eta monjak San Martin baselizan bizitzen jarri ziren.

1611. urtean emakumezko hauek Klaratarren ordenarekin bat egin zuten[. Aldi berean, baimena eskatu zuten harresiaren parte bat okupatzeko, bertan leihoak irekitzeko, eta baratze bat eta putzu bat egiteko: horrekin hasi zen egungo eraikinaren historia. Komentuari itsatsitako elizaren eraikuntza 1679. urtean hasi zen eta sei urte iraun zuten.


San Pedroko Klaratarren komentua

21. mendean monjek gozokiak egiten dituzte, eta bisitak eta egonaldiak antolatzen dituzte.

Elizak hiru nabe ditu, erdikoa alboetakoak baino zabalagoa, eta ez da gainaldetik nabarmentzen. Azpimarratzekoak dira inposta gaineko arkua duen erdi puntuko sarbidea eta Aguraingo armarria. Elizarik badagoela adierazten duen elementu bakarra harresiaren gainean eraikitako kanpai-horma da. Harlanduz egina dago, kanpaientzako bi hutsarteekin, eta frontoi triangeluarraz errematatzen da.


San Pedroko Klaratarren komentua

Olbeak

Aguraingo Olbeak Arabako herri honetako arkupe berezi batzuk dira, San Juan plazako eta Zapatari kaleetako arkitekturan integratuak, Aguraingo Hirigune Historikoan.

Eraikitako euskal ondare nabarmen gisa katalogatua dago multzo jakin hau, eta Aguraingo San Juan plazako 1. zenbakitik 8.era hartzen du plazaren parean, eta jarraian iparralderantz eta gorantz geratzen diren Zapatari kaleko 1., 5., 7., 9., 11 eta 13.a zenbakiak hartzen ditu. Beste olbea multzo bat badago Agurainen, Andra Mari plazako olbeak, baina beste horiek desberdinak dira: arkupe hutsa dira, teilatuarekin, non eta San Juan eta Zapatariko olbeek gainean etxe eraikiak dituzten.


Olbeak

Agurainen euskara desagertu ondoren ere, bertako gaztelanian olbeas esaten zitzaien elementu hauei, eta euskarazko hitza dira berez: ohol-beheak dira olbeak, oholez egindako arkupeak baitira azken batean.


Olbeak

Obdulio Lopez de Uralderen artelanak


Obdulio Lopez de Uralderen artelanak

Obdulio Lopez de Uralderen artelanak

Sorginetxe trikuharria

K.a. 2.500. urtearen inguruko trikuharria, Arrizalan kokatua. Arabako Lurralde Historikoko behe-lurretako trikuharrien taldearen barruan sailkatua.

Sorginetxeko trikuharria Arrizalaren alboan dago kokatuta, Aguraingo hegoaldean, eta Neolitoan eraiki zuten. Garai hartan, artzainek horrelako eraikuntzetan lurperatzen zituzten hildakoak, eta XIX. mendearen amaierako indusketetan aurkitutako hezur-aztarnak dira horren adierazgarri argienak.

Ganberak 6 harlauza ditu osagai. Euretako bat jausi egin da, eta beste harlauza handiago batek estaltzen du. Trikuharri horren inguruko kondaira asko daude, eta, euretako baten arabera, sorginek eraiki zuten. Beraz, izen hori darama gaur egun.


Sorginetxe trikuharria

 

Informazio iturriak:

https://eu.wikipedia.org/wiki/Agurain

https://agurain.eus/eu/udalerria/turismoa

https://www.c2.nekar.com/eu/informacion-general/?localidad=37






Powered by Wikiloc

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina