2024(e)ko irailaren 26(a), osteguna

Ospitalepea

 

Ospitalepea (zubereraz Ospitaleta), Zuberoako ipar-ekialdeko udalerri bat da, Pettarra eskualdean kokatua, Bearnoarekiko mugan. Erdi Aroan, bazen han bidaiarientzako ostatu bat, ugari baitziren Donejakue bidea egiten zuten erromesak. Garai hartan ostatuei ospitale deitzen zitzaien, eta hortik datorkio herriari izena.


Ospitalepeako eliza erromanikoa 

Garesa heldu aurretik lau dira beilariek nagusiki erabili ohi dituzten bideak Europatik Santiagora iristeko: Via Turonensis (Tours), Via Lemovicensis (Vèzelay), Via Podiensis (Le Puy) eta Via Tolosane (Arles). Lehenengo hiruak Izuran elkartzen dira eta laugarrena, berriz, Somporteko mendatea gainditu eta Jacatik barrena abiatzen da. Hala ere, Arlesko bidean harrera-aterpetxe garrantzitsuena izan zen Ospitalepea aldera beste bide bat zabaldu zen Erdi Aroan, Oloroen desbideratu, Ospitalepeatik igaro eta Maulera iristen zena. Handik, Urdiñarbera eta Donaixtitik pasatuz beste hiru bide nagusiekin bat egiten zuen Izuratik gertu.

 

Ospitalepeako eliza erromanikoa

Unescok Munduko Ondare izendatu duen Ospitalepeko eliza Erdi Aroko ospitale fundaziotik zutik dagoen bakarra da. XII. mendeko eliza erromanikoa oso bitxia da eta dekorazioan eragin hispaniar-mozarabea nabarmen daiteke. Ganaduaren babeslea den Saint Blaise-ri eskainia da eta gaur egun ere, inguruko nekazariek eta abeltzainek erromesaldia egin ohi dute otsailaren 3aren ondorengo igandean.

 

Ospitalepeako eliza erromanoikoaren portikoa

Ospitalepeako San Blasen irudia

Eliza txikia da baina oso aberatsa eta bertan dagoen argi eta soinu sistema batek leku horren esanahia ulertzen laguntzen du. Hainbat hizkuntzatan ematen da, baita euskaraz ere, zubereraz hain zuzen. Ordutegia: egunero 10:00-19:00.

 

Ospitalepeako eliza barrutik

Eliza erromanikotik oso gertu, errekaren ondoan errota bat ikusiko dugu.


Errota

Errota





Powered by Wikiloc


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina