2024(e)ko irailaren 14(a), larunbata

Etxekoa arrotz!


Azkenaldian bidaiatzea eta munduko hiri, herri eta paraje desberdinak ezagutzeko grina hedatu da gure artean. Turismoa kontsumo-produktua bihurtu da, zalantzarik gabe. Horrek, ekonomian, gizartean eta ingurumenean duen eraginaz nire iritzia izan arren, ez dut blog honetan plazaratuko, hori ez baita blog honen helburua.

Urrutiko lurralde, herri eta hirietako ondare naturala eta historikoa ezagutu gura dugu, bakarrik, lagun, lankide edo familiakoekin esperientzia horiek partekatuz. Bidaiatu aitzin, leku horien guztien historia eta geografia landuko ditugu, bizi nahi dugun esperientzia ahalik eta aberatsena izan dadin. Eta gero, bidaia “zoragarria” amaitu ostean, gure ingurukoei bizi izandakoak kontatuko dizkiegu haien interesa piztu nahian. Edo gaur egun egiten den lez, bidaia-trofeoak sare sozialen bidez partekatuz.

Urrutikoa dugu helburu, baina gertukoa ezagutzen al dugu?

Nire aburuz, bidaia zale aunitz edo gehienek, interes gehiago dute kanpokoaz, geureaz baino. Gure historia eta kultura arrotz egiten zaizkie askori, ez dute kanpokoarekin erakusten duten interes bera agertzen, ezta gutxiago ere. Bidaia-kontsumitzaile horiek apenas bisitatu dituzte gure herri eta hiriak, ezezagunak egiten zaizkie horien kale eta inguruko parajetan izkiriatu diren gure historiaren pasarteak, gure bizitzan eta kulturan eragina handia izan duten gertaerak.

Ba, horixe da blog honen helburua, etxekoa arrotza gerta ez daigun euskal herriak ezagutzera ematea.

Bidaia on!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina