2025(e)ko urtarrilaren 25(a), larunbata

Ziortza-Bolibar

          Historia

Udalerriko aztarna zaharrenak erromatar garaikoak dira. Etapa honen ondoren isilaldi bat zabaldu zen, XI. mendera arte iraun zuena, erlijio-gune txiki batzuk sortu zirenean: Arta, Ziortza eta Bolibar.


Ziotza-Bolibar2

Erdi Aroan Ziortzako Kolegiata nabarmentzen da. Ziortza edo Zenarruza izena 1082. urtean agertu zen lehen aldiz dokumentu idatzietan. Hala ere, tradizioz esan ohi da 968. urtekoa dela bertako eliza. 1380. urtetik aurrera hainbat abadek hartuko zuten Ziortzako buruzagitza. Lehenengoa Pedro Martínez de Marquina izan zen. Ziortzan gailendu zen abadea Diego Irusta izan zen eta berari esker, Ziortzan 1526an desagertutako ostatua eraberritu zen. Halaber, Irusta abadeak sortu zuen Ziortzan lehenengo liburutegia.


Ziortza-Bolibar

Aro Modernoan, Simón Bolívar “Zaharra”, Simón Bolívar “Askatzailearen” bostgarren aitona, maiorazkoaren legeak derrigortua, Ameriketara joan zen. XVI. mendearen amaieran, Bolibarrera itzuli, kaparetasun froga egin eta berriro Ameriketara doa. XVIII. mendean, Konbentzioko Gudan (1793-1795) Markina eta Busturiako merindadeetako konpainiak Ondarroako hiria babestera joan ziren, kostaldeko hiri hau mehatxatuta  zegoelako.


Ziortza-Bolibar
XIX. mendean, Bigarren Gerra Karlistan (1872-1876), Santa Kruz Apaiza elizate honetara etorri zela esaten da. XX. mendeko bigarren erdialdean, 1969an Markina-Xemeingo udalerriarekin anexionatu zen. Hamarkada batzuk geroago, 2004ko azaroaren 30ean desanexioa lortu ondoren, Udal berria sortu zen 2005eko urtarrilaren 27an, Ziortza-Bolibar izendapenarekin.​
Ondasun nabarmenak
Ziortzako monasterioa
Kondairak dio 968ko Jasokunde Egunean, bertoko fededunak Gerrikako Santa Luzia elizan zeudela. Meza entzuten zeudela, arrano batek eliza horretako hilobi batetik garezur bat hartu zuen, hatzaparretan eroan, eta Ziortzako kokagunearen gainean askatu ei zuen, sasien gainera jausiaz- Hantxe eraikiko zen eliza. Hantxe, Bizkaian inoiz egon den kolegiata bakarra, gaur egun monasterioa dena. Ahozko tradizioak kontatzen duena harri gainean landuta geratu da betirako: Ziortzaren armarria arrano ageri da, garezurra hatzaparretan.
Kalagorriko apezpiku Don Gonzalo de Menak berreraiki eta handitu zuen Ziortzako Andra Mari eliza, eta 1380an eman zituen argitara abadetxearen arau izango zirenak. Sute handi batek Ziortzako zati handi bat erraustu zuen 1954ko urriaren 15ean. Ospitale zaharra, abadetxe berria, klaustroaren alboko etxe batzuk eta klaustroa bera erre ziren orduan. Urteetan hustura egon ostean, berriz, Nafarroako Olibako monasteriotik etorritako komunitate zistertarreko fraideek bizi berria eman zioten Ziortzari.
Ziortzak Euskadiko monumentu nazional izendapena dauka gaur egun. Hona hemen multzo historikoaren atalak:



Eliza: Jatorrian XIV. mendekoa da, gotiko estiloari dagokio. Barruan, Bizkaiko organo aspaldikoenetakoa gordetzen du. Eliza barruko zein atariko eskultura eta taila multzoa azpimarragarriak dira.


Portikoa


Klaustroa: Berpizkunde garaikoa.


Klaustroa

Mendebaldeko atea: Erlijio gunerako ate nagusia da, puntu erdikoa eta Muxika-Butroi familiaren armarriagaz.


Mendebaldeko atea

Ekialdeko atea: Armarri bera ageri da honetan, eta baita aipatutako arranoa eta garezurraren irudia era.


Ekialdeko atea

Aintzinako erromesen ospitale zaharra: Berreraiki egin da azken urteotan, eta ibiltarientzako ostatu modura egokitu. Kostatik igarotzen den Done Jakue bidearen hito garrantzitsuenetakoa da Ziortza, eta Bolibar herritik kolegiataraino jatorrizko galtzada edo bidarria gorde da. Altxor bat ibiltarientzako.​


Arkupea

Santo Tomas eliza eta Coromotoko Andra Mariren kapera

Santo Tomas da Bolibar herriko zaindaria. Neguko jaiok urtero ospatzen dira. Santo Tomas eliza, herriaren beste hainbat adibide esanguratsu legez, Erdi Arotik datorren altxorra da. Nabe bakarrekoa da, eta gurutze-ganga dauka. Gotorleku-elizaren egitura dauka, eta zentzu horretan azpimarratzekoak dira bere bi dorre zilindrikoak. Barruko erretaula neoklasikoa da, bertan San Tomasen irudia nagusitzen delarik. Atarian Venezuelako zaindaria den Coromotoko Andre Mariaren kapera eraiki zen 1959an, "Askatzaileari" egindako onmenaldi batean, lehen zegoen beste baten ordez.


Santo Tomas eliza

Bolibarko eliza eta Ziortzakoa gatazka gordinean ibili ziren hainbat urtetan, lurraldearen kontrola zela eta. Azkenean, 1380an, Juan Iak, Bizkaiko Jaun eta Gaztelako Erregek Ziortzari Kolegiata izaera eman zion, eta beraz, lehentasuna Bolibarren aurrean.


Coromotoko Andra Mariaren kapera

Simon Bolivar museoa

Simon Bolivar Museoko bildumak Erdi Aroko bizkaitarren bizimodua eta Amerikako hainbat nazioen "Askatzailea" izan zen Simon Bolivarren ibilbide pertsonala eta politikoa erakusten ditu. 1983ko uztailaren 24ean inauguratu zuten, Simon Bolivarren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatzeko.

Ziortza-Bolibarren dago -aurretik La puebla de Bolibar (Markina-Xemein)-, Simon Bolivarren arbasoen jaioterrian, alegia, Errementarikua izeneko baserrian. Santiago Bidea ere bertatik igarotzen da. Beheko solairua bisitarien harrera gela da, eta bertan Bolivarren ikonografia dago ikusgai. Lehenengo solairuan, aldiz, Erdi Aroan zehar ibilbide bat egiten da: Erdi Aroko bizimodua eta paisaia, eliza Erdi Aroan, jarduera ekonomikoak, burdinolak eta hirien sorrera.

 Bestalde, bigarren solairua Simon Bolivarri eskainita dago, eta honako gai hauek jasotzen dira: Bolivarren bizitza eta genealogia, Europara egindako bidaiak eta herrialde bolivartarren independentzia. Bestelako objektuak ere daude ikusgai.


Simon Bolibar museoa

Maria Madalena baseliza

Zeinka-Zearregi auzunean dagoen ermita gotiko honek hegoalde eta mendebaldeko fatxadetan bi arku zorrotz ditu. Hegoaldeko eta mendebaldeko fatxadetan bi arku-zorrotz mantentzen ditu. Barrualdean nabarmentzekoak dira Maria Madalenari eskainitako aldare nagusia eta irudi herrikoiak. Ermitaren ondoan bolatokia dago. Bolatoki honetan "hiru txirlo" izeneko jokoa egiten da.


Zeinka-Zearregiko Andra Mari Madalenaren baseliza

Simon Bolibarren monumentua

Monolitoa ere deitzen zaio. 1927an Venezuelako Gobernuak eraiki zuen eta Pedro Ispizua izan zen egilea. Familiaren armarria eta "Askatzailearen" irudiaren brontzezko baxuerliebea ditu.


Simon Bolibarren monumentua

Longa Jeneralaren monumentua

​Monolitoaren aurrean, plazan bertan, frantsesen aurkako Independentzia gudan gailendutako jeneralaren oroitarria (1783-1831), Tomas Martínez Arteaga eskultoreak egina.


Longa generalaren monumentua

San Pedro baseliza

Arta auzunean dagoen ermita honen absidean hareharriz eginiko leiho aurre erromaniko bat dago. Atarian, baselizara sartzeko arku-zorrotza ikus dezakegu. Barrualdean, presbiterioan zurez egindako errosel bat -zerua- eta San Pedroren irudia.

Frontoi txiki bat du alboan.


Artako San Pedro baseliza

San Lorenzo baseliza

Arta auzunean dago eta barroko garaian handitutako ermita da nahiz eta jatorria gotikoa izan. Erretaula nagusia, barroko erakoa, San Lorentzori eskainita dago eta alboko erretaulak San Jose eta San Ildefonsori.


San Lorenzo baseliza

Emeterio eta Zeledonio Santuen baseliza

Arta auzunean dagoen baseliza hau oin errektangeluarra duen ermita herrikoia da. Baseliza honetan Anitxu baserriko kideak lurperatu ziren 1597an egondako izurrite baten ondorioz. Ondoan, "hiru txirlo" jokoa egiten den bolatokia.

 

Emeterio eta Zeledonio santuen baseliza

Bolibartarren jauregia 


Bolibartarren jauregia

Informazio iturriak:

https://www.ziortza-bolibar.eus/eu-ES/Orriak/default.aspx

https://eu.wikipedia.org/wiki/Ziortza-Bolibar

https://www.euskadi.eus/eu/museoak/simon-bolivar-museoa/web01-a2garrai/eu/




Powered by Wikiloc

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina