2024(e)ko urriaren 12(a), larunbata

Amaiur

 

Amaiur eta gaztelua, gaztelua eta Amaiur. Harria eta herria, herria eta harria. Bata bertzearekin elkartuta dauden bi hitz dira; zer litzateke Amaiur gaztelurik gabe? Baina, zer litzateke historia gazteluaren ondoan herri bat egon ez balitz? Amaiur, Maier, Maya…izen desberdinak aurkitu ditugu historiako liburuetan, baina nondik heldu da izena? Zein da bere erranahia? Uraren ama, bukaera, amaierako urrea, urrearen ama…nork daki!


Amaiur herriaren  ikuspegi zabala

Amaiur 1665ean banandu zen Baztandik, eta 1969an, alegia, hiru mende gerora, berriz ere bat egin zuen Baztanekin. Herriaren sarreran arkua dago, herriaren ataria da eta herri-gunearen muga adierazten du. Arkua baino lehen, XVII. mende bukaerako gurutze-harria dago. Amaiur, ohiko karrika herria da, kilometro erdiko luzeran hedatua. Etxeen aitzinaldeak ez daude lerrokatuta, eta ez dira denak berdinak; hartara, karrikaren monotonia hausten da, eta perspektiba ezin hobeak ematen ditu. Amaiurko etxeak arkitekturaz anitzak eta aberatsak dira; izan ere, ibarreko kategoria tipologiko gehienak ageri baitira bertan.


Amaiurko errota 

Amaiurko errota

Artxibo iturrien arabera, 1280. Urtean, Amaiurko errotak diru saria ordaintzen zion Nafarroako Erresumari. Horregatik, Amaiurren aspaldi errota zegoela erran dezakegu. Errota hau, XVIII. mendeko erdialdekoa dela uste dugu, nahiz eta eraikinean 1897 data duen harri tailatua egon.


Amaiurko errota

Amaiurko errotak iraganeko jarduera gogorarazten dio bisitariari. Herriko etxe dotore baten beheko solairuan dago. Hala nahi izanez gero, taldeek errota eta bere funtzionamendua ezagutzeko parada dute, bisita gidatuei esker. Horrez gainera, hango talo gozoak dastatzen ahal dituzte. Partikularrek errota bisitatu nahi izanez gero, taloak dastatzeko ezarri den ordutegian egiten behar dute. Errotan, gainera, saltzen da han bertan egiten den irina, artoarena zein gariarena.


Jasokundeko Andra Mariaren eliza
        Jasokundeko Andre Mariaren eliza 

XVI-XVIII mendeen artean hainbat aldiz berreraikia izan zen. Barnean “Cavaille-Coll” markako organo erromantiko eder bat dago.


Jasokundeko Andre Mariaren eliza eta gurutzea

Amaiurko gurutzea 

XVII. mendearen amaierakoa da.


Arkua 

Jakue iturria

Amaiurko arkua

Herrigunearen hegoaldeko sarbide nagusian dago, Jasokundeko Andre Mariaren elizaren aparkalekutik datorrena. Arkuak Kale Nagusiari hasiera ematen dio.


Arkeologia zentroa

Arkeologia zentroa

2020ko abuztuan irekia, zentroak gazteluari buruzko erakusketa museografiko iraunkorra eta bertan Aranzadi Zientzia Elkarteak indusketa lanetan topatutako aztarna arkeologikoak biltzen ditu.


Arretxea jauregia

Arretxea jauregia 

XV. edo XVI. mendean eraiki zen. Aspaldian bertan batzarrak ospatzen ziren.


Borda jauregia 

Borda jauregia 

Borda jauregia 1702an eraiki zen, negozioetan gorantz egin zuen Amaiurko familia baten isla gisa: Borda familia1728an bere jabeek jauregi hau Armategi Buru (gaztelaniaz Cabo de Armería) mailara goratzea lortu zuten.


Pilareko Amaren baseliza


Pilareko Amaren baseliza

Amaiurko gaztelua dagoen muinoaren oinean dago, baselizaren kokalekua gaztelu hartara igotzeko ohiko abiapuntua da. Oinplano laukiluzea du.


Amaiurko gaztelua

Amaiur eta bere gazteluaren inguruko lehen erreferentziak Behe Erdi Arokoak dira, XII. mende ingurukoak. Maier izeneko herri batean ba omen zen gaztelu bat, eta haren ardura zen Baiona-Iruñea bideko saria biltzea. Zaintzako postua zen, inguruko segurtasuna bermatzeko paratua.


Amaiurko gaztelua

Lauaxetak zioen bezala, “200 gudari oso sumin”ek urtebete iraun zuten gazteluan. Hala ere, 1522ko uztailean, Gaztelako armadak Amaiurko gaztelua setiatu zuen eta barnean gotortuak zeudenak aterarazi zituen, borroka egin ondoren. Erraten ahal da, ezbairik gabe, momentu erabakigarria izan zela, eta orduz geroztik Amaiur eta bere gaztelua Nafarroako historiaren parte izatera pasatu ziren. Ondoko urte eta mendeetan gazteluaren hondarrak eta hondakinak zernahitarako erabili ziren, bertzeak bertze, harrobirako. Inguruko etxeetan eta elizan baliatu ziren gazteluko harriak. Geroago gotorlekua izan zen, Konbentzio gerraren garaian.


Amaiurko gazteluko monolitoa

XX. mendera arte, Amaiurko gaztelua, Nafarroako historialarien ahotan ibili da. XX. mende hasmentan, abertzaletasunaren sorrerarekin bat, nafar abertzaleek gaztelua gogoratzeko monolitoa goratzea erabaki zuten, gaztelua zegoen muinoan. Arturo Campioni, Iturralde y Suiti eta bertze hainbat sustatzaileri esker, 1922. urtean monolitoa inauguratu zen, eta laster nafartasunaren ikur bilakatu zen. Tokiaren sinbolismoa ikusita, 1931. urtean bonbaz zapartatu zuten. Diotenez, Falangeko segitzaileak izan ziren. Gaur egun, gazteluaren inguruko amildegietan, sasi artean, monolito haren hondarren bat ikusten ahal da.


Amaiurko gazteluko monolitoa, atzean Alkurruntz mendia 

1982. urtean, herriko gazteek Amaiurko Gaztelu Elkartea sortu eta monolitoa berreraiki zuten. Berehalaxe bilakatu zen berriz ere nafartasunaren eta askatasunaren ikur. Urteak pasatu ahala, belarrak eta sasiak inguratu zuten monolitoa. Berriz ere Amaiurko herriaren eta Gaztelu Elkartearen ekimenez, 2006an hasi zen Aranzadi Zientzia Elkartea inguru horiek arakatzen, eta handik aitzina egindako lanek arrunt aldatu dute bistan duguna. Indusketa arkeologikoei esker, lurpean gelditu ziren oinarriak agertu zaizkigu eta, hauekin batera, gure HISTORIA: gudu zelaian aurkitutako lehendabiziko ezpata, atea, ur putzua…

Aranzadikoak eta amaiurtarrak lan bikaina egiten ari dira auzolanean. Harrien bila etorri eta Herria aurkitu dutela diote.


Informazio iturriak:

https://www.amaiur.eus

https://www.valledebaztan.com/eu/amaiur

https://baztanturismo.eus/es/pueblos-baztan/amaiur

https://eu.wikipedia.org/wiki/Amaiur



 


Powered by Wikiloc

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina